Kattalin Barber
Dagoeneko galduta dago Odietako euskara, baina gure bailarako euskalkira gerturatzeko tresna da; liburuxka xume, eroso eta erabilgarria”. Anotzibarren (Odieta) bizi den Iñigo Ibarraren hitzak dira. Odietako Udalarekin batera, Heldu arnasari! Zure euskara bertako hitzez busti dezazun kaleratu du, eta hemendik gutxira herriz herri banatuko dute, doan.
Koldo Artola ohorezko euskaltzainak egindako lana oinarri hartu du Ibarrak. Izan ere, Artola 80ko hamarkadan Odietako ia herri guztietan elkarrizketak egiten aritu zen euskararen inguruan. Ziorditik Uztarrozeraino. Euskara hegoaldeko mugetan barrena argitaratu zuen gero, eta han agertzen dira, besteak beste, Odietako euskararen ezaugarriak.
Artolaren lanaz gain, beste hainbat egile eta dokumentu aztertu ditu Ibarrak. Besteak beste, Labrit Multimedia enpresak herritarren artean egindako hogeita sei orduko elkarrizketak eta herritarrekin izandako solasaldiak izan ditu dokumentazio iturri. “Adineko lau pertsona hemengo euskaraz mintzatzen dira, eta pare bat etxetara jo nuen informazio bila”. Gaur egun, Odietako biztanleen %60 gutxi gorabehera euskaldunak direla uste du Ibarrak, baina gehienek ez dakite bertakoa. “Zaharrez gain, baten bat esaldi batzuk edo lau hitz esateko gai da, baina ez du behar bezala hitz egiteko gaitasuna”. Hain justu ere, euskara ezagutzera eta erabiltzera gonbidatzea du helburu liburuak. Euskara batua bertako hitz eta aditzez bustitzeko. “Eskerrak eman nahi dizkiot Koldo Artolari. Harengatik ez balitz, ezinezkoa litzateke”, aitortu du. Gogora ekarri du Artolak 1983an ikerketa egin zuenean euskaldun gehiago zeudela ibarrean.
Artolak berak lerro batzuk idatzi ditu liburuan, eta hor azaldu du Odietako euskara. Louis Lucien Bonaparte printzeak 1863an argitara eman zuen euskalkien mapan, Odietako euskara Olaibarko aldaera deitu zuenaren barruan kokatu zuen. Sailkapena, hortaz, era honetan taxutu zuen: euskalkia, hegoaldeko goi nafarrera; azpieuskalkia, cispamplones; eta aldaera edo barietatea, Olaibarkoa. “Ultzamaren kutsua du Odietako euskarak, eta baita Baztango euskararen antza ere”, azaldu du Ibarrak. Baditu zenbait ezaugarri “deigarri”, eta horiek biltzen saiatu da liburuan. Horrez gain, ehun hitz baino gehiagoko hiztegia osatu du. Erakargarriago egiteko, komiki formatua erabili du Ibarrak.
“Zerbait atsegina egin nahi nuen, gaurkotua, eta komiki itxura ematea erabaki nuen, irakurterraza eta herritar guztientzat izateko”. Harrera ona izatea espero du Ibarrak. Komikiaren pasarte batean, etorkinak marraztu ditu. Palestinatik, Senegaldik eta Venezuelatik Odietara etorritakoak. “Kanpotik etorritako pertsona batzuek euskara ikasten dute, eta ez hori bakarrik: ohartu dira bertan ere badela euskalki bat, eta trebatzen ari dira”. Ibarrak kontatu du Latasan hegoamerikar bat bizi dela eta euskaltegian izena eman duela.
Aitortu du hasieran ez zuela liburu bat egiteko ideia buruan. “Urtero antolatzen dugu euskararen eguna bailaran, eta aurten bertako euskararen fotokopia batzuk banatzea otu zitzaidan. Udalera jo nuen, eta haiek zerbait dotoreagoa egiteko eskatu zidaten”. Esan eta egin. Ostitz, Ziaurritz, Anotzibar, Erripa, Gendulain, Latasa, Gaskue eta Gelbentzu herriek osatzen dute Odieta harana. Herri txikiak dira guztiak, 360 biztanle baitira denera. Heldu den astean herriz herri banatuko dute Ibarraren liburua.
Eskualde bizia
2012an, Odieta ibarraren egunerokoa eta historia bertsotan kontatu zuen Ibarrak, Odieta, izkutuko altxorraren aztarrikan liburuan. Bertsoekin batera, haranaren argazki ugari ageri dira bertan, Iñaki Bergara argazkilariak egindakoak. “Hor kontatu nuen, esaterako, Euskal Herrian euskaraz idatzitako bigarren liburuaren historia. Santxo Elso Latasako apaizak idatzi zuen, baina ez da alerik topatu”, azaldu du.
Eskualde txikia den arren, gero eta “biziagoa” dagoela dio Ibarrak. Denbora gutxian, kulturaren inguruan ekitaldi eta batzordeak antolatu dituzte: euskara batzordea eta kultura batzordea, kasurako. “Iraultza txiki bat da bailara honetarako; mugimendu asko dago. Adibidez, Santurberko baseliza herriak berreskuratu zuen, eta hilero ekitaldi kulturalak egiten ditugu han”.