Mari Jose Beaumont: “Ahal dugun postu kopurua eskainiko dugu 2017an”

Mari Jose Beaumont: “Ahal dugun postu kopurua eskainiko dugu 2017an”

E. Elizondo

Beren zerbitzuko buru Javier Baionarekin bilera egin zuten suhiltzaileek, astelehenean. Etsita atera ziren, protestei eusteko asmoz. Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari Mari Jose Beaumontek ez du haiekin bat egin; gobernua egoerari aurre egiteko neurriak hartzen ari dela erantzun die.

Suhiltzaileek, batez ere, langile falta salatu dute. Ados zara?

Bai, gobernuak badaki suhiltzaile kopurua ez dela nahikoa. Horregatik, hain zuzen ere, uztaileko dekretuan jaso zuen neurriak bultzatuko dituela, pixkanaka, suhiltzaileen lan taldea handitzeko, 388ko kopurua edo plan zuzentzaileak zehazten duena lortu arte. Hau da, gobernuak konpromisoa du lan taldea handitzeko.

Oraingoz, 45 lanpostu baino ez dira sortuko.

30 daude formakuntza prozesuan, eta apirilean bukatuko dute. Gobernuak bertze hamabortz lanposturako deialdia eginen du. Asmoa da, beranduenez, 2018ko hasieran lanean izatea hamabortz suhiltzaile berri horiek. 2017ko Lan Eskaintza Publikoan langile publikoak berritzeko tasak uzten digun lanpostu kopurua eskainiko dugu, ahal duguna.

Konpromisoa da, beraz, 388ra ailegatzea legegintzaldian?

Bai; bai eta legegintzaldia amaitu baino lehen ere, akaso. Hori da gobernuaren konpromisoa.

Nola eginen duzue?

2017rako Lan Eskaintza Publikorako kopurua ezin dugu orain zehaztu. Legez kanpokoa da hori.

Noiz zehaztu ahal izanen duzue?

Nik uste dut udaberrira arte ezin izanen dugula egin. Urte amaieran hutsik gelditu diren lanpostuen kopurua ezagutu ahal izanen dugu, baina bertze hainbat gauza izan behar dugu kontuan. Bertze departamentuen egoera, adibidez. Finean, gobernuak erabakitzen du, ez nik.

388ko kopurua, edonola ere, gutxienekoa da?

2009an adostutako kopurua da hori. Orain, hain zuzen, plan zuzentzailea egiten ari gara. Suhiltzaileek ere parte hartuko dute. Baliteke agiri horrek bertze kopururen bat ematea. Gerta daiteke gehiago izatea; edo bi gutxiago.

Suhiltzaileek hasieratik onartu dute 388ko kopuru hori adostutakoa dela; gobernuak konpromisorik ez duela hartu berretsi dute, ordea. Zer deritzozu?

Nik erran behar dut ez dela egia negoziaziorik ez dela egon. Nafarroako Larrialdi Agentzia indarrean zenean langile batzordeak egin ziren; bertan behera gelditu eta gero ere eutsi diegu negoziazioei, sektore mahaian. Inoiz ez dugu erran 388ko kopuru hori onartzen ez dugunik.

15 lanpostu betetzeko deialdia egitea nahikoa dela uste duzu?

Ahal izan ditugun lanpostuak atera ditugu. Eta hurrengo urtean gauza bera eginen dugu.

Nafarroako Larrialdi Agentzia aipatu duzu. Suhiltzaileek salatu dute gisako bertze egiturarik osatu ez izana. Zergatik ez duzue egin?

Horretan ari gara. Argi utzi behar dut, halere, lehen zegoen lan taldea dugula, eta zeregin berberetan ari direla langileak. Zerbitzua berregituratzeko aukera aztertzen ari gara, eta epe motzera aldaketaren bat eginen dugu. Beraz, gaia mahai gainean dugu.

Suhiltzaile faltak zerbitzuari eragin dio jada, suhiltzaileek salatu dutenez; nabarmendu dute behar baino suhiltzaile gutxiago egoten direla anitzetan parkeetan.

Nik dakidala ez da egia. Gerta daiteke uneren batean. Baina parkeren batean behar den kopurua ez bada betetzen bertze parke batetik joaten da suhiltzaileren bat.

Duela astebete hamar ziren Cordovillan, gutxienekoa 11 izanda.

Galdetu Cordovillan. Nik ez dut datu horren berri. Gerta daitezke halako egoerak tarteka, baina ez, ordea, modu orokor batean. Noski, orain behar ditugun suhiltzaile guztiak bagenitu ez genuke arazorik izanen. Baina zerbitzuko zuzendariak niri erran didanez, arazoa konpontzen ari gara.

Legegintzaldi amaierarako 100 suhiltzailek utziko diote ohiko lana egiteari.

Berriro diot, gobernuak baduela konpromisoa 388ko gutxienekoa edo plan zuzentzaileak erraten duen kopurua betetzeko. Ikusitakoaren arabera, eta teknikoek errandakoaren arabera, zerbitzua ez da kolokan.