Berriz piztu da herri zaharra

Kattalin Barber

Uharte moduko bat dira Sarrigurenen Errizar aretoa eta ondoan dituen hiru etxe zaharrak. Inguruan etxe berriak eraikitzen ari ziren bitartean, hamar urtetik gora erabat utzita eta hondamendi egoeran egon da herri zaharra. Orain, berrituta, Eguesibarko kulturaren erdigune izatea nahi du hango udalak. Errizar aretoak joan den astean ireki zituen ateak, eta XII. mendeko eliza izan zenak erakusketak, hitzaldiak eta kulturaren arloko jarduerak hartuko ditu aurrerantzean.

14.779 biztanle ditu egun Sarrigurenek, baina, eztanda demografikoa jazo aurretik, hamar biztanle baino ez zituen. Mari Cruz Mina han bizi izan zen 1956. urtera arte. “Geroztik, itzultzea gustatzen zait, baina ez du zerikusirik izan zenarekin; askotan ez dut herria ezagutu ere egiten”, aitortu du. 18 urterekin Sarriguren utzi zuen, eta familia Iruñera joan zen, “etorkizun hobe baten bila”. Begi onez ikusi du herri zaharra biziberritzea; Errizar aretoa inauguratu zuten egunean han izan zen, ahizparekin. “Eliza oso polita dago, eta gustatu zait herria berrituta eta apainduta ikustea. Hala ere, areto berriak ez du zerikusirik eliza zaharrarekin. Dagoeneko ez da eliza”.

Udan amaitu zituen lanak Nafarroako Gobernuak; Sarrigurengo herri zaharraren eremua eta lau eraikin moldatu ditu. Gizarte eta kultur erabilerarako izanen dira, baina, oraingoz, Errizar aretoa da egokituta dagoen bakarra. “Gure asmoa da aurten beste eraikin bat irekitzea, herritarrek erabiltzeko. Erabilera guztiz definitzeko dago, baina talde kulturalentzat edota gazteentzat izan daiteke”, azaldu du Joseba Orduña Eguesibarko Kultura zinegotziak. Hiru eraikin horietako bat izan zen Minaren familiaren etxea, eta “ilusio berezia” egin dio berritzeak eta mantentzeak. “Teilatu berria jarri diote, baina oraingoz ezin da erabili”.

Udalak nahi du Sarrigurengo herri zaharra Eguesibarko “kulturaren herria” izatea. Orduñak argi du, halaber, beharrezkoa zela herri zaharrari irtenbide bat ematea, erortzeko zorian baitzegoen. “Herriko populazioa handitu den heinean, ez dira sortu beharrezko egiturak”. Gaur egun, hain zuzen ere, Eguesibar Nafarroako hirugarren udalerria da, herritarren kopuruari erreparatuz gero. Besteak beste, ireki berri duten aretoa erabiliko dute erakusketak, hitzaldiak, ekitaldi ofizialak eta ezkontza zibilak egiteko. Egunotan, Ibarretik Ibarrarentzat erakusketa dago, Xabier Morras, Elena Bezunartea, Celia Eslava, Ricardo Laspidea, Mintxo Ilundain eta Rafael Huerta artisten lanekin. Aurrerantzean, Eguesibarko beste artista batzuen lanak paratuko dituzte areto berrian.

Utzikeriak jota

XII. mendeko eliza txikia desakralizatu egin zuten aspaldi, eta hondamendi egoeran egon da azken hamarkadan. Horregatik, Errizar aretoaren irekierak harrera ona izan duela nabarmendu du Eguesibarko Kultura zinegotziak. “Jende asko etorri da erakusketa ikustera, eta, nahiz eta areto txikia izan, horrelako zentro bat sortzea pozgarria da herritarrentzat”. Horixe berretsi du Minak.

Eliza zaharra zenak hiru eraikin zahar ditu ondoan, eta hirurak moldatu eta sendotu dituzte; horrez gain, ingurunea urbanizatu dute, berriz ere, bizikidetzako hiri espazio gisa. “Lanean ari gara Eguesibarri behar dituen espazio kulturalak emateko, eta Errizar aurrerapauso bat da bide horretan”, esan du Joseba Orduñak.

2003. urtean joan ziren herri zaharreko azken bizilagunak, eta, joan den urtera arte, “erabat utzita” egon da ingurua. “Oso gogorra izan zen alde egin zuen azken familiarentzat, eta gaizki pasatu zuten”, gogoratu ditu Minak ordukoak. Orduñak azaldu duen moduan, ordutik landarez eta sastrakaz beteta egon da inguru guztia, eta hesiz inguratuta, gainera, berritzeko lanak hasi zituzten arte. “Itxura txarra zuen”.

Nafarroako Gobernua izan da orain arte herri zaharraren jabe, eta, behin berritu eta gero, Nasuvinsa elkarte publikoak eraikin guztiak utzi dizkio Eguesibarko Udalari, erabilera sozial eta kulturaletarako hornidura gisa erabiltzeko. Hurrengo 25 urteotan udala izanen da herri zaharra kudeatuko duen erakundea, beraz. “Beharrezkoa zen hauen gisako espazio publiko berriak izatea, haran osoak erabiltzeko eta gozatzeko”, berretsi du zinegotziak.

Orain, gizarte eta kultura arloko erdigune bihurtuko da Eguesibarko kontzejuetako auzokideentzat. Hain zuzen ere, Sarrigurengo urbanizazioa egitearen ondorioz utzi zuten herrixka, eta, hainbat urtez itzalean egon eta gero, berriro ireki ditu ateak, herritarrek bat egiteko gune bat izan dezaten, eta kultura suspertzeko asmoz.