Nor da nor: Nafarroako ubidearen eragileak

E. Elizondo

Itoizko urtegiak hasieratik eragin zituen inguruko herritarren protestak. Baina oposizio horrek ez zuen proiektua geldiaraztea lortu. Nafarroako ubidea eraikitzeko urratsak egiten hasi zirenean ere, azpiegitura horren kontrako iritziak jarri zituzten mahai gainean hamaika elkartek eta adituk. Baina aurrera jarraitu zuen egitasmoak, eta bigarren fasea egiteko zailtasunak agerikoak badira ere, garestiegia delako, eta Itoizko urtegiak bigarren fase horretarako urik ez duelako, aditu horiek nabarmendu dutenez, proiektu hori ere ez da Nafarroako politikarien agendatik desagertu. Mahai gainean jarraitzen du.

Hainbat dira martxan jarri zenetik ubidearen egitasmoak lotu dituen enpresak eta erakundeak. Bakoitzak proiektuaren zati batean esku hartu du. Ondokoak dira egitasmoaren atzean dauden eragile nagusiak.

EBROKO UR KONFEDERAZIOA

Ebroko Ur Konfederazioa erakunde autonomo bat da, Espainiako Ingurumen Ministerioaren menpekoa. Erakunde hori izan da Itoizko urtegia egiteko proiektuaren bultzatzailea. Itoizko urtegia da, hain zuzen, Nafarroako ubidearen sorburua. Han jasotako ura garraiatzen du ubideak. Egun, Raimundo Lafuente da konfederazioko presidente. Lafuente izan da Esa handitzeko proiektuaren zuzendari, eta Itoizko urtegia egiteko lanena ere izan zen. Itoizko Koordinakundeak haren aurkako kereila aurkeztu zuen, Itoizko segurtasun arazoen harira, baina auziak ez zuen aurrera egin.

CANASA

Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak osatutako enpresa publikoa da Canasa. Haren helburua da Nafarroako ubidea eraikitzea. Hau da, ura Itoizko urtegitik Nafarroako hainbat herritara garraiatzeko hodia egitea da enpresa horren zeregina. Espainiako Gobernuari dagokio enpresa horren %60, eta bertze %40a, berriz, Nafarroako Gobernuari. Canasak ubidearen lehen fasea egin du jada. Lehen fase hori zabaltzeko lanak ere martxan dira, Argako zatian.

INTIA

Intia (Nekazaritzako Elikagaien Teknologiak eta Azpiegiturak) enpresa publiko bat da, eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuaren menpe dago. Enpresa horretako ureztatze sailarentzat proiektu nagusia da Nafarroako ubidea. Intiaren lana da lur zatiak ureztatzeko eremu bilakatzea, hain zuzen ere.

AGUACANAL

Nafarroako ubideak bi fase ditu. Lehendabizikoa egina dago. Fase horretan, Aguacanal izeneko etxea da enpresa kontzesionarioa; haren gain dago ureztatu beharreko eremua, eta hark egin eta bideratu behar ditu hango obrak eta dagozkion mantentze lanak. Hau da, ura ubideko hodi nagusitik fase horrek ukitzen dituen 22.000 hektareetara eramatea da haren ardura. Hainbat enpresak osatzen dute Aguacanal, baina, nagusiki, Acciona konpainiaren esku dago. Garai batean Nafarroako Aurrezki Kutxak izan zuen Aguacanal enpresaren %35 bere esku. Kutxa baliatu zuten, hain zuzen ere, finantzaketa lortzeko.

AGUAS DE NAVARRA

Aguacanal enpresak ubidearen lehen fasean egiten duen lana egiten du Aguas de Navarra etxeak lehen fase hori handitzeko proiektuan. 15.200 hektarea hartzen ditu lehen fasearen hedapenak. Lur zati gehienak ureztatzekoak dira jada, baina obrak ekarriko du sistemak modernizatzea, eta, noski, ura Itoizko urtegitik hartzea. Aguas de Barcelona eta OHL enpresek osatzen dute Aguas de Navarra. Uraren kudeaketarekin zer ikustekorik duten mundu osoko hamaika proiektutan parte hartzen du Aguas de Barcelona enpresak.

UREZTATZAILEEN ELKARTEA

Nafarroako ubideko ura hartu ahal izateko, lur zatiak batzea da lehen urratsa. Tracasa etxeak egin izan ditu lan horiek. Nekazariek, gainera, ureztatzaileen elkarteetan egin behar izan dute bat. Ubidea hainbat sektoretan zatituta dago, eta sektore bakoitzeko ureztatzaileen elkarte bat dago. Elkarte horiek guztiek, berriz, Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Elkarte Nagusian bat egiten dute. Elkarte nagusi horren menpe dira bertzeak. Sektore bakoitzeko elkarteen bidez biltzen da lurrak ematen duen dirua.