Silvia Fernandez hil da, GITEko kide eta mugimendu feministako ekintzailea

GITE elkarteko bultzatzaile eta kide Silvia Fernandez hil da. 60 urte zituen; gaixotasun batek eragindako ustekabeko arazoen ondorioz zendu da. Nafarroako mugimendu feministako ekintzaile ezaguna zen Fernandez. Historia ikasi zuen, eta GITEko liburutegian egin du lan urte luzez. Hamaika ikerketa lan egin zituen historiak ahaztutako emakumeen berri eman eta zabaltzeko. Bihar eginen diote azken agurra.

Ondokoa Berria-ko Igandea gehigarriak Silvia Fernandezi egindako elkarrizketa da, 2011ko ekainaren 12koa:

«Ikasketa garaia Opusen unibertsitatea asaldatzeko profitatu nuen, batez ere»

1976. urtean abiatu zen Iruñean GITE, Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea. «Orduko Nafarroan ez zen deus». Elkarteko kide Silvia Fernandezenak dira hitzak. Historia ikasi zuen, Iruñean eta Valentzian, eta 1982tik aritzen da GITEn, iluntasunean garatu den emakumeen historia argitzeko asmoz.

Edurne Elizondo

Iruñeko Alde Zaharrean du egoitza GITE elkarteak. Hamaika liburuk hartzen du bulegoko geletako bat. Emakumearen liburutegia da. Hango liburuen artean egiten du lan Silvia Fernandezek (Iruñea, 1958). Historialaria da, eta agiri ofizialetatik at gelditu diren emakumeek egindako bidea izan du beti aztergai.

Alde Zaharrean hasi zen GITEren bidea, eta han jarraitzen du.

Ni ere hagitz Alde Zaharrekoa naiz. Bertan jaioa naiz. Badakizu non? Euskal Jain. Aitona pilotaria zen. Orain ere Alde Zaharrean bizi naiz, Kale Nagusian. Euskal Jai okupatu zutenean, hantxe egon nintzen amarekin. Eraikina defendatzeko mugimenduan ere parte hartu genuen. Azkenean bota zuten, hala ere. Ikaragarria izan zen.

Iruñean jaio, eta Iruñean ikasi zenuen. Zergatik Geografia eta Historia?

Nik, berez, biologia ikasi nahi nuen, baina frankismoaren aurkako borrokan murgilduta nengoen, eta pentsatu nuen egokiagoa zela Historia ikastea. Ikasketa politikoagoak zirela iruditzen zitzaidan, eta uste nuen aukera emanen zidatela mundua azaltzeko.

Frankismoaren borroka garai hura nola gogoratzen duzu?

Gazte nintzen, baina intentsitate handiz bizi izan nuen. Trantsizioak betean harrapatu ninduen. Ahizpa bat espetxean izan nuen. Ermitagaña institutuan Ikasleen Batzordeetan nintzen. Indar handiko erakunde klandestino bat zen. Handik unibertsitatera joan nintzen. Garai bizia izan zen hura ere.

Opusen Nafarroako Unibertsitatean ikasi zenuen?

Bai. Hiru urte egon nintzen. Ikasi nuen, baina garai hartan, batez ere, politika egin nuen. Irakasten zidatena ez nuen hagitz gustuko, edukiak ez zitzaizkidan gustatzen, eta nota onak ateratzen nituen arren, ikasketen garaiko denbora, batez ere, unibertsitatea asaldatzeko profitatu nuen.

Ez zen erraza izanen, ezta?

Polizia behin baino gehiagotan etorri zen. Etxean ditut aurreneko aldiz sartu zireneko argazkiak. Ikasleoi oldartu zitzaizkigun. Argazkietako batean ikurrinarekin ageri gara. Ikurrina Opusen unibertsitatean agertzen zen lehen aldia zen. Harro nago horretaz.

Nolakoa zen orduko Iruñea?

Mugimendu handiko garaia izan zen, bizi-bizia. Gasteizko hilketak gertatu ziren, greba Potasasen. Zirraragarria zen dena. Neskato bat nintzen, baina emakume heldua nintzela sentitzen nuen nik, Lenin irakurtzen nuelako. Militantzia politikoak nire denbora guztia betetzen zuen. Mundua aldatzeko aukera nire esku zela sentitzen nuen unibertsitatean nengoenean. Dena aldatu nahi genuen. Une magikoa izan zen hura, zoragarria.

Eta nolakoa da oraingoa zuretzat?

Ni baikorra naiz. Emakumeen esparruan lanean aritu naiz beti, eta arlo horretan aldaketa anitz izan dela uste dut. Niri egokitu zaidan gizarteak ez du zerikusirik nire amatxik bizi behar izan zuenarekin. Nik ez dut egin nahi izan dudana, uste baitut hori ez duela inork lortzen, baina saiatu naiz horretan beti, ahal bezain libre izaten. Arlo ekonomikoari eta politikoari so egiten badiogu, noski, egungo errealitatea ikaragarria da. Kontsumoak hartutako mundua da gurea. Elkartasunak ez du tokirik. Mundu krudela da. Egun, politika eta politikariak bilakatu dira lapurren elite. Argi eta garbi. Nazkatuta nago.

Politikariekin nazkatuta daude, halaber, M-15 mugimenduko kideak. Zer deritzozu?

Mugimendu interesgarria dela iruditzen zait, batez ere sortzeko izan duen moduagatik eta mahai gainean jarri dituen auziengatik. Zerbait berria behar dugu; egungo alderdien sistema zaharkituta dago. Alderdi handiak, bai eta sindikatu handiak ere, enpresa bilakatu dira. Parte hartzeko moduak aldatu behar dira.

