Plazak hartuko dituzte bardoek

Edurne Elizondo

Itzuli dira. Nafarroan dira, berriz ere, Bardoak. Bertsolari hasiberriak trebatzeko asmoz sortu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak herrialdeko taldekako txapelketa, eta, 2012. urtean lehendabiziko aldiz egin zutenetik, gora baino ez du egin. Inoiz baino bertsolari gehiago ariko dira aurten kantuan: 74, denera. Parte hartzaileak gehiago izanen dira, 113, hain zuzen ere, hamasei taldetan banatuta. Bi urtean behin egiten duten txapelketa hori Beran hasiko da, gaur, eta Lekunberrin eginen dute finaleko saio nagusia, datorren martxoaren 24an.

“Oso pozik gara txapelketak izan duen erantzunarekin”, nabarmendu du Nafarroako Bertsozale Elkarteko sustapen eragile Ander Perezek. Bardoak txapelketan sortzen den giroa da gakoa, Perezen ustez. Izan ere, asmo nagusia bertsolari hasiberriei trebatzeko aukera eskaintzea denez, saio txikiak eta lagun artekoak antolatzen ohi dituzte. Bertso eskolaren eta bakarkako txapelketaren arteko nolabaiteko maila edo koska litzateke Bardoak ekinaldia.

Nafarroan 40 bertso eskola baino gehiago dago martxan, gaur egun. “Horietako hogei inguru dira helduentzako bertso eskolak; Bardoak txapelketan hamasei talde ariko dira, hau da, ia bat dugu eskola bakoitzeko”, azaldu du Perezek. Taldeka aritzeko aukerak hasiberrien beldurra eta urduritasuna bazter uzteko bidea ematen die bertsolariei. Ariketak banatzen dituzte, eta, ondorioz, nork bere neurriko lana egin dezake txapelketan. “Ardurak banatuz, parte hartzeko urratsa errazago egiten dute hasiberriek”.

Txapelketan izena eman duten hamasei taldeek bost multzotan banatuta parte hartuko dute. Gaur Beran eginen duten saioarekin hasiko da lehen fasea. Ibardin: Hiru eta lau dira zazpi (Bera) eta Sakana Zirt (Sakana) taldeak ariko dira nor baino nor.

Hilaren 17an amaituko da lehen fasea. Bigarrena martxoaren 2tik 11ra eginen dute, eta finala, berriz, martxoaren 24an, Lekunberrin. Azken saio horretan, bigarren faseko saioen hiru irabazleak ariko dira lehian.

2011. urtean egindako hausnarketaren emaitza da Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bardoak taldekako txapelketa. Bakarkako txapelketa hasiberri anitzentzat gehiegizkoa izan zitekeela konturatu ziren elkarteko kideak, eta plazan aritzeko bertzelako aukerak eskaini nahi izan zizkieten bertso eskoletan trebatzen ari ziren kantariei. “Garai batean uste zen berezkoa zutela bertsolariek plazan abesteko gaitasuna; orain argi dugu bertsolariak trebatzen direla, hobera egiten ahal dutela prestatuz, ikasiz”, erran du Perezek.

Laugarrenez eginen dute aurten Bardoak txapelketa. Taldekako lan horren eta bakarkako txapelketa nagusiaren arteko “lotura zuzenik” oraindik ez dela aitortu du Perezek; hau da, taldeka aritzen diren guztiek ez dute bakarka ere kantatzeko urratsa egiten. “Baina egia da bakarkako txapelketan ere gero eta bertsolari gehiago aritzen direla, eta haietako asko direla bertso eskoletan eta taldekako txapelketan aritutakoak”, zehaztu du bertsozale elkarteko sustapen eragileak.

Desoreka

Bertsolariak trebatzeko beharraren inguruko gogoetak ekarri ditu Bardoak. Perezek nabarmendu du badela gogoetarako edo azterketarako gai gehiago ere, bertzeak bertze emakumeen eta gizonen artean dagoen desoreka. “Desoreka hori garbia da taldekako txapelketan; bertsolarien artean, hiru laurden inguru dira gizonezkoak”. Proportzio hori alderantzizkoa da txapelketan ariko diren taldeetako gainerako postuetan. Izan ere, taldea ez dute bakarrik kantuan ariko diren bertsolariek osatzen; gai jartzaile aritzen dira bertze hainbat kide, bai eta saioak antolatzen ere. “Postu horietan emakume gehiago dago”.

Bertso eskoletan gertatzen dena aipatu du Perezek ere, haurren artean gehienak emakumeak izan arren plazetan aritzeko urratsa egiten dutenak, batez ere, gizonezkoak direlako. “Badakigu nolako gizartean bizi garen, baina egia da bertsolaritzaren esparruan desoreka handia badela. Aztertu beharreko gaia da, zalantzarik gabe”.

Bardoak txapelketak 23 bertso saio eskainiko ditu, datozen egunetan eta martxoaren 24ra bitarte, herrialdeko hamaika txokotan. Bertsolaritza herriz herri eramatea da antolatzaileen bertze helburu nagusietako bat, tokian tokiko zaletasuna pizteko asmoz. 23 saio horien atzean dagoen auzolana nabarmendu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, hain zuzen ere, txapelketan izena eman duten taldeetako kideek abestu baino anitzez ere gehiago egiten baitute. Bardoak herrialdean dira, eta herrialdean geldituko dira, gutxienez, finalera arte.