Edurne Elizondo
Eskolan jazarpena pairatu nuen. Baina hori guztia atzean gelditu da. Indartsuagoa naiz orain”. Jose Manuel Orterenak dira hitzak. 39 urte ditu, eta buruko gaitza du. Hitza hartu zuen astelehenean, jendaurrean, Sarasate pasealekuan egindako elkarretaratzean. Anasaps Buruko Osasunerako Nafarroako Elkarteak antolatu zuen, buruko osasunaren egunaren harira.
Elkarte horretan buruko gaitza dutenek eta haien senideek egiten dute bat. Azken egunotan kartel batean jaso dituzte gizartearen aurrean aldarrikatu nahi dituzten mezuak, eta Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezi helarazi zizkioten, asteleheneko elkarretaratzea hasi baino lehen. Kartelean jasotako mezu guztien artean bat nabarmendu zuten Anasapseko kideek: estigmari buruzkoa, alegia. “Edonori gertatzen ahal zaio; jaso ezazu informazioa”, idatzi zuten.
Informazioa, hain zuzen ere, funtsezkotzat jo zuten Anasaps elkarteko kideek, astelehenean jendaurrean egindako ekitaldian, bai eta parlamentuan ere. Informazioa, batez ere, estigmari aurre egiteko. Datuak argigarriak dira. Elkarteko kide Uxue Conesak eman zuen horren berri, Sarasateko elkarretaratzean: “Buruko gaitzen bat duten pertsonen %75ek sufritu dute bazterketa beren bizitzaren arloren batean”. Conesak gaixotasunak ezartzen dituen mugak haustera deitu zituen herritarrak. Buruko gaitz batekin bizitzea zer den ederki daki. “Min egiten digute baztertzen gaituztenean, edo hutsaren hurrengotzat hartzen gaituztenean; indarra ematen digu, ordea, egiten ditugunak ontzat ematen dituztenean, dugun balioa onartzen digutenean. Denok elkarrekin urratsak egiteko ordua da”, erantsi zuen.
Urrats horiek egiteko “laguntza” behar dutela gaineratu zuen Ortek. Eta horixe eskatu zion parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezi. “Diru laguntza handiagoak, osasun zerbitzu publikoak eta enpleguaren arloan neurriak eskatu dizkiogu”, laburbildu zuen. Ortek, adibidez, zentro okupazional batean egiten du lan. “Ni sartu nintzenean, 150 euro jasotzen genuen, hilean; orain, berriz, 84”, salatu zuen. Murrizketen ondorioak utzi zituen agerian.
Ahalduntzea helburu
Anasaps elkarteko kideek astelehenean egindako elkarretaratzearekin bat egin zuten Mejoranako kideek. Elkarte hori buruko gaitza dutenek baino ez dute osatzen; 130 kide inguru ditu, gaur egun. 2007. urtean osatu zuten, eta, geroztik, ahalduntzea izan dute helburu.
Buruko gaitzen inguruko estigmaren aurka ahaldundu nahi dute Mejoranako kideek, batetik; sistemaren beraren aurka ere bai, bertzetik. Izan ere, gaur egungo osasun zerbitzuan “paternalismoa” nagusi dela salatu dute, jendaurrean, egunotan, buruko osasunaren eguna dela eta. “Haurrak bagina bezala tratatzen gaitu sistemak”, nabarmendu du Joseba Verdugok.
Gizarteak buruko gaitza dutenen inguruan hamaika aurreiritzi dituela azaldu du Verdugok. “Gizaki arraro eta arriskutsutzat ikusten gaituzte”. Nabarmendu du, ordea, buruko gaixotasunen bat dutenek pairatzen ohi dutela indarkeria. “Anitzetan, gure giza eskubideak urratzen dituzten teknikak erabiltzen dituzte gu artatzen gaituztenean”. Medikuek gaitza dutenak indarrez 24 orduz ixteko duten aukera bertan behera uzteko eskatu du, adibidez, Mejoranako kideak.
Elkarte horrentzat funtsezkoa da buruko gaitza dutenek parte hartzea esparru horretako planetan eta programetan. Eskatu dute, gainera, buruko gaitza dutenek arlo sozialean eta lan esparruan duten egoera benetan ezagutzeko azterketa egin dezatela. Neurriak eskatu dituzte, halaber, estigmari modu eraginkor batean aurre egiteko.
Mejoranako kideek ere egin nahi dute lan buruko gaitza dutenen errealitatea azaltzeko eta haren berri gizartean zabaltzeko. Horretarako, jardunaldi bat antolatu dute datorren azaroaren 17rako, Aktibismoa eta buruko osasuna izenburupean.
Nork bere burua zaintzeak duen garrantzia ere nabarmendu dute Mejoranako kideek. Nafarroako Gobernuak 2016. urtera bitarte prestatutako Buruko Osasun Planak, hain zuzen ere, populazioaren %17 du jomugan. Kontuan hartzeko kopurua dela uste dute Mejoranako kideek. Elkarte horrek eta Anasapsek bat egin dute, eta berretsi dute parlamentura eramandako mezuetako bat: “Edonori gertatzen ahal zaio”.