Lur Albizu Etxetxipia
Festak izaten dira jendartearen isla, ispilu handia, neurriz gainekoa. Esponentzialki gure alderdi on eta txarrak bistarazten dituena, etengabean. Sanferminak dira horren adibide ezin hobea, zalantzarik gabe. Bederatzi gau eta egunez dena posible balitz bezala saltzen den hiria da Iruñea. Dena festa, dena kantitate industrialetan. Turistentzako eskaparate antzu eta saltoki erraldoi.
Legerik ez dagoen hiria omen da Iruñea. Zezenen, zezenketen hiria. Prozesioetara joaten diren alkate eta zinegotziak —ez denak, hori ere onartu beharra dago—, udal eta instituzioak laiko izatearen aldekoak. Zezenketen buru diren alkateak, guztion ordezkari izateak horretarako zilegitasuna ematen duelakoan. Antzerki eta eskaparateak, berriz ere.
P a m p l o n a.
Hori saltzen den bezala, badira beste modu batera festa egin nahi dutenak eta dugunak. Festa eta Sanfermin herrikoi, parte-hartzaile, parekide, ekologista, aniztun, antikapitalista, kultural eta euskaldunak. Edo horretarako bidean dauden herri sanferminak. Ez dugu esanen bidea erraza izan denik, are gutxiago hemendik aurrera ez dagoenik ezer lantzeko. Hala ere, bidea markatua dago, eta marrazten ari gara, pixkanaka, zer-nolako sanferminak eta jai herrikoiak nahi ditugun, zer-nolako eredua sustatu nahi dugun eta nola uztartu nahi ditugun jaia eta kalearen okupazioa, jaia eta errebeldia, jaia eta boterearen desafioa, jaia eta kolektibizazioa, jaia eta ahalduntzea. Transgresioa. Horretarako aukerarik ere ematen dutelako sanferminek.
Eta ezin zaigu ahaztu egunez egun, orduz ordu emakume askok jasan behar izaten duten —dugun— indarkeria matxista, urte osoan zehar zeharkatzen gaituena gau eta egun. Sutan jartzen gaituzte eraso sexistek, uztailaren 7an eta urteko beste 364 egunetan ere bai. Ezin zaizkigu ahaztu urte honetako hildakoak, ezin zaigu ahaztu Nagoreren itzala, ezta bere hiltzailearen aurpegia ere. Indarkeria matxistak hil egiten duelako, bai eta sanferminetan ere.
Ezinbesteko hitzordu bilakatu da jada emakume askorentzat Farrukas kolektiboak antolatzen duen uztailaren 4ko gaueko manifestazioa. Ahalduntzerako eta gure gorputzen burujabetza aldarrikatzeko beharrezkoa dena. Begiek dir-dir egiten duten hori, amorruz oihukatzen ehunka emakume, elkarrekin. Gauak eta kaleak gureak direlako, eta festak eta egunerokoa ez ditugulako beldurrez bizi nahi, aske baizik. Aske izan nahi dugu nahi dugunean nahi dugun bezala ibiltzeko; ez dugu ausart izan nahi, ausartak bagara ere —ez beti—.
Horren harira, duela urte gutxi batzuk pentsaezina zen, baina aurtengo txupinazoan autodefentsa feminista aldarrikatzen zuen pankarta atera zuten Udaletxe plazara. Hiriaren zentrora, bihotzera. Espazioaren erdigunea ere gurea delako eta horren alde borrokan jarraituko dugulako, elkarren ondoan.
Sanferminetan beste elkarretaratzerik egin behar izanen ez dugun arte. Eta guztiok aske izan arte.