Lehendabizikoz

Iritzia: Lohizune Amatria

Asteazkena zen. Ekainaren 17a. 2015. urtea. Egun berezia Nafarroako politikagintzan. Urduri izanen ziren seguruenik egun Nafarroako Parlamentuko hemizikloan esertzen diren politikariak. Batzuk besteak baino gehiago, noski. Urtebete igaro da geroztik, eta gogoratu beharreko data dela iruditu zait. Aldaketa, kalean ez ezik, erakundeetan ere ikusi genuelako lehenengoz ekainaren 17an.

Parlamentarien artean eman zen lehenengo aldaketa. Egun ditugunetatik gehienek lehenengo legegintzaldia dutelako oraingoa, eta aurpegi berri ugari ikusi genituelako duela urtebete. 50 parlamentarietatik 31k lehen aldia izan zuten legebiltzarkide moduan. Urtebetean momentu dibertigarri zenbait sortu ditu berrikuntzak eta urduritasunak.

Urte bat igaro da Nafarroako bederatzigarren legealdiko parlamentua eratu zutela, eta dudarik gabe euskararen erabileran eman da aldaketarik esanguratsuenetako bat. Ekainaren 17an osatu zen Nafarroako Parlamentua, eta euskara hutsean zuzendu zuen mahaia eratzeko prozedura saioa Geroa Baiko Koldo Martinezek. Berritasuna, ordea, ez da horretara mugatu. Bederatzi legealditan lehen aldiz presidente euskalduna du Nafarroako Parlamentuak. Lurraldeko bi hizkuntza ofizialak menperatzen ditu Ahal Dugu alderdiko Ainhoa Aznarezek; eta, hala, Nafarroako Parlamentuko presidentetzara heldu da euskara. Urtebetean, gainera, parlamentarien adierazpenetan aurreko legealdietan baino gehiagotan entzuten dugu euskara.

Parlamentuko mahaian izan da bestelako aldaketarik. Alderdi sortu berri batek du erakundearen presidentetza, Geroa Bai alderdikoa da lehendakariordea, UPNk bi kide ditu eta EH Bilduk bakarra. PSNk, beraz, ez du ordezkaririk. Lehen aldiz. Eta esanguratsua da berritasuna, kontuan izanda lau legealditan lehendakaria sozialista izan dela.

Egun parlamentariak erosoago daude adierazpenak egiten dituztenean; aldaketak izan dira alde horretatik. Baina txantxak alde batera utzita, parlamentuan urte honetan onartu eta baztertu diren lege, adierazpen eta mozioei egin behar diegu so. Hori baita, benetan, herritar gisa epaitu beharko genukeena. Herritarrengandik hurbilago dagoen legebiltzarra dugula esanen nuke, talde, aldarrikapen eta kezka ugari entzun ditugu saio eta batzarretan.

Norberak interesekoak dituen gaiak izanen ditu buruan, dudarik gabe, eta denak kontuan hartu eta balorazio zabal bat egitea zailegia izan daiteke agian. Dena den, nabarmenduko nuke parlamentuak Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariaren dimisioa eskatu duela, ETBren emisioa ziurta dadila eskatu duela eta emakumeen eta gizonen lehen berdintasun plana aurkeztu duela. Izan dira bestelakoak ere, eta denak gertutik jarraitu beharko ditugu. Baita gobernuak egiten dituenak ere. Bertan ere gertatu baita aldaketa, eta izan dira aurreneko aldiak.

366 egun pasa dira, eta Espainiako gorteetarako hauteskunde kanpainan murgilduta gaude, ez dago ia besterik hedabideetan. Zenbait gauza ez dira aldatzen. Aldaketarik gertatuko al da Madrilen? Konturatu gabe zazpi aldiz idatzi dut aldaketa, paragrafo bakoitzean gutxienez behin ageri da. Eta zalantza dut hitz hori gehiegitan erabili ez ote dugun, zentzua galtzen hasia ez ote den. Horregatik, lehen aldien legegintzaldi gisa izendatuko dut orain arte behintzat parlamentuan bizi izan dugun urtebetea.