Iritzia: Heldu diren ika-mikak

Asier Azpilikueta

Alkaterik gabeko mezak. Espainiako Poliziaren erakusketa tokiz aldatzeko saialdia. Ikurrina txupinazoan. Spider-Manen elastikoa. Abel Azkonaren ostia sagaratuak. Baltasar belztua beltza izateko udal eskaera. Maider Beloki zinegotziari egin ez zioten etilometria proba.

Iruñeko Udalean aldaketa gauzatu zenetik, erregimen zaharreko indar faktiko eta mediatikoak giharra erakusten ari dira eta edozein gai baliatzen dute Joseba Asiron alkatearen eta haren sostengatzaileen kontra jotzeko. Eta “edozein gai” diogularik “edozein gai” diogu. Gauzak horrela, eta orain arteko polemiken maila eta nondik norakoak ikusita, heldu diren ika-mikak aurreikusten ausartuko gara.

Esku zikinak. Martxoaren idusetan edo, Joseba Asironi zer bururatuko eta Baluarteko plazan dagoen terrorismoaren biktimen aldeko eskultura bi metro mugitzea, trafiko seinale batek itzal egin ez diezaion. AVT elkartearen kereila Espainiako Auzitegi Nazionaleraino ailegatuko da eta Asironek dimisioa emateko eskaerak 5.437 sinadura bilduko ditu Change.org plataforman.

Urrezko sarraila. Apiril aldera, lapurrak sartuko dira Joxe Abaurrea Hirigintza zinegotziaren trastelekuan. Abaurreak sarraila aldatu behar izanen du; baina bere etxeko komunitateari deus galdetu gabe, zilar koloreko sarraila jarri beharrean urre kolorekoa jarriko du, UPNren hitzetan, “jauntxokeria erakustaldia eginez” eta “bizilagunen arteko bizikidetza nahita gaiztotuz”.

Euskararekin tematuta. Maiatzean, Geroa Baik Iruñeko udal gobernu taldean sartzea erabakiko du eta, mahaiaren inguruan esertzeko astirik eman gabe, Itziar Gomez zinegotziak eskatuko du Iruñea UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik ateratzeko. EH Bilduk, Aranzadik eta Ezkerrak eskaera horri entzungor eginen diotenez, handik 17 minutura, Geroa Bai gobernu taldetik aterako da eta bere botoak UPNkoei eta PSNkoei batuko dizkie UEMAtik ateratzeko mozio bat aurrera ateratzeko. Mozioa gaztelania hutsez idatziko dute.

Iruzur fiskala. Ekaineko egun malapartatu batean, Patricia Perales zinegotziak erosketak eginen ditu bere etxe ondoko BM supermerkatu gipuzkoarrean eta ez du ordainketa tiketa hartuko. PSNk “diru beltzarekin ordaintzeko ohitura” izatea leporatuko dio Peralesi.

Cuencari begira. Iruindar zintzoen haserrea piztuko du Armando Cuenca Aranzadi taldeko zinegotziak irailean, Batasunaren Pribilegioaren prozesioan, aurreko urteko Spider-Manen elastikoa erakutsi beharrean Green Lantern-en bat jantziko duelako. “Kontu identitarioekin itsututa egotea” leporatuko dio oposizioak Cuencari.

Isunen gainetik. Urrian, Joxe Abaurreari trastelekutik lapurturiko bizikleta bat gaizki aparkatuta agertuko da San Frantzisko plazan. Garabiak Udalaren gordailura eramanen du bizikleta, baina Abaurreak ez du isuna ordainduko eta, PPk udaletxean ez duen zinegotziaren aburuz, “azken urteetako influentzia-trafikorik handiena” azaleratuko da.

Olentzero etnizista. Abendu bukaeran, Joseba Asironen taldeak ordenantza berria kaleratuko du, Olentzero segizioak arautuko dituena. Bertzeak bertze, Olentzerorena egin behar duten gizakiek gutxienez euskararen B1 hizkuntz profila izan behar dutela ezarriko du. Oraingoan, (azken egunetan jendez beteriko) auzoetako jai batzordeek joko dute Udalaren kontra.