Isildu nahi ez dutenen ahotsa

Isildu nahi ez dutenen ahotsa

Edurne Elizondo

Harrotasun eroaren eguna izan da igandekoa. Lehendabizikoz antolatu dute dibertsitate mentala eta sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituztenek. Manifestazioa egin zuten, larunbatean; igandean, aldarrikapena bestarekin nahastu zuten, eta kontzertuak eta bazkaria antolatu zituzten. Parte hartzaileen artean izan zen Sergio Saldaña Soto (Iruñea, 1976). Duela bost urte, Tengo trastorno bipolar izenburuko liburua argitaratu zuen; asteon, berriz, Dicen que tengo trastorno bipolar, reflexiones sobre mi locura aurkeztu du. “Ilusioak galdu, eta esperantzak irabazi ditut. Helduagoa naiz orain. Nork berea du kontatzeko, eta nik nire esperientzia ekarri nahi dut eztabaidara”.

Dibertsitate mentalari buruzko eztabaidaz ari da Saldaña Soto; zehazkiago erranda, dibertsitate mentala artatzeko moduei eta psikiatriaren ereduei buruzkoaz. Harrotasun eroaren egunaren gisako ekinaldiak erakusten ari dira buruko osasuneko zerbitzuetako erabiltzaileak urratsak egiten ari direla boteretzeko, eta, Saldaña Soto bezala, ahalegina egiten ari direla nork bere bizipena kontatzeko. Ahalegin eta ahalduntze prozesu horren adierazgarri dira, adibidez, Nafarroan lanean ari den Mejorana elkartea, bai eta talde horrek berak bultzatuta sortu duten Nafarroako Giza Eskubideen eta Buruko Osasunaren Plataforma ere.

“Gizarteak, nahi ez badu ere, errateko duguna entzun beharko du. Ez dago atzera bueltarik. Nork berea kontatzen duenean, kontakizun horrek badu balio erantsia”, nabarmendu du Saldaña Sotok. 1994. urtean egin zioten diagnostikoa: nahasmendu bipolarra. Duela bost urte argitaratu zuen bere lehendabiziko liburuan, honela azaldu zituen bere helburuak: “Nire bizipenak partekatu nahi izan ditut. Nire esperientziatik abiatuta, nahasmendu bipolarra zer den kontatzeko. Dramatismorik gabe. Ez dugu biktima bilakatu behar. Nire liburua ez da gaitzari buruzko tesia. Nik kontatzen dut nire nahasmendu bipolarra zer den”.

Autokritika

Oraingo bigarren liburuan, bere buruari egin dio kritika, lehenik eta behin. “Lehendabizikoan erabili nuen umorea, adibidez, bazter utzi dut”. Ez da damutu argitaratu izanaz, baina jendaurrean bere esperientzien berri zabaldu izanak “ondorioak” izan dituela aitortu du: “Espero nituen. Ezusteko anitz hartu dut; haietako anitz onak, eta batzuk txarrak”. Emaitza, oro har, “ontzat” jo du, dena den: “Liburuak nik uste baino anitzez ere bide luzeagoa egin du. Hamaika aurkezpen eta hitzaldi egin nituen, eta hedabideek ere nik nahi nuen bozgorailua eskaini zidaten”, azaldu du egileak.

Dibertsitate mentala dutenen ahotsak entzuteko “beharra” dagoela argi du Saldaña Sotok, eta, horregatik, “txalotu eta eskertu” egin du Mejoranaren gisako elkarteak egiten ari diren lana. Los Perro Verde, Kataluniako ActivaMent eta Asturiasko (Espainia) Hierbabuena ere aipatu ditu.

Dibertsitate mentala dutenen bultzadak “erakundea” du aurrean. Horixe erantsi du. Aspaldiko inertziek psikiatriaren esparruan duten indarra nabarmendu du, batetik, eta, bertzetik, profesionalen eta erabiltzaileen artean sortzen diren “botere harremanak” bazter uzteko zailtasunak badirela. Hala eta guztiz ere, urratsak egiten ari direla uste du, eta egoera, jada, ez dela berak diagnostikoa jaso zueneko garaikoa bezalakoa. “Ezta duela bost urtekoa bezalakoa ere”. Nafarroan, Jose Antonio Intxauspe eta Mikel Valverde psikiatrak egiten ari diren urratsak nabarmendu ditu Saldaña Sotok. “Bertze eredu baten alde ari dira, eta haiek erraten dutena estatu osoko erakundeetan ari dira entzuten. Poliki, baina bagoaz aurrera”.

Gizarte osoak egin behar du aurrera, idazleak erantsi duenez. Batetik, “ezberdintasunari zor zaion errespetuak” gizarte hobe bat ekarriko duelako; eta, bertzetik, OME Osasunaren Mundu Erakundeak zabaldutako datuen arabera populazioaren laurdenak izanen duelako “sufrimendu mentala”. Gaur estigmak ezarritako marraren alde batean dagoena bertzean egon daiteke bihar.

Nork bere buruari ezarritako estigma ere aipatu du Saldaña Sotok. “Argi dut boteretuko nauen ikuspegi batetik egin behar dudala lan, eta, horretarako, bide bat da estigma horren alde erabili izan diren hitzak gure egitea; ero hitza, adibidez”. 5 urteko semea du Saldaña Sotok. Hari eskaini dio bigarren liburua. Bere “motorra” dela nabarmendu du. Ezberdina errespetatzen irakatsi nahi dio idazleak semeari. Helburu horrekin lotu du asteon aurkeztutako lana, hain zuzen. Hitz egin nahi du; berea kontatu. Nahi duen aldaketa eragiteko.