“Helburua zen gu pertsona gisa apurtzea, eta kolektiboa ahultzea”

“Helburua zen gu pertsona gisa apurtzea, eta kolektiboa ahultzea”

Asier Garcia Uribarri

Aztnugal. Hitz horrekin sinatu zuen Jon Patxi Arratibelek Guardia Zibilek idatzitako polizia deklarazioa. Sarekada berean atxilotu zituzten Iker Moreno (Burlata, 1986), Gorka Zabala, Gorka Mayo, Iñigo Gonzalez eta Xabier Beortegi. Azken hori auzitik kanpo utzi zuten. Gainontzekoentzat zortzina urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak, hasieran. Atzo akordio lortu zuten, epaiketa hasi eta berehala: zigor eskariak zortzi urtetik bira murriztu dituzte, eta ez dute espetxera itzuli beharko. Iker Morenorekin epaiketa hasi baino lehen mintzatu zen Nafarroako Hitza.

Nola gogoratzen dituzu atxiloketaren egunak?

Erantzun osoagoa emateko, garai horretako nire egoera pertsonala azaldu behar dut. Lehenago beste sarekada batzuk ere egin zituzten, batez ere Segiren aurka, eta sarekada horietan nire izena agertu zen. Beraz, abokatuek esan zidaten kontuz ibiltzeko. Horrela ibili nintzen urte eta erdi.

Hori alde batetik. Bestetik, guk ere kokatu ditugu gure atxiloketak testuinguru jakin batean. Urte horietan, ezker abertzalea bere estrategiaren inguruko eztabaida egiten ari zen, eta hainbat gertakari garrantzitsu jazo ziren, hala nola Zutik Euskal Herria txostena, Gernikako akordioa, eta gu atxilotu baino hamar egun lehenago ETAk su-eten iraunkorra eman zuen. Hau da, ezker abertzaleak konponbidearen aldeko pausoak eman zituen, ETAk horri erantzun zion, eta esan daiteke gure atxiloketak estatuak ETAren erabakiari eman zion erantzuna izan zirela.

Aipatu duzue guardia zibilek bazutela nahi zuten informazio guztia. Orduan, zergatik uste duzu torturatu zintuztela?

Nire kasuan hori ikusi nuen, ez zirela ari informazio bila. Gurekin beste helburu batzuk zituzten.

Zeintzuk dira helburu horiek?

Niri sinarazi zidaten ez nintzela ez ETAkoa, ez Ekinekoa eta ezta Segikoa ere. Haiek nahi zutena zen nik beste pertsona batzuk salatzea. Eta hori zertarako? Hasteko, itxi nahi zituztelako epaiketa bati begira zituzten frogak. Baina, batez ere, nahi zuten gu pertsona gisa apurtu.

Nola egin zuten hori?

Psikologoarekin bi urte pasatxo egon ostean, prozesua ikusten dut eta konturatu naiz tortura saio horiekin heltzen zarela puntu batera non ezerk ez duen zentzurik. Puntu batera iritsi nintzen non bertatik ateratzeko nuen modu bakarra hiltzea zen. Baina momentu horretan bizirik irauteko sena ateratzen da, eta kontraesan horretan uzten diozu pertsona izateari. Momentu horretan nire gorputzak klak egin zuen, eta kodigoa beste bat zen: bizirik irautea. Orduan, burutik poltsa eta gainean nituen bost gizonak kentzeko egin behar nuen haiek nahi zutena. Hor hasten da mendekotasuna. Haiek nahi dutena egiten duzu. Haien bertsioa buruz ikasten duzu, eta eramaten zaituzte idazkari baten aurrera deklarazioa egiteko. Gero esaten dizute oso ongi egin duzula dena, eta hori epaileari esaten badiozu ziurrenik ez zarela espetxera joango. Azkenean, horrekin lortzen dute zure barruan erruduntasun hazi bat sortzea. Kaka bat zara, traidorea. Hainbat filmetan agertzen dena, edo Itziarren semea kantuan: ez ditut nire lagunak salatuko. Zuk ez duzu hori lortu. Nik bi izenen aurka sinatu nuen, eta gaur egun kostatzen zait bi pertsona horiekin egotea.

Horrek nola eragiten du zure egunerokoan?

Alde batetik, zure autoestimua lurrera doa. Baina, bestetik, gure izenak esan dituzten pertsonak kolektibo baten parte izaten dira. Beraz, mesfidantza sortzen baduzu kolektibo horretan, azkenean kolektiboa bera apurtzen ari zara. Horrekin batera, noski, baita beldurra sartzea ere. Mezu bat bidaltzea: borrokatzen bazara, torturatuko zaituzte. Haien helburua, informazioa ateratzea baino gehiago, gu pertsona gisa apurtu eta kolektiboa ahultzea zen.

Zuen epaiketa salatzeko aztnugal hitza erabili duzue. Nola baloratzen duzue egindako lana?

Epaiketa prestatzeko biltzen hasi ginenean, argi genuen aztnugal hitza berreskuratu behar genuela, uste baikenuen hitzak berak nahikoa indar zuela gure kasua azaltzeko. Baina kanpaina diseinatzerakoan bi ardatz ikusi genituen: torturaren salaketa eta gatazkaren konponbidea. Torturarekin ikusi genuen aldagai garrantzitsua zela gure kasuan. Alde batetik, Estrasburgoko Auzitegiak Espainia kondenatu zuelako Jon Patxiren [Arratibel] salaketa behar bezala ez ikertzeagatik. Bestetik, Gorka Mayo, Gorka Zabala eta ni espetxean ginela Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeko kide batek elkarrizketatu gintuen. Gure testigantzak sinesgarritzat jo zituzten 2013an publikatutako txostenean. Hau da, jada ez genuen guk esaten torturatu gintuztela, baizik eta nazioarteko erakunde batek. Horrek behar zuen ildo propioa gure dinamikan. Oso modu ezberdinetan landu dugu gaia, eta espero baino oihartzun handiagoa izan dute ekinbideek. Otsaila oso hilabete gogorra izan bada ere, oso pozik gaude egindako lanarekin.

Uste duzue Arratibelen sententziak eta Torturaren Prebentziorako Batzordearen txostenak lagunduko duela zuen epaiketan?

Guk salaketa egingo dugu. Hala ere, Auzitegi Nazionala beste mundu bat da. Inkomunikaziotik atera ginenean Grande-Marlaska epaileari kontatu genizkion gertatutakoak, eta denek gauza bera pentsatu genuen: ziurrenik badakitela zer egin diguten eta berdin zaiela. Ez dugu epaiketa justu bat izateko inolako bermerik.

 

* Oharra: papereko edizioak ezin izan du jaso ‘Aztnugal’ sumarioko auzipetuen eta fiskalaren arteko akordioaren berri.