Ez datoz bat posizio horiekin UPN, PP eta PSN. Juan Luis Sanchez Muniainek (UPN) kritikatu du oraingoan Nafarroak bere zerga ahalmen propioa “herritarren aurka” erabiliko duela. Bere hitzetan, zerga erreforma horrek arrazoia kentzen die Itun Ekonomikoa berezko erreminta ona dela dioten argudio zentralistei. PSNko Ainhoa Unzuren ustez, “erreformaren aita” Adolfo Araiz da, batzordeko eztabaidan gehien hitz egin zuen eleduna izan zelako. PPko Ana Beltranek, berriz, ez du oso gustoko izan Araizek Nafarroa Europarekin alderatu nahi izatea: “Eta zergatik ez munduarekin?”.
Erreformaren edukia
Hainbat zerga moldatuko dituzte. Errenta Zergan 30.000 eurotik gorako oinarri likidagarriei bat eta lau puntu artean igoko zaie zerga tasa. Kapital etekinen gaineko tasak igo egin dira, eta etxebizitza erosteagatik kenkariak kenduko dira.
Sozietate Zergan, enpresa handiei %25etik %28ra handituko zaie zerga tasa, eta enpresa guztiek gutxienez etekinen %13 ordaindu beharko dute. Ondare Zergan, berriz, zerga ez ordaintzetik libre geratzeko muga 800.000 eurotik 550.000 eurora jaitsiko da. Era berean, aitorpena egitera behartuko dituzte milioi bat euroko ondarea duten zergadunak.
Osoko zuzenketak atzera
Aurretik, 2016ko aurrekontu proiektuaren inguruan eztabaidatu dute taldeek. Aurrekontuei UPNk, PSNk eta PPk aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota dituzte aldaketaren aldeko indarrek, eta, hartara, aurrekontuek bere bidea egiten jarraituko dute.
Bitxikeria moduan, bozketan, PSN abtenitu egin da PPren eta UPNren osoko zuzenketan eta bi alderdiok, aldiz, PSNren zuzenketaren alde egin dute. Jarrera horregatik galdetu dio Ana Beltranek PSNri, eta “estatu interesen gainetik, interes alderdikoiak” izatea leporatu dio.
Leave a Reply