«Zilbetikoa baztertu bazuten, Erdizkoa ere baztertu beharko dute»

«Zilbetikoa baztertu bazuten, Erdizkoa ere baztertu beharko dute»

Soka luzeko proiektu bat da Erdizkoa. «Enpresaren asmoak gutxienez hogei urte atzeratzea lortu dugu», nabarmendu du Magnak Baztango eremu horretan egin nahi duen meategiaren aurkako plataformako kide Mikel Sobrinok (Elizondo, 1975). Orain, udalez gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzea onartu du Nafarroako Gobernuak. Plataformak alegazioak aurkeztu berri ditu erabaki horren aurka, eta bihar, gainera, Erdiz Bizirik Eguna ospatuko du Elizondon. Parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Une batean behin betiko bazter utziko zutela ematen zuen, baina udalez gaindiko eragina duen plan gisa aurkeztu dute, azkenean, Erdizko proiektua. Horren beldur zineten?

Guk inoiz ez dugu pentsatu bazter utziko zutela. Bagenekien enpresak diru anitz duela jokoan, zundaketen emaitzak oso onak izan zirelako. Momentu batean pauso bat eman zuten atzera, baina estrategia hobe batekin itzultzeko asmo bakarrarekin.

Garbi zenuten itzuliko zirela?

Bai, erabat garbi. Zenbait urtez egon dira isilik, estrategia aldatzeko. Erdiz utzi, eta Zilbeti hartu zuten jomugan. Han ere udalez gaindiko eragina duen plan gisa tramitatu zuten proiektua. Hasieran ez genuen ulertzen, baina gero ohartu gara estrategia izan zela han erabiltzea.

Estrategia, zertarako?

Han probatu nahi izan zuten bide hori, gero Baztanen erabiltzeko.

Zilbetikoa, baina, bazter utzi behar izan zuten.

Zilbetikoa atzera bota zuten epaileek Madrilen, Erdiz dagoen babestutako eremu berean dagoelako, hain zuzen. Guretzat horrek garrantzi handia du, Zilbetiko proiektua Aldude mendian dagoelako baztertu bazuten, Erdizkoa ere baztertu beharko dutela garbi dugulako guk, eta uste dugu Nafarroako Gobernuak arrazoi horregatik ere atzera bota beharko lukeela.

«Larria da Nafarroako Gobernuak proiektua bazter utzi ez izana. Gobernuak epaileen esku utzi nahi du auzia; hau da, enpresari proiektua aurkezteko aukera eman nahi dio. Gobernuak, baina, ezagutzen du Zilbetiko sententzia. Zergatik segitzen dute aurrera?»

Gobernuak proiektua udalez gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzeko atea ireki du, ordea. Horrek zer erran nahi du?

Batez ere, proiektuak ukitzen dituen erakundeen iritzia bazter utzi dutela. Gainera, tramiteak errazten zaizkio enpresari. Babestutako eremuek, noski, ez dute babes hori galtzen, baina uste dugu enpresak zerbait ezkutatzen duela. Zerbaitek eragin du oraingo estrategiaren alde egin izana.

Zer ezkuta dezake enpresak?

Ez dakigu, baina beldur gara guk ezagutzen ez dugun elementuren bat egonen dela. Bertzela, nola uler daiteke auzitegiek baztertutako eremu batean bertze proiektu bat aurkeztu izana? Badakite babestutako toki bat dela. Dirutza ari dira gastatzen, ordea, proiektuak aurrera egin dezan.

Nafarroako Gobernuak zer-nolako rola bete dezake?

Larria da Nafarroako Gobernuak proiektua bazter utzi ez izana. Gobernuak epaileen esku utzi nahi du auzia; hau da, enpresari proiektua aurkezteko aukera eman nahi dio. Gobernuak, baina, ezagutzen du Zilbetiko sententzia. Zergatik segitzen dute aurrera? Zergatik ari dira herritarrak aztoratzen dituen proiektu bati bidea ematen? Gobernuak berak aldarrikatzen duenaren aurkako proiektu bat da, gainera.

Hasieratik, Baztango herritarrek eta erakundeek zailtasunak izan dituzte proiektuari buruzko iritziak zabaltzeko. Kontsultak debekatu dituzte, bertzeak bertze. Zer deritzozu?

Arras larria da. Finean, ez dute proiektuaren aurkako iritziak eta jarrerak zabaltzea nahi. Dena estali nahi dute, eta Baztango Udalari hitza kendu. Hori oso larria da.

Alegazioak aurkeztu dituzue. Zer espero duzue?

Herritarrei alegazioak sinatzeko aukera eman diegu, erakutsi nahi dugulako jende anitz badela proiektuaren kontra. Proiektu horrek zenbait arlotan egiten dio kalte inguruari, eta hori salatzeko alegazio teknikoak ere aurkeztu ditugu. Guk espero dugu horiek geldiaraztea proiektua. Ez da orain izanen, halere.

Prozesua luzatuko dela uste duzue?

Garbi dugu auzitara jo beharko dugula eta aferak Europan amaituko duela, segur aski.

«Ez dute proiektuaren aurkako iritziak eta jarrerak zabaltzea nahi. Dena estali nahi dute, eta Baztango Udalari hitza kendu. Hori oso larria da»

Zilbetiko aurrekaria Erdiz salbatzeko nahikoa izan daiteke?

Tamalez, badakigu paperean jasota egon arren, zenbait kasutan babesa bazter gelditzen ahal dela. Kezka hori dugu.

Garrantzitsua da mobilizazioari eustea?

Bai, eta horregatik antolatu dugu Erdiz Bizirik Eguna. Garrantzitsua eta zaila ere bada, halere, jendea mugiaraztea. Auzia aspaldikoa da, eta luze joko du. Hogei urte daramatzagu Magnaren proiektuaren aurka borrokan. Lortu dugu hogei urtez bazter uztea, eta lanean segituko dugu. Duela hogei urte ere anitzek uste zuten ezin zela deus egin, eta lortu dugu hogei urtez, behintzat, atzeratzea. Garbi izan behar dugu epe luzerako borroka bat dela hau. Herritarrak parte hartzera deitu nahi ditugu. Besta giroko egun bat ospatu nahi dugu, lanean segitzeko indarberritzeko. Erdizko proiektuaren aurka egiten dugunean, eredu jakin baten aurka ari gara, eta hori garbi izan behar dugu. Erdizen sartzen badira, ez dira han geldituko.