“Esak borroka berean lotu gaitu hango eta hemengoak”

“Esak borroka berean lotu gaitu hango eta hemengoak”

Kattalin Barber

Esa urtegia handitzeko lanen aurkako erresistentziaren ikur bilakatu da Aragoiko (Espainia) Artieda herria. Gaurtik hasita eta igandera bitarte han ospatuko dute Esfendemos a Tierra jaialdi politiko eta soziala. Raul Ramonek (Artieda, 1989) nafarrak gonbidatu ditu.

Bederatzigarren aldia da aurtengoa. Helburuak berdinak dira?

Esa handitzeko lanen aurkako jaialdia da. Ur arazo asko ditugu Aragoin, eta horien berri ematea da gure helburua. Pertsona askok urtegien erruz haien etxeak utzi behar izan dituzte, eta herriak ere hustu dituzte. XXI. mendean gara, eta, oraindik ere, arazo oso larriak ditugu; gure lurraldea defendatu behar dugu, gure lurra defendatu. Mobilizazio handia sortu da Aragoin, eta jaialdiaren bidez herritarrak kontzientziatu nahi ditugu hemengo arazoez.

Musika, aisialdia eta borroka uztartuko dituzue…

Festa egonen da, baina baita borroka eta konpromisoa ere. Neguan 65 pertsona bizi gara hemen. Asteburu honetan, aldiz, mila pertsona inguru etorriko dira Artiedara. Kontzertu oso indartsuak ditugu aurten: La Otra, Tremenda Jauria, Aspencat… Iaz jende asko etorri zen, eta aurten gehiago espero dugu. Nafarroako jendea ere etorri ohi da, baina gehiago etortzea gustatuko litzaiguke. Oso giro polita sortzen da hiru egunotan. Gainera, jaialdi osoa doan da, larunbateko kontzertua izan ezik, eta biltzen dugun diru guztia Esaren aurkako borroka jarraitzeko da. Boluntario asko gaude lanean, eta jendearen konpromisoari esker aurrera egiten du jaialdiak. Iaz, adibidez, lortutako diru guztia Esako 8ei eman genien. Agintearen aurkako atentatua egotzi zieten, Artiedan gertatutako oldarraldian parte hartu zuten guardia zibilei eraso zietelakoan.

Hain zuzen ere, Artiedan eginen duzue jaialdia, Esa handitzeko lanek eragindako kalteak asko sufritu duen herrian.

Esan dezakegu Esa handitzeko lanek eragindako kalteak gehien sufritu dugunak Artiedakoak izan garela. Herri txikia da gurea, baina 40 urte baino gehiago daramatza herriak ur azpiegitura horren aurka borrokan. Hortaz, beste helburuetako bat da Aragoiko gazteak eta beste lurralde batzuetatik etortzen diren gazteak mobilizatzea, eta proiektu ekologiko eta sozialen berri ematea. Esako urtegikoaz gain, beste herri batzuetako borrokak ekartzen ditugu gurera. Chiapasko lagunak, Saharakoak, AHTaren aurkako mugimendua… egon dira jaialdian. Aurten, okupazio mugimendua jorratuko dugu, eta Errekaleorko, La Selbako eta Aineto herriko jendeak haien esperientziaz hitz eginen du. Horrez gain, Nines Maestre Izquierda Unidako politikari ohiak internazionalismoari buruzko hitzaldia emanen du.

Artiedan sortu zenuten Aturando Yesa gazte elkartea, eta jaialdiko antolatzaileak zarete. Zein da zuen borroka?

Purna gazte elkartearekin batera antolatzen dugu jaialdia. Esako urtegiaren aurkako borroka beste modu batez eramateko sortu genuen elkartea. Sare sozialetan eta Interneten mugimendua piztu nahi genuen, eta herriko gazteok taldea antolatu genuen. Hala ere, beti Rio Aragon elkartearen eskutik goaz. Hainbat hamarkadako esperientzia dute.

Zein da orain egoera?

Esako eskuineko hegalak mugitzen jarraitzen du, baina handitzeko proiektuarekin jarraitzen dute. Edukiera bikoiztea da helburua, baina argi izan behar dugu zentzurik eta beharrizanik ez duen proiektua dela. Oposizio handia dago, bai Aragoin, bai eta Nafarroan ere, eta indarrak batu behar ditugu Esako urtegiaren aurka. Gainera, orain dela hilabete batzuk Nafarroak jasan izan zituen lurrikarak direla medio, urtegiak sortzen duen kezka areagotu egin da inguruan. Ez da batere segurua, eta pertsona askoren bizitza jokoan dago.

Iruñean maiatzean egindako manifestazioan argi esan zenuten: Esak ezin du itxaron.

Hori aldarrikatu genuen, eta, era berean, nazioarteko adituen txosten bat galdegin dugu. Txosten horrek handitze lanak egiteko interesa dutenetatik independentea izan behar du; nazioarteko bermea behar dugu. Gainera, izugarrizko dirua dago jokoan, eta hasierako aurrekontua ia bost aldiz handitu da. Zerbait gertatzen bada, zer eginen dugu? Ezin dugu itxaron, mugimenduak daudelako.

Zuen egunerokoa asko baldintzatzen du urtegiak?

Bai, eta bereziki urtegitik behera dauden herriena. Mehatxupean bizitzea ez da batere erraza. Urak azpian har dezakeenagatik ari gara borrokan Artiedan; urak eraman dezakeenagatik, aldiz, Zangozan. Esak borroka berean lotu gaitu hango eta hemengo herritarrak. Gure lurraren eta gure bizimoduaren defentsan egin behar dugu lan. Zer gertatu daitekeenaren beldur bizi gara, eta irtenbidea eman behar diogu honi. Beste aukerak badaude: Esaren ur maila jaistea, ureztatzeko dauden beste baliabide batzuk baliatzea, eta segurtasuna ziurtatuko duten neurriak hartzea, besteak beste. Zaragozak, gainera, esan du ez duela Esako ura behar.

Herriak elkartuta zaudete urtegiaren aurkako borrokan?

Bai, badago plataforma bat ,eta plataforma horretan dira hainbat elkarte. Rio Aragon eta Zangozako Esa + Ez Lanak Gelditu, adibidez. Elkarte desberdinak garen arren, praktikan, lan guztia elkarrekin egiten dugu. Horrela lor dezakegu indar handiagoa eta eragin handiagoa proiektuaren aurka.