Edurne Elizondo
Nafarroako suhiltzaileek Cordovillan dute parke nagusia. Gutxienez 11 langilek egon behar dute han, egunean, baina kopuru hori ez da beti betetzen. “Gaur, adibidez, hamar baino ez gaude”, azaldu zuen Jesus Reyk, duela astebete. Egoera “kaotikoa” da, suhiltzaile horren hitzetan. Ez bakarrik gutxi direlako, laster are gutxiago izanen direlako baizik. “49 urte ditut, eta gazteenetakoa naiz”. Reyren kezkarekin egin dute bat suhiltzaile gehienek. Joan den astean karrikara atera ziren, protesta egitera. “Arazo larriak ditugu; larrienetakoa da suhiltzaile falta; zerbitzua bera dago kolokan”, nabarmendu du langile batzordeko presidente eta LAB sindikatuko ordezkari Iñigo Balbasek.
Azkoiengo parkean aritzen da Balbas. 21 suhiltzailek egiten dute lan han, eta egunean, gutxienez, hiruk egon behar dute. Mintxo Astiz eta Igor Soto, berriz, Mugairikoan aritzen dira. 27 suhiltzaile ditu egoitza horrek, eta lauk egon behar dute, egunean, gutxienez. Cordovillako parke nagusian egin dute bat hirurek, beren ustez zerbitzuak egun dituen arazoak mahai gainean jartzeko asmoz. Han bezala, beren parkeetan ere gutxieneko suhiltzaile kopurua anitzetan ez dela betetzen salatu dute. “Egoera oso, oso larria da”, berretsi du Balbasek.
Suhiltzaileen egunerokoa zailtzen duten kontuak utzi nahi izan dituzte agerian langile batzordeko buruak, Astizek eta Sotok. Batetik, suhiltzaile kopuruari buruz, zerbitzu egokia eskaintzeko gutxienekoa ez dutela betetzen erran dute: 340 langile dira, egun, eta 388koa da gutxieneko kopurua. “Adostutako kopuru bat da hori, ez da guk emana; eta, edozein kasutan, gutxienekoa litzateke, ez, ordea, egokiena”, azaldu du Balbasek. Bertzetik, egun lanean direnen adinaren batez bestekoa 47 urte baino gehiagokoa dela erantsi du suhiltzaileak. Egoera horrek hainbat ondorio izanen ditu datozen urteotan, Balbasek gaineratu duenez; izan ere, 55 urterekin uzten diote suhiltzaileek ohiko lanak egiteari, eta bestelako lanetan hasten dira. Datuak jarri ditu LABeko kideak mahai gainean: “Legegintzaldia amaitzen denerako 100 suhiltzailek utzi izanen diote ohiko lana egiteari, denera, eta 45 baino ez dira sartu izanen lan taldean”.
Desoreka nabarmena eta kezkagarria dela salatu du Balbasek. Adinagatik utziko dituzte 100 suhiltzaile horiek ohiko lanak; lan taldean sartuko diren 45 horiek dira, berriz, egun formakuntza prozesuan murgilduta dauden 30 suhiltzaileak, batetik, eta datorren urterako gobernuak aterako dituen hamabortz postuak beteko dituztenak, bertzetik.
Lanpostu horiei buruz, Mintxo Astizek zehaztu du oposizioak datorren urtean egiteak ez duela erran nahi lanpostuak lortuko dituzten suhiltzaileak berehala hasiko direnik lanean. “Bi urte inguruko epea behar izaten da azterketak egiten direnetik lanean hasten zarenera arte”, argitu du.
Hirugarren auzi bat jarri dute suhiltzaileek mahai gainean: herrialdeko larrialdi zerbitzu guztiak koordinatzeko egitura bat falta dela utzi dute agerian. Nafarroako Larrialdi Agentzia sortu zuen UPNk, agintean zenean, baina bertan behera utzi zuen egungo gobernuak. “UPNren dinamika izan zen bere jendea sartzea erakunde horretan; guk ez genuen horrekin bat egin, baina argi dugu kudeaketa oso bat behar dugula”, erran du Balbasek. Gobernuak berak koordinaziorako egitura bat behar zela onartu zuen, eta agentzia desegin eta gero bertze bat osatuko zuela hitz eman zuen. Baina, oraingoz, ez du egin.
