Edurne Elizondo
Jaione Maiak 13 urte zituen Mikel Zabalza hil zutenean. Haren hilketa salatzeko egin zuen greba, lehendabiziko aldiz. Berako ikastolan zen orduan. Garaiko Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko zortzigarren mailan. Maiak eta haren gelakideek lau lerro xumetan jaso zuten egin behar zuten protestaren berri: “Denon artean greba bat egitea erabaki dugu. Zergatik? Mikel Zabalzaren desagertzeagatik. Gure protesta bat da. Egun bateko greba bat. 12:30ean hasi, eta ikastola bukatu arte”. Herriko eskola publikoan ere gelak hustea erabaki zuten ikasleek.
Zerbait hautsi egin zen duela 30 urte, 1985eko azaroaren 26ko goizaldean, Donostian Guardia Zibilak Mikel Zabalzari ETAko kide izatea egotzi eta atxilotu zuenean. Familiari ez zioten deus erran, eta, biharamunean, desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan.
Familiak inoiz ez zuen sinetsi bertsio ofiziala. Orbaizetako gaztearen herrikideek ere ez. Zabalzaren hilketak bereziki ukitu eta hunkitu zuen herri hori, baina Euskal Herri osoan eragin zituen protestak. Euskal Herri osoan salatu zuten herritarrek gertatu zena. Euskal Herri osoa jo zuen Zabalzaren heriotzak.
Bera ere bai. Bidasoa ibaiari lotutako herria da hori, eta han aurkitu zuten Zabalzaren gorpu hila. Doluz isuri zen ibaia egun haietan. “Nik xehetasunak ez ditut gogoan, baina oroitzen naiz sekulakoa izan zela Zabalzaren hilketa guretzat. Kolpe handia izan zen gure herrian, gure etxeetatik hain hurbil, hain gertaera gogorra jazo izana. Inork ez zuen sinisten Guardia Zibilaren bertsio ofizialak erraten zuena. Herrian mundu guztiak argi zuen haiek hil zutela”, erran du Jaione Maiak.
Orbaizetakoa zuen amatxi bat Maiak, eta horrek are gogorrago bilakatu zituen duela 30 urteko momentu haiek. Handik ailegatzen zitzaizkien senideen berriak. Mikel Zabalzarekin batera, izan zirela bertze hainbat atxilotu. Guardia Zibilak Manuel Bizkai lehengusuarekin, Idoia Aierbe neska-lagunarekin eta Ion Arretxerekin batera atzeman zuen Zabalza, Donostian. Orbaizetan, gainera, Mikelen bi anaia atxilotu zituzten, Patxi eta Aitor Zabalza.
Patxi eta Aitor Zabalza Iruñera eraman zituzten. Senideak Guardia Zibilaren egoitzara joan ziren haien bila. Egun berean aske utzi zituzten. Mikel Zabalzarekin harremanetan ezin jarri, hura ere atxilotuta izanen zela pentsatu zuten senideek. Eta Intxaurrondoko kuartelera joan ziren haren anaiak eta ama. Semearen eta anaiaren bila. “Semea galdu baduzu, joan zaitez objektu galduen bulegora”. Hori bertzerik ez zioten erran, han, Mikel Zabalzaren amari. Eta gero, haren heriotzaren inguruko bertsio ofiziala. Gero, jada 30 urte iraun duen bide malkartsua, egiaren eta justiziaren bila.
Alkatea, berririk gabe
Beratarrek ongi ezagutzen dute bertsio ofizial horren arabera Zabalzak ihes egin zuen tokia. Eta denek bat egin zuten, duela 30 urte. “Ezinezkoa zen handik salto egin izana”. Are gutxiago, eskuburdinak jarrita, Guardia Zibilak erran bezala. Hori zen Beran, ahoz aho, egun haietan zabaltzen zen mezu nagusia.
1985. urtean Berako alkate zen Jaime Elgorriaga. Hedabideen eskutik izan zuen Zabalzaren desagertzearen berri. “Lanean ari nintzen, eta RNEtik deia jaso nuen”, gogoratu du. Korrika egitera joaten zen maiz Elgorriaga Endarlatsa aldera. “Ezinezkoa zen bertsio ofizialak erraten zuena gertatu izana”, erran du hark ere, argi eta garbi. Dena dela, inork ez zion eman, duela 30 urte, bertsio ofizial haren berri zuzenik. Horixe nabarmendu du Berako alkate ohiak. “Inork ez zidan inolako azalpen ofizialik eman; ez Guardia Zibilak, ez bertze inolako agintarik ere”.
