Iritzia: Eta lezioa ematen ari zaizkigu

Izaskun Etxeberria Zufiaurre

Deserri guztiak dira berdinak, zioen Castillo Suarezek, palentziarren alaba den Altsasuko olerkari euskaldunak, Iluntasunaren kolorea izeneko poeman. Bera bezala, literaturan asko izan dira arrazoi desberdinengatik erbestera joan behar izan dutenen edo erbesteratuak sentitu direnen sentimenduak eta istorioz mozorroturiko historiak kontatu dizkiguten idazleak. Horietako kontakizun askotan maletaren irudiak protagonismo handia bereganatu izan du izenburuan nahiz azalean edota barne-lerroetan; izan ere, indartsua da maleta batek irudika dezakeena; handia da maleta batean eraman eta gorde daitekeena.

Sergei Dovlatov idazle errusiarrak Maleta izenburua zuen liburua idatzi zuen 1982an. Kontaketa horretan, arrazoi politikoengatik AEBetara erbesteratua izan den gizon bati deserrira hiru maleta bakarrik eraman ditzakeela agintzen diote. Lehenengo unean oso gutxi dela irizten dion arren, protagonista berehala ohartzen da nahiko duela bakar batekin, alegia, bere bizitza osoa maleta bakar batean sartzen dela.

Etxera etorrita, Juanjo Olasagarre idazle arbizuarraren 2004ko Ezinezko maletak eleberrian maleta-desfilea agertzen da kausa desberdinengatik: arrazoi politiko, polizial, sexual, turistiko, lagun artekoa, absurdoa… alde batera eta bestera eta erbestera bidaiatzen duten maletak dira. Maleta horiek guztiek esanahi sinboliko handia dute eta gatazka askoren irudi bilakatzen dira, ezinezko bihurtzen dira.

Urtebete beranduago Jon Maia bertsolariak Riomundo eleberria argitaratu zuen, euskaraz. Langabezia zela-eta bere familiak erbestera hartu behar izan zuen bidea kontatzen du, hain zuzen ere, Euskal Herrira. Lehendabizi, aita dator, Extremadura atzean utzirik. Larruzko maleta bat dakar, kanpoko aldetik sokaz loturiko maleta bat, bakarra.

Sokaz itxitako maleta bakar bat ere ekarri zuen Mari Romeroren aitak Extremaduratik Altsasura, eta, Maiaren historian bezala, ezer ere ez eta dena ekarri zuen maleta bakar hartan. Hala irakurri ahal izan dugu Romeroren La casa de la buhardilla izeneko liburuan, euskaratzen ari den kontakizunean. Haurra zelarik Badajoztik etorritako Romerok bere liburuaren aurkezpena Altsasun egin zuen abenduan. Iortia kultur etxeko aretoa lepo zegoen; garai batean Extremaduratik etorritako senide, ezagun eta herrikideek eta haien oroimenek bete zuten sala. Eta haien guztien aurrean, euskaldunak ez diren Extremadurako seme-alaba altsasuarren aurrean egin zuen Mari Romerok bere lanaren aurkezpena: euskaraz. Euskaraz egin zuen agurra eta laburpena, euskaraz ageri ziren proiektatu zituen argazki-oinak, euskaraz eskerrak eman eta euskaraz hitz egin zuen alabak ere; non eta, gaur, Santa Ageda eguna den honetan, hain erroturik dagoen eta gazte guztiak, bertakoak zein etorkinak, elkartzeko balio duen festa handia ospatzen den Altsasu herrian, bertako alkateak aurtengo kinto eta kinta guztiei gaztelania hutsez hitz egin dien herri berean.

Romerok liburua aurkeztu zuen garai bertsuan, Jose Angel Sanchez Gallardok Extremadurako ipuin tradizionalak euskaratuak plazaratu zituen Donostian extremadurar haien seme-alabek eta ilobek hitz egiten duten hizkuntzaz, euskaraz, alegia, ondare hori bizirik transmititu dezaten.

Lezioa ematen digute maletadun haien ondorengoek.