“Desilusionatuta”
Egungo egoerak UPNren gobernuen garaian du jatorria, suhiltzaileek nabarmendu dutenez. Batez ere, azken legegintzaldiaren ondoriotzat jo dituzte egungo arazoak. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak babesten duten egungo gobernuak iaz hartu zuen agintea. “Aldaketaren gobernuak aurretik sortutako errealitate hori jaso zuen; argi genuen gauzak ezin zirela egun batetik bestera aldatu”, azaldu du Balbasek. Egun, baina, gobernuak huts egin diela sentitzen dute suhiltzaileek. “Guk argi esan genion gobernuari zerbitzuari eusteko prest ginela, baldin eta konpromiso sendo bat hartzen bazuen langile kopuruari dagokionez; baina ez du halakorik egin”. Datorren urtean sortuko diren hamabortz lanpostuak ez direla “inondik inora nahiko” berretsi dute, eta salatu dute, gainera, negoziatzeko inolako borondaterik ez duela izan Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentuak.
Egungo egoerak egunerokoan baditu ondorioak, jada. Horixe nabarmendu dute suhiltzaileek. Batetik, langileon segurtasunari berari eragiten dio. “Europako protokoloek zehazten dute gutxienez lau suhiltzailek osatutako taldeak behar direla”, azaldu du Mintxo Astizek. Bi sartzen badira suak hartutako etxe batean, adibidez, kanpoan gutxienez bertze bik egon behar dutela zehazten du protokolo horrek. “Kanpoan pertsona bakarra badago, nekez lagundu ahal izanen ditu barrura sartu direnak, laguntza behar izanez gero”. Protokolo hori ez dela beti betetzen azaldu dute.
Bertzetik, egoerak zerbitzuari berari eragiten diola erantsi dute suhiltzaileek. “Auto istripu larri bat gertatzen bada, adibidez, jada ez dugu gaitasunik behar diren suhiltzaile guztiak bidaltzeko”. Gizarteari mezu hori helarazi nahi diotela zehaztu du Sotok. “Ez gara gure lan baldintzei buruz ari; herritarrek jaso beharreko zerbitzu bati eutsi ahal izateko atera gara karrikara”.
Egoeraren adierazgarri, hilaren 1ean Iruñeko Zapateria karrikan gertatu zen sutea jarri du adibide Sotok. 78 urteko emakume bat zendu zen, su horren ondorioz. Trinitarios parkeko lau suhiltzaile izan ziren etxebizitzara ailegatzen lehenak. “Parke horretan, gutxienez, sei suhiltzailek egon behar dute, baina lau bertzerik ez zeuden”. Halakoetan laguntzea ere bada Cordovillako parke nagusiko suhiltzaileen lana; Zapateria karrikara lehen suhiltzaileak baino 20 minutu beranduago ailegatu ziren. “Halako egoeretan, lehendabiziko 20 minutuak dira garrantzitsuenak; denbora tarte horretan ongi jokatuz gero, egoerak hobera egin dezake. Baina laguntza tarte hori pasata ailegatzen bada, okerrera eginen du”.
Mintxo Astizek bertze hainbat adibide jarri ditu mahai gainean: iazko abenduan Igantziko eta Arantzako suteetan gertatutakoa. “Arantzakoa, adibidez, abenduaren 25ean izan zen; lan egin behar ez zuten hogei suhiltzaile baino gehiago altxatu ziren mahaitik, lanera joateko”. Tafallako joan den abuztuko sutean ere antzekoa gertatu zela erantsi du Balbasek; beren kabuz 50 suhiltzaile inguru agertu zirela lanera.
Sute horretan larrialdi zerbitzuen koordinaziorako egitura baten falta agerian gelditu zela gaineratu du langile batzordeko buruak. “Hartutako erabakiek, finean, ondorioak dituzte. Tafallara joateko, lehendabizi nire parkera eta gero SOS Nafarroara deitu behar izan nuen. Gauzak ongi antolatzeko egitura bat falta zen”. Zerbitzuaren ardura gobernuarena dela nabarmendu du Balbasek. “Ez da nahikoa 388 suhiltzaile behar direla onartzea; hori lortzeko neurriak eta konpromisoak behar dira”. Hitzak baino, ekintzak nahi dituzte.