Idoia Sobrino
Gaur ortzirala. 48 ordu eta… Txisssspun! Txupinazorik ez, baina ospakizunaren hasieran egonen gara Baztanen, urte eta erdi lanean aritu ta gero behin eguna iritsita. Eta hau poza! Baina zutabe hau idazten ari naizen honetan, ez dakit zerk pozten nauen gehien: Oinez eguna izateak, Baztanen ospatzeak edo preseski egun hau behin iritsita jada gure “lana” bukatuko dela jakiteak.
Eta ez da gutiagorako ere… Ez naiz ni izan lanez lepo egon den hamarnaka horietarikoa, baina antolakuntza barnetik nola doan ikusi ahal izan dut, batzordeetako batean boluntario gisa parte hartu dudalako. Eta hortxe hitz gakoa: boluntarioak. Baztanen jende anitzek eskaini dio azken urte eta erdi hau era boluntarioan Oinez-i, egunero inurrien modura lan eta lan. Eta anitz izan gara lan horrek guztiak merezi ote duen pentsatu dugunak, helburuekin ados gaudenak baina bidea gozatzeko ere badela pentsatzen dugunak.
Badaude dudetan paratzen ez diren aferak, noski: euskararen alde egitea merezi du, Nafarroa Oinez bat ospatzea merezi du. Baina Oinez egunaz gain egiten diren bertze hamaika jarduera, ekitaldi, ateraldi, aldizkari, bideo, kontzertu, publizitate… Eta horiek ekartzen duten lan karga guztiak merezi du? Erantzun positiboa dute, dudarik ez, eta urrian Nafarroa Oinez eguna iritsiko dela gogorarazten digute urte guztian, baina zeren truke? Hori da galdera.
Jakin badakigu Oinez baten antolakuntzan gehien inplikatzen diren pertsonak, haurrez gain, andereño, maisu, ikasle ohi eta gurasoak direla, eta nik ikusi dudanarengatik, gogoz inplikatu ere. Baina ikusi dut baita bere familia bizitzari, egunerokotasunak dakarren lanari, etxetik kanpoko bakoitzaren betebeharrei nola urte eta erdiz Oinez-i eskainitako ordu guztiak ere sartu behar izan dituzten. Egunero-egunero, urte eta erdiz. Harritu nau nola hainbertze jende gai izan den hori dena emateko. Eta horrela daude, erreta. Eguna noiz pasako orduak kontatzen… Ilusioz egon beharko genukeenean, ezta?
Eta ez gaizki ulertu; ilusioa daukagu, nola ez! Duela 33 urte Baztanen ez genuela Nafarroa Oinez bat ospatzen. Urte anitz dira gure ikastola Nafarroan dauden gainontzeko ikastolekin elkarlanean dabilela; urte anitz, bertze herrietako ikastolen besta ospatzen dugula; urte anitz, urria ailegatuta beti harat eta honat ibiltzen daramatzagunak. Eta gaurgero zuek denak gurera etortzeko gogoz ginen!
Baina nik, bertze anitzek bezala, Oinez-en prestaketaren eredu hau ikastola komunitatearentzat onuragarria ote den galdetu diot neure buruari, eta ondokoekin anitzetan solastatu ere bai. Helburuak zeintzuk diren argi dut, ados nago, baina formak? Hausnarketa sakon baten beharra ikusten dut nik; fite iritsiko den hausnarketa, espero.
Baina bueno, penak kanpora! Bidea gozatu ezean, goza dezagun eguna! Erran bezala, lan handia egin dugu, ikastolak behar zaituzte, eta dena prest daukagu! Igandean zuen zain egonen gara! Gora Nafarroa Oinez! Gora Baztan Ikastola! Hamabortz, ama bat!