Herri oso bat zigortzeko

Herri oso bat zigortzeko

Nafarroan baino anitzez ere lehenago hasi ziren Aragoin (Espainia) Esako urtegia handitzeko proiektuaren aurka borrokan. Artieda herria izan da lan horren ikur. 1985etik aurre egin dio egitasmo horri. “Eta ordainarazi nahi digute orain; herri oso bat kriminalizatu nahi dute, herri oso bat zigortu”.

Sergio Palacinenak dira hitzak (Artieda, Aragoi, 1991). Esako zortzietako batenak. Herri horretako zortzi pertsona inputatu dituzte, 2012. urtean Artiedan Esaren aurka protesta egiteagatik. Palacinentzat lau urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute. Esako Zortziak plataforma martxan da hari eta gainerako auzipetuei babesa emateko (8deyesa.org).

Esako urtegiko pareta Nafarroan da, eta azpiegitura horretan dauden segurtasun arazoek, batez ere, herrialde horri eragiten diote; Zangoza herriari, bereziki. Arazo horiek piztu zuten Nafarroan Esa handitzeko lanen aurkako borroka, hain zuzen ere. Zangozan, adibidez, 2007an osatu zuten Esa + Ez plataforma, 2006an ezkerreko magalean lur-jausi handia gertatu eta gero. Ordurako, bide luzea egina zuten Artiedan, haien lurren alde.

Kolpeak eta salaketa

Lur horiek desjabetzera joan ziren Ebroko Ur Konfederazioko teknikariak Artiedara, 2012ko urriaren 10ean. Ohi bezala, herriko sarreran elkarretaratzea eginez erantzun zuten herritarrek. Egun hartan, Guardia Zibilarekin joan ziren konfederazioko kideak Artiedara, eta protesta egiten ari zirenei oldartu zitzaizkien, gogor. “Protesta erabat baketsua egiten ari ginen; haurrak eta zaharrak ere baziren han. Guardia zibilak gu jotzen hasi ziren, eta geure burua babestu bertzerik ez genuen egin”, nabarmendu du Palacinek. Hamahiru pertsona zauritu zituzten. Salaketa jarri zuten guardia zibilen kontra, baina ez zuen aurrera egin.

Aurrera egin zuen, ordea, Artiedakoen aurka Guardia Zibilak aurkeztu zuenak. “Guri oldartu eta gero, alde egin zuten. Ez zuten inor atxilotu, ezta identifikatu ere”, gogoratu du Artiedako gazteak. Oldarraldia gertatu eta hainbat egunera, Palacin Guardia Zibilaren etxera deitu zuten, bertze hainbat herritarrekin batera, deklarazioa egitera joateko. “Argi dugu nolanahi erabaki dutela nor inputatu”. Sergio Palacinekin batera, haren aita Miguel Angel Palacin eta Oscar Ara lehengusua ere badaude zerrendan. Haientzat ere lau urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute.

“Desordena publikoa, agintarien kontrako atentatua eta lesioak eragitea egotzi digute; gutako bati sei urte eta erdiko zigor eskaera egin diote; denera, ia 37 urteko espetxe zigorra nahi dute guretzat; erabat neurriz kanpoko eskaera da; guk ez genuen deus egin, eta gure kontrako prozesua bidegabekeria hutsa da”, salatu du Palacinek. Zigorra ekonomikoa ere bada. “22.020 euroko bermea ordaindu behar izan dugu jada”.

Epaiketa datorren urteko lehen hilabeteetan izanen dela uste dute Esako zortziek. Data zehatzik ez dakite, oraindik ere. Zigor eskaerez eta ordaindu behar izan duten diru kopuruaz harago, egoerak eragin dien ezinegona nabarmendu du Palacinek. “Gerta daitekeenaren zain egotea ez da samurra”. Prozesuak aurrera egin izanak kalte egin diela salatu du. “Kalte morala ere egin digute”.

Epaiketak ez duela Esako urtegia handitzeko proiektuaren aurkako borroka zapuztuko argi utzi du Palacinek, hala ere. “Nik 24 urte ditut, eta duela 30 urtekoa da proiektua. Jaio nintzenetik jaso dut gurasoengandik eta gainerako herritarrengandik borrokarako grina hori. Gazteok lekukoa hartu dugu, baina gure gurasoek ez dute amore eman, lanean jarraitzen dute. Arrazoia alde dugu”.

Esa handitzeko beharrik ez dela nabarmendu du Palacinek, eta badirela alternatibak. “Merkeagoak dira; justuagoak ere bai, alde sozialetik begiratuta; eta kalte gutxiago eraginen liokete ingurumenari, gainera. Hutsean utz dezatela proiektua, behingoz”.