Bera inguruko bazterrak guardia zibilez bete ziren egun haietan; Endarlatsa ondokoak, batez ere. Polizien jarrerak erakusten zuen, hala ere, bazekitela deus ez zutela aurkituko. Horixe salatu du Iosu Goia beratarrak: “Guardia zibil anitz egon ziren herrian egun haietan, baina ez ziren aritu, bertze hainbat alditan bezala, bazter guztiak miatzen. Gezurretan ari baitziren”.
Itsasoko Gurutze Gorriko urpekariak aritu ziren Mikel Zabalzaren bila, Bidasoan. Egun haietan hainbat beratarrekin izandako solasaldietan, argi utzi zuten Orbaizetako gaztea ez zela han. “Eta gero, bat-batean, Guardia Zibilak aurkitu egin zuen. Inork ezin zuen hori sinetsi”, gaineratu du Goiak.
Bertsio ofizialak herritarren artean eragin zuen harridura du gogoan Rosa Mari Errandoneak ere, batez ere. Guardia Zibilak zabaldu nahi izan zuen bertsioak ez zuela ez hankarik, ez bururik. 68 urte ditu Errandoneak, eta orduko tristura ekarri du gogora. “Tamalgarria izan zen gertatu zena; kolpe gogorra”.
Bittori Telletxeak ere antzeko hitzak erabili ditu duela 30 urte sentitu zituenak gogora ekartzeko. “Zabalza desagertzeak denak larritu gintuen; hilik zela baieztatu zuteneko izua dut gogoan”.
Hainbat egunez aritu ziren Mikel Zabalzaren bila, Endarlatsan. Bertsio ofizialari buruzko zalantzek gora egin zuten Guardia Zibilaren Sindikatu Klandestinoak ez bilatzeko erran zuenean, Mikel Zabalza hilik zela. Joan den urtarrilean, Nafarroako Parlamentuan hartu zuten hitza Orbaizetako gaztearen senideek, lehenengo aldiz, Ezkerrak indarkeria polizialaren biktimei buruz aurkeztutako lege proposamenaren harira. Martxoan onartu egin zuten. Agerraldi hura egin baino lehen, BERRIAn kontatu zuen Mikel Zabalzaren arreba Lourdes Zabalzak nebaren inguruko informazio horiek zer-nolako sentimenduak eragin zizkieten: “Gurekin jolasten ibili dira”.
Epaitegietan ere babesik ez du jaso Zabalzaren familiak. Auzibideak bi zati izan ditu. Hasierakoan, ontzat jo zuten bertsio ofiziala. Gero, 1995ean, Peroteren paperak atera eta gero, berriz ireki egin zuten. Eta berriz ere itxi. Juan Alberto Perote CESID zerbitzu sekretuetako buruaren paperetan agertu zen Guardia Zibileko kapitain batek bertsio ofiziala guztiz ezeztatu zuela, eta onartu zuela torturapean hil zutela Zabalza.
Eta, hala eta guztiz ere, deus ez. Egiaren eta justiziaren zain jarraitzen du familiak. Hamahiru urte zituen Jaione Maiak Mikel Zabalza hil zutenean. 43 ditu orain. Eta orduko etsipenak hartu du, berriz ere. “Ez da justiziarik. Ez da argitu, ez dutelako argitu nahi, ez zaielako interesatzen. 30 urte joan dira, eta ulertzen zaila da, oraindik ere, egia jakin ez izana”.
Justizia eskatu du Iosu Goiak ere. Eta Mikel Zabalzarena estatu krimena izan zela nabarmendu du. “Lotsagarria da egin zutena; eta lotsagarria da auzia oraindik ere argitu ez izana”.
“Mutil jatorra zen, langilea, oso maitatua ezagutzen zuten denentzat”, erran zuen Lourdes Zabalzak urtarrilean anaiari buruz. Haren heriotzak doluz jantzi zuen Bidasoa, duela 30 urte.