Asier Garcia Uribarri
Gazte-gaztetatik dantzan ari da Irantzu Gonzalez (Altsasu, 1987). Hamaika txokotan ikasketak egin ostean herrira itzuli da, eta eskola jarri du martxan. Gainera, Altsasuko zenbait herritarrekin batera Dantzarima konpainia sortu du. Sustraiak lanarekin arrakasta handia izan zuten, eta orain buru-belarri dabiltza obra berria prestatzen. Gonzalez ez da geldirik egotekoa, eta dantzak energia hori guztia bideratzen laguntzen dio.
Zer da dantza zuretzat?
Dantza bizitzeko modu bat da niretzat, eta bete egiten nau. Dantzari esker naiz naizen modukoa.
Zergatik uste duzu jendeak dantzara hurbildu beharko lukeela?
Dantza egitean sentimendu piloa adierazten ditugu. Nik alde sortzailean jartzen dut fokua. Uste dut horrela jendeak gorputzarekin adieraziko dituela haren irudimen eta gaitasunak.
Txikitatik zabiltza dantzan. Zein izan da zure ibilbidea?
Aita dantzaria zen, eta ni, 6 urterekin, euskal dantzekin hasi nintzen. Altsasun hori zen aukera bakarra, eta nik gehiago sakondu nahi nuen. Gimnastika erritmikora ere jo nuen. Baina 14 urterekin Iruñera joatea izan zen nire jauzia. Almudena Lobonen eskolan dantza klasikoa ikasi nuen. Hor konturatu nintzen bide horretatik jo nahi nuela, eta horrela piztu zitzaidan Madrilera joateko gogoa.
Zer ikasi zenuen Madrilen?
Carmen Rocheren eskolan ikasi nuen. Dantza modernoko ikasketaz gain, antzerki musikalaren aukera ere bazegoen. Orduan pentsatu nuen: “Jada hemen egonda, guztia egingo dut”. Ikasi nituen dantza, antzerkia eta kantua. Asmatu egin nuen. Orain, nire lanak prestatzeko, oso ondo datorkit denetarik jakitea.
Bestelako funtzionaltasuna duen jendearekin dantza ikastaroak egiten dituzu. Nola hasi zinen bide hori lantzen?
Nik beti izan dut lotura berezi bat ezohiko funtzionaltasuna duten pertsonekin. Madrilera joan aurretik, Anfas elkartearekin lanean hasi nintzen boluntario gisa, eta beti nuen buruan antzerkia edo dantzarekin zerbait egitea. Madrilen Maite Leonen Psikoballet eskola ezagutu, eta udan antolatzen zituzten ikastaroetan izena eman nuen. Garai berean, Altsasuko familia batzuek bestelako funtzionaltasuna duten pertsonentzako elkarte bat sortu zuten, eta haiekin hasi nintzen lanean.
Ikasketak bukatu ostean, non ibili zara dantzan?
Fundacion Deporte Integra elkarteak ezohiko funtzionaltasuna duten pertsonekin lan egiten du, eta kontratatu ninduten ekitaldi batzuk antolatzeko. Adibidez, egun batean 300 pertsona bildu nituen koreografia handi bat dantzatzeko. Gero Ingalaterrara jo nuen ikasten jarraitzeko, eta han ere dantzari aritu naiz.
Zein da gehien gustatzen zaizun dantza mota?
Nire estiloa dantza garaikidea eta jazz modernoa dira. Madrilen ikasi nituen hip hop, funk eta abar. Azken finean, dantzariok denetarik egin behar dugu. Baina norberak beti jotzen du bide batetik edo bestetik.
Ingalaterran zer landu zenuen?
Dantza eta psikologia ikasi nuen han. Aipatu bezala, dantza asko lotzen dut sentimenduekin, eta ikasi nahi nuen nola landu hori guztia dantzaren bidez.
Hamaika txokotan egon ostean, Altsasura itzuli zara, eta dantza eskola sortu duzu.
Urtarrilean hasi ginen eskolekin, eta eskaintza zabala dago. Hasteko, dantza klasikoa irakasten dut, hori baita guztiaren oinarria. Horrez gain, modern jazz, dantza garaikidea helduentzat eta flamenkoa. Azken hori Askoa Etxebarrieta La Pulga-k eskaintzen du.
Nolako harrera izan du eskolak?
Oso ona. Egun, 120 ikasle ditugu. Aurretik ere eskolak ematen nituen. Gainera, Altsasukoa izanda, jendeak ezagutzen nau, eta horrek laguntzen du.
Izan duzun arrakasta ikusita, ematen du horrelako eskola baten premia bazegoela Sakanan.
Bai, argi eta garbi. Nik gabezia hori ikusten nuen. Baina beldur puntu bat ere banuen ea ondo aterako ote zen. Finean, gaztea naiz, eta honetan guztian sartzeak errespetua sortzen du.
Eskolaz gain, dantza konpainia ere osatu duzu Altsasun: Dantzarima. Nola hasi zen proiektu hori?
Duela urte eta erdi hasi genuen proiektua. Altsasuko zenbait pertsonak esan zidaten dantza garaikidearekin zerbait egin nahi zutela. Orduan, lanean hasi ginen, eta konpainia sortu genuen. Bide batez bete dut nire betiko beste amets bat: konpainia bat sortzea.
Aurretik dantzarekin harremana bazuten?
Bai. Batzuk euskal dantzak egindakoak dira, eta badaude ere gimnastika erritmikoan aritu direnak. Baina inork ez du aurretik dantza garaikidea egin.
Taularatu duzuen lehen lana Sustraiak izan da. Zer-nolako harrera izan du?
Altsasun hiru aldiz egin dugu, eta hiruretan bete egin da. Horrez gain, Etxarri Aranatzen eskaini genuen. Oso pozik gaude konpainiarekin eta lan berriarekin.
Hemendik aurrera, baduzue bestelako proiekturik?
Lan berri bat prestatzen ari gara, urriaren 8an aurkezteko. Ideia nagusia da pertsona guztiak izarretatik gatozela. Hau da, denok dugula jatorri bera, eta horregatik, pertsona guztiak berdinak garela.