Ozeanoaz bestaldeko etxea

Ozeanoaz bestaldeko etxea

Iker Tubia

Ozeano Atlantikoa zeharkatuta ere, han bada euskararik, bada euskal kulturarik. Urteak dira euskaldunek maleta hartu eta Amerikara emigratu zutela; tartean, nafar anitz. Horietako batzuek Argentina izan zuten aterpe, eta han eraiki zuten etxea. Euskal Herria ahantzi gabe, hura bihurtu zen haien aberri. Euskal etxeak aurkitu daitezke nonahi Argentinan: tartean, Necocheakoa. Historiaren zirimolak hainbatetan lotu du Argentinako hiri hori Nafarroarekin. Baztan, Bortziriak, Zaraitzu, Malerreka… ez dira izen arrotzak Necochean; ez, behinik behin, euskal etxearen inguruan. Eremu haietatik joan ziren gaurko euskal-argentinarren arbasoetako batzuk.

Istorioak kontatzeko, komeni hasieratik hastea, eta berdin historiarekin; aurretik gertatutakoak baldintzatu baitezake ondorengoa. Necochea izenak, bistan da, ez du esanahirik gazteleraz, ezta querandieraz edo Argentinan hitz egiten ziren hizkuntzetan ere. Nekotxea euskara da, eta Nafarroatik ailegatu zen Argentinara. Mariano Necochearen omenez jarri zioten izena Argentinako hiriari. Maiatzeko Iraultzan parte hartu zuen, eta Argentinako independentziaren aldeko gerran ez ezik, Txile eta Perukoan ere aritu zen. Hala, pertsona historiko garrantzitsua da Hego Amerikan.

Necochea Buenos Airesen sortu zen, 1792. urtean, eta aita nafarra zuen: Urzainkikoa, hain zuzen ere. Are, hiriak Nekotxea abizenaren heraldika erabili zuen armarri gisa denbora tarte motz batez. Ez zuen askorik iraun. 1977an, itsasargia eta zubia ageri zituen armarria alde batera utzi zuten nekotxeatarren armarriaren alde, baina 1983an atzera egin behar izan zuten, eta lehengo armarria ezarri.

Necochea hirian arrunt ezaguna da euskal etxea, euskal herritarren komunitate handia baitago han, eta hiriari irekia delako. Hala, ohikoa da euskal etxeari buruzko informazioak hango egunkarian argitaratzea, adibidez. Euskal etxean sartzen dena berehala konturatuko da gipuzkoarren ondorengo asko dabilela han. Baina lotura handia du euskal etxeak Nafarroarekin ere. Adibidez, instituzio horretako lehenbiziko alkatea Pedro Irungaray izan zen, erroak Baztanen zituen gizona. Alkatea ohorezko karguduna da, euskal etxearen alde lan egin dutenei aitortza egiteko. “Pertsona honi errespetu handia genion, eta asko maite genuen, ez soilik euskal diasporan, baita komunitate osoan ere”, azaldu du Ricardo Esnaola euskal etxeko kideak. “Gogoan dut oso zaharra zelarik mutil dantzak erakasten eta dantzatzen Necocheako plazan ospatzen genuen Aberri Egunean”.

Gaur egun, Euskal Herritik Argentinara joandakoetatik, gutxi daude bizirik. Badira batzuk, dena den. Necochean, Nafarroatik joandakorik ez, baina haien ondorengoak aurkitu litezke. Horietako bat da Esnaola. Haren amatxi lesakarra zen, eta gipuzkoar batekin ezkondu zen gero. “Necocheak eta hemengo euskaldunek lotura handia dugu Nafarroarekin”, aitortu du. Necocheako euskal herritarren ondorengoek aski ongi ezagutzen dute Euskal Herria; bertako berri izaten dute, eta, gainera, behin baino gehiagotan bidaiatu dute Euskal Herrira. Adibidez, Esnaola Lesakan ibili izan da, arbasoen arrastoaren atzetik. Amatxiren baserria ezagutu zuen, Makuko Borda, baita ordura arte ezagutzen ez zituen senideak ere.

Pedro Jose Azkoitik ere badu loturarik Nafarroarekin. Haren aitatxi Pedro Azkoiti Azkarate zen, eta, eskuratu zituzten paperen arabera, Erriberrin sortua zen. “Arrasto horren atzetik ibili ginen, eta azkenik esan ziguten Azkoiti abizena izanda normalagoa litzatekeela Zaraitzu ibarrekoa izatea”, azaldu du. Pentsatzen jarrita, transhumantziaren ondorioak izan zitezkeela uste du Azkoitik. Baliteke haren aitatxiren gurasoak Zaraitzukoak izatea, edota bata Zaraitzukoa eta Erriberrikoa bestea. Oraingoz ez du informazio askorik eskuratzerik izan, baina hariari tiraka jarraitzeko gogoa du, iragan nafar hori hobeki ezagutzeko.

Aipatu familiak bezala, Lesakatik heldu ziren iriberritarrak, Elizondotik elizetxetarrak eta Arizkunetik errotabereatarrak, besteak beste. Bestalde, itzulerako bidaia egin duenik bada, denboraldi baterako behinik behin. Necocheako gazte batzuek egonaldia egin izan dute Arantzako aterpetxean, barnetegian euskara hobetzeko. Izan ere, hango gazte batzuek arbasoen hizkuntza ikasi nahi izan dute, baita ongi lortu ere helburua. Necochean euskara aditzea ez da kontu arraroa; euskal etxearen inguruan ez, behinik behin.

Hara eta hona

Harreman sendoa du Necocheako euskal etxeak Euskal Herriarekin. Ez soilik odol eta familia lotura, gainera. Azken hamarkadan, Hator Hona egitasmoa antolatu dute hango gazteek, Necocheako eta Euskal Herriko gazteen arteko harremanak bultzatzeko. 2004an sortu zen programa, eta ordutik etenik gabe egin dute; aurten ere bai. Hala, Euskal Herri osoko gazteak joan izan dira azken 13 urteetan diasporaren errealitatea ezagutu eta euskal kultura haiekin partekatzera. Dantza, euskara, trikitia, kirolak eta abar erakusten dizkiete hemendik joandako gazteek.

Hara eta hona, Necocheatik euskal herritarren sarea indartzen eta zabaltzen ari dira urtetik urtera. Teknologia berriek, gainera, inoiz baino gertuago paratu ditu diaspora eta Euskal Herria. Hala ere, harremanak saretzeko tenorean, ezinbestekoa izaten da bestearen errealitatea bertatik bertara ezagutzea. Hori dute helburu Necochean. Nafarrek eta euskal herritar guziek Argentinan badute beste etxe bat.

Irudia: Iker Tubia