Jon Barberena
Uda magikoa dela erraten diet ikasle nerabeei ekaineko azterketen aitzinetik hortzak estutu eta hondar esprintean den-dena eman dezaten. Eleberri baten orrietan tartekatutako hondartzako hare pikorrak, jarleku gaineko pipa-azalen klis-klas soinuak desorduetan edo kontzertu batean gurutzatutako begirada lotsatiek askatasunaren eta zorionaren forma hartzen dute. Maiz, formarik erranguratsuena eta agerikoena inguruko bestetan hartzen dute; hango algarak, dantzak edo solasak honen adierazle direlarik.
Txarangen musika tresnen soinua ordulariaren eguneroko tik-tak monotonoa baino gozagarriagoa zaigu goizeko ordu ttipietan. Gosariko kafesnearen aparrak baino bibote ederragoak marrazten dizkigu garagardoarenak, eta egunerokoan altxapean daramagun ausardia ernatu eta kanporatzen dugu gerria eta mingaina astindu orduko.
Baina askatasunak bere arauak ditu. Behar ditu. Denak ez du balio hitz potolo hori ahoskatzerakoan. Ezinbertzekoak izanen dira errespetua eta berdintasuna bezalako balioak. Nire zorionak ez dezala ondokoarena mugatu. Nire erabakiak ez dezala ondokoa hondoratu. Ezta pentsatu ere!
Alta, nire iduriko, XXI. mende honetan, gizonok zorionerako eta ongi pasatzeko eskubide gehiago dugu emaztekiek baino. Guk idatzitako joko arauetan emaztekiak bidesari garestia ordaintzen du, eta mehatxuak, burlak, debekuak eta umiliazioak, maiz, bizkarreratzen ditu. Indarkeria eta eraso matxistak ezin dira noizbehinka gertatzen diren ekintza bakan gisa konprenitu. Indarkeria matxista sistema patriarkalaren ondorio nabarmena da.
Sistema honen adierazle dugu bortz basapiztiak uztailaren 7an egindako basakeria ere. Bortz solas baino aise gehiago partekatu gabe, Paulino Caballero kaletik zihoazenean, borzgarren atarian sartu zuten neska indarka istant batean, eta bort(i)zki bortxatu zuten gazte madrildarra.
Bat militarra, bertzea guardia zibila eta bortzak futbolaren “fanatikoak” izateak ez nau harritu. Norgehiagoka, indarra eta boterea bezalako balio maskulinoez elikatutako burmuin matxitoak ditugu horiek.
Erabakiorra suertatu da neskak bidegabekeria hori salatzeko erakutsitako ausardia, eta eredugarria Iruñeko Udalak eta Iruñeko Bilgune Feministak emandako erantzuna. Aldaketarekin ezkor dabiltzanek argi izan dezatela iraultza handiena ere eguneroko gauza ttipietan gauzatzen dela eta gizonezkook diseinatutako mundu hau aldatu nahi bada ezinbertzekoak izanen direla udal horrek eman dituen pausoen gisako gehiago. Altxapean mantendu izan dena, tapatu izan dena, azaleratu du Iruñeko Udal berriak, eta alimaleko jendeketa bildu zen Udaletxe plazan gerora protesta gisara. Batzuek salaketa horren hedapena hiriaren irudia zikintzearekin erlazionatu dute, baina isiltzeak sarraskiaren konplize bihurtuko gintuen. Arazo kolektiboa da, eta gure ardura da indarkeria matxistari kontra egitea. Kritikoak izan gaitezen eguneroko ekintzekin, eta alda ditzagun gainetik beheiti pixkanaka inposatu dizkiguten molde eta patroiak.
Uda magikoa dela erranen diet berriz ere ikasleei ekaineko nekea ailegatzean, baina onartuko diet iazko udak dirdira galdu zuela. Hala ere, ez dadila itzalpean gelditu, eta bortz basapiztia horiek egindakoa ordain dezatela eta ez dezatela askatasuna merke eskuratu bortz sos ordaindu eta barnean bortz egun pasatu eta gero.