“Profesionaloi ere rolak ematen dizkigu gizarteak”

“Profesionaloi ere rolak ematen dizkigu gizarteak”

Kattalin Barber

Aurizko osasun etxean egiten du lan Irune Tubia medikuak (Iruñea, 1985). Generoa eguneroko kontsultan izeneko hitzaldia eman du, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako jardunaldietan.

Osasuna eta aniztasuna izan dituzue hizpide. Zeintzuk dira desberdintasunak osasun arloan, generoaren ikuspegitik?

Generoa, sexua eta genero rolak izan ditugu hizpide, eta horrek gure lanean nola eragiten duen aztertu dugu. Osasun kontuetan, ez du bakarrik eragiten pazientearen generoak. Desberdintasun genetikoak eta biologikoak daude, eta horrek eragiten du gaixotzeko moduan. Baina badira, generoari dagokionez, baldintza sozialak eta kulturalak ere, batez ere bizi ohituretan eragiten dutenak; eta bizi ohiturek, azkenean, baldintzatzen dute, ehuneko handi batean, gero gaixotzeko moduan. Horrez gain, profesionalok nola lan egiten dugun aztertu dugu. Adibidez, aurten ikerketa bat argitaratu dute AEBetan, eta ondorioztatu dute ospitalean gaixoak emakumeek artatzen zituztenean hilkortasun tasa txikiagoa zela. Horrek ez du esan nahi emakumeak hobeak direnik, beste faktore batzuk daude, noski; baina badirudi emakumeak denbora gehiago egoten garela pazienteekin.

Nola eragiten du generoak gaixotzeko moduan?

Alde batetik, biologikoki eta genetikoki badira desberdintasunak. Horrek baldintzatzen du gure gorputzaren funtzionamendua, bai eta gaixotzeko modua ere. Baina, batez ere, bizi ohiturek; adibidez, emakume eta gizonen tabako kontsumoa desberdina izan da historikoki, baina orain aldatzen ari da. Igotzen ari da emakumeen artean, eta horrek eragiten du haiengan lehen hain ohikoak ez ziren gaixotasunak agertzea. Horrez gain, ongizatean eragin ahal du generoak. Europako beste ikerketa batean diotenez, herrialde guztietan emakumeen ongizate psikologikoa gizonena baino baxuagoa da. Ziurrenik, eragina izanen du emakumearen egoerak eta dituen aukerak. Egiturazko kontua da generoarena, eta alde guztiei eragiten die.

Emakumeek bizi itxaropen handiagoa dute, baina bizi kalitate baxuagoa?

Leku askotan, bai. Bitxia da: lehen bazen alde handia emakume eta gizonen arteko bizi itxaropenean, eta azken urteotan zenbakiak ari dira hurbiltzen. Egun, emakumeena ez da aldatu, eta gizonena ari da igotzen. Aztertu beharko litzateke zergatik ari den aldatzen, eta zergatik batzuk hobera doazen besteak baino azkarrago.

Familiako medikua zara zu. Eguneroko kontsultan nola eragiten du generoak?

Gehienetan, desberdintasunak kontuan ez hartzera jotzen dugu. Esaterako, botiken dosiak kalkulatu ohi dira 70 kiloko gizon batentzat. Gauza horiek guztiak ez ditugu buruan izaten gaixoak artatzean. Horrez gain, jendea guregana etortzen denean, askotan, nahi gabe ere, modu desberdinean aritzen gara gaixoaren generoaren arabera. Kontuz ibili behar dugu.

Zer egin horri aurre egiteko eta kontsultan genero ikuspegia txertatzeko?

Alde batetik, egiten diren ikerketetan genero ikuspegia txertatu behar dugu, eta, beste aldetik, profesionalok hausnarketa egin behar dugu. Egunero bost minutu hartuko bagenu gogoeta egiteko, eta pazientearen generoak edo nire generoak eguneroko erabakietan zertan eragiten duen jakiteko, pauso handi bat litzateke. Azken finean, poliki-poliki begirada aldatzea eta desberdintasunak kontuan izatea da gakoa.

Gizonen gaixotasunak aztertuz eratu da medikuntza. Ikusezin egin du emakumeen osasuna?

Batzuetan, bai, baina ez bortxaz. Gaur egun dagoen bizitzaren medikalizazio horretan agian emakumeen osasuna gehiago izan da kontuan. Haurdunaldia kontrolatu behar da, baina ez da patologizatu behar, ez da gaixotasun bat. Hilekoarekin ere antzekoa gertatzen ari da. Hormonek gure egoera psikologikoan eragin dezakete, baina hortik patologizatzera eta tratamendu bat ematera alde handia dago. Tentuz ibili behar da. Hortaz, egia da gauza asko gizonen ikuspuntutik aztertu direla, baina, era berean, gehiegi patologizatu dira emakumeen hainbat kontu.

Eguneroko kontsultan generoak baldintzatzen zaitu?

Oso harreman pertsonala da osasun langileen eta pazienteen artekoa. Baina egia da askotan jendeari kostatzen zaiola, batez ere adin bateko jendeari, emakumea eta medikua izatea onartzea. Euskaldun eta mediku onaren arteko arazo bera da mediku eta emakumea izatearena. Medikua gizonarekin identifikatu ohi da, eta erizaina, berriz, emakumearekin. Horrelako hamaika egoera bizi izan ditut. Erizain gizon batekin etxe batera baldin banoa, askotan hari bakarrik egin diote kasu, medikua dela pentsatzen dutelako. Dena den, inoiz ez dut sentitu baztertu nautenik, ezta nire generoarengatik gutxietsi nautenik ere.

Oraindik falta da gizartean hori barneratzea?

Bai, erabat. Azken finean, ematen zaizkigun rolak dira, eta ez da bakarrik osasun arloan gertatzen. Gainera, erizain gizonen egoera askoz larriagoa da oraindik. Inork ez du pentsatzen gizon bat izanen denik erizaina. Eta jakin behar dugu gizarteak ez dizkiela bakarrik pazienteei rolak ematen, guri ere ematen dizkigu, eta horren parte gara. Iruditzen zait emakumeok beti egin behar dugula gehiago, ahalegintxo bat, erakutsi behar dugula badakigula gure lana egiten. Euskalduna izatearen gauza bera da. Hala ere, aurrera goaz, nork bere aletxoa jarriz, eta begirada hori aldatuz.