Ama esnearen banku bat eskatu du Amagintzak

Ama esnearen banku bat eskatu du Amagintzak

Ama esnearen banku bat. Horixe eskatu du Amagintza elkarteak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. Elkarteko kide Usua Purroik, Carmen Martinek eta Raquel Saenzek hartu dute hitza, Osasun Batzordeko parlamentarien aurrean, hilaren 16an. Ez da eskaera hori egiten duten lehen aldia: 2017an eta 2021ean ere parlamentuan izan ziren Amagintzako kideak, baina Nafarroako Gobernuak oraindik ez du ama esnearen bankua sortzeko urratsik egin.

Zehazki, ume goiztiarrak edota gaixo daudenak artatzeko eskatu du Amagintzak ama esnearen bankua. «Zientziaren ikuspuntutik, hamaika ikerketak erakutsi dute ama esneak on egiten diela haur goiztiarrei: txikitu egiten du umeok gaixotzeko arriskua, eta mesede egiten dio haurren garapen neuronalari», nabarmendu du Carmen Martinek.

Nafarroan 4.358 ume jaio ziren 2022. urtean, eta haietako 308 izan ziren goiztiarrak; hau da, haurdunaldiko 37. astea baino lehen jaiotakoak. 254 Nafarroako Unibertsitate Ospitalean sortu ziren, Iruñean: 221 haurdunaldiko 37. astea bete baino lehen jaio ziren, eta bertze 33, haurdunaldiko 32. astea baino lehen. Tuteran berrogei ume goiztiar sortu ziren, eta Lizarran, berriz, hamalau.

«Amek, edozein dela kausa, ezin badute bularra eman, banku batek bermatzen ahal du haur goiztiar guztiek jaso ahal izanen dutela ama esnea», erran du Amagintzako lehendakari Usua Purroik. Azaldu duenez, odol bankuetan bezala, jasotako esnea analizatzen eta prozesatzen dute esne bankuetako biltegietan gorde baino lehen. «Hau da, bada kontrol bat: badira esnea eman ahal izateko bete beharreko baldintzak», zehaztu du.

Ama esnearen bankuak egiteko zenbait modu daude; ospitaleetako haur goiztiarrentzako unitateetan jartzen dituzte zenbait tokitan; bertze batzuetan, berriz, odol eta ehun bankuak baliatzen dituzte, esnea ere azpiegitura horietan biltzeko. «Odol eta ehun bankuetan dauden baliabideak aprobetxatzen badira, aurrekontua merkatu daiteke», aipatu du Purroik. Amagintzako kideek datu zehatzak erakutsi dizkiete parlamentariei: zehaztu dute ama esnearen banku bat eraikitzeko 100.000 euro inguru behar direla; eta 70.000 inguru urtean bankuak funtziona dezan.

25 urte

Nafarroako Parlamentura eraman du Amagintzak bere eskaera; Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko arduradunekin ere egin dituzte bilerak azken hilabeteotan. «Azterketa bat eginen dutela erran digute», adierazi dute elkarteko kideek Iruñean, parlamentuko agerraldian. Osasun Departamentuaren asmoa odol eta ehun bankuak dituen azpiegiturak baliatzea izanen litzatekeela erantsi dute. Oraindik, halere, ez dago proiektu zehatzik. Amagintzak, baina, ama esnearen banku bat izateko beharra berretsi du, eta garbi utzi du Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko profesionalek ere bat egin dutela eskaera horrekin. Amagintzako kideek 2025eko aurrekontuetan proiektu hori kontuan hartzeko eskatu diete parlamentuko taldeei. 

«Amek, edozein dela kausa, ezin badute bularra eman, banku batek berma dezake haur goiztiarrek jaso ahal izanen dutela ama esnea». 
USUA PURROI Amagintza elkarteko lehendakaria

Parlamentuko Osasun Batzordeko kideek eskertu egin dituzte Amagintzako kideek emandako azalpenak, eta bat egin dute esne bankua martxan jartzeko asmoarekin. Amagintzak egiten duen lana ere eskertu dute parlamentariek. 

Elkarteak 25 urte beteko ditu aurten, hain zuzen ere. Zortzi boluntariok osatzen dute taldea. Edoskitzea bultzatzea eta laguntzea dute helburu. Iaz, Amagintzako kideek 176 familia artatu zituzten elkarteak antolatutako tailerretan, eta telefonoz, gainera, seiehun kontsulta inguru jaso zituzten. Kontsulta horien ondorioz, 72 pertsona artatu zituzten aurrez aurre.