Nafarroako Unibertsitatean hiru urtez egon zinela erran duzu. Non amaitu zenituen ikasketak?

Valentziara joan nintzen [Herrialde Katalanak], Historia Garaikidean espezializatzera. Bi urte egon nintzen han.

Eta zer moduz?

Ez zuen hemengoarekin zer ikustekorik. Garai hartako Historia fakultateen artean hura zen aurrerakoiena eta ezkertiarrena. Han askoz ere gehiago ikasi nuen. Langileen mugimendua jorratu genuen, ideia politikoen historia, Afrika eta Asiako historia; Iruñean inoiz ukitu ez genituen gaiak, alegia. Hala ere, emakumeen historia hemen bezain ikusezina zen. Han ere ez ginen existitzen.

Historia ofizialak beti ahaztu ditu emakumeak?

Ofizialak, bai eta alternatiboak ere. Valentziako fakultatea aurrerakoia zen, eta han ere emakumeen historia ez zen lantzen.

Zergatik izan da hain agerikoa emakumeak ikusezin bilakatzeko saio hori?

Duela gutxira arte emakumeak herritar ere ez ginelako. Valentzian ikasi nuen Frantziako Iraultzan sortu zirela anarkismoa, sozialismoak, bai eta feminismoa ere. Frantziako Iraultza 1789. urtean gertatu zen, eta Frantziako emakumeek 1945. urtera arte ez zuten izan botoa emateko eskubidea. Emakumeon gaitasunak kolokan jarri dira denbora luzez, kolokan jarri da arima ote genuen, gure garuna txikiagoa ote zen, eta ikasiz gero ugalketa sistema hondatuko ote zitzaigun, bertzeak bertze. Hagitz gizarte misoginoa izan dugu. Eta, oraindik ere, indarrean da hainbat arlotan. Ezkerrak ere izan du jarrera hori.

Zorretan da feminismoarekin?

Bai, zalantzarik gabe.

IPESen, emakumeari eskainitako liburutegiaren bidez, ilun egon dena argitzen saiatzen zarete.

Hori da helburua. 26 urte beteko ditugu aurten. Dokumentazio zentroa da gurea, emakumeon inguruan. Munduko hamaika txokotan badira emakumeak gurearen gisako zentroak osatzen eta kudeatzen. Feminismoaren historia jasotzea da kontua, pentsaera feminista herritarren eskura jartzea.

Nolako lanak bildu dituzue?

Batetik, generoarekin eta feminismoarekin lotutako saiakeren atala dugu. Gizonek eta emakumeek egindako lanak badira hor. Bertzalde, literaturaren arloan, emakumeek idatzitako eleberriak eta poesia lanak ditugu. Komikiak eta filmak ere baditugu. Duguna herritarren eskura dago. Liburutegi publikoa da, irekia eta doakoa.

Feminismoa aipatzen duzula, Madrilgo M-15 mugimenduan zalaparta sortu zuen iraultza feministaren aldeko pankarta batek. Kendu egin zuten. Zer deritzozu?

Haserretuen gisako mugimendu batek hainbat mendetako historia duen gizarte mugimendu bati errespeturik ez izatea gogorra egiten zait. Ekologismoari, adibidez, sentiberatasun handia erakutsi dio mugimenduak; feminismoarekin, berriz, astakirtenen modura jokatu dute zenbaitek.

Zergatik du, oraindik ere, hain ospe txarra feminismo hitzak?

Deabrutu egin zutelako, batez ere frankismoaren garaian. Guk hutsik gabeko historia duelako aldezten dugu. M-15 mugimenduaren harira, hemengo bileretako batean, feminismoaren batzordea egiteko aukera aipatu zen, baina berdintasunaren batzorde izendatu zuten azkenean, bertze izena gogorregia zelako. Historia luzeko teoria eta praktika politikoa da feminismoa. Gogor suertatzen ahal zaio hainbat jenderi, jokabideen eta pribilegioen inguruko gogoeta pizten duelako.

GITE emakumeen liburutegia baino gehiago da. Nola sortu zen elkartea?

1976an jarri zen martxan. Orduko Nafarroan ez zegoen deus. Kulturaren esparruan ez zen deus, eta Opusen unibertsitatea bertzerik ez genuen. Garai hartan hemendik kanpo ikasitako hainbat profesionalek egin zuten bat, eta GITE sortu zuten, Bartzelonan zegoen gizarte zientzien eskola baten ereduari jarraituz. Garai hartan jendetzak eman zuen izena GITEk eskaintzen zituen ikastaroetan. Hiru urteko ikasketak ziren, ekonomia, politika eta soziologiari buruzkoak. Langileek izan zuten hasiera hartan lehentasuna. Gero moldatuz joan da eredua. Bi atal nagusi ditugu orain: emakumearekin eta feminismoekin lotua bat, eta nazioarteko politikarekin eta giza eskubideekin lotua bertzea. Hego Amerikan, halaber, indigenen aldeko proiektuak baditugu, hango biztanleekin batera.

Zu hasieratik zaude?

Ikasle izan nintzen hasieran. 1980an, berriz, ikastaroen berri ematen zuen aldizkarian egin nuen lan, Langaiak aldizkarian, eta elkartean, 1982tik nago. Arlo nagusiez gain, emakumeari eta giza eskubideei buruzko zinema zikloak ere baditugu, eta haurrentzako tailerrak euskaraz udan, hasieratik. Garai batean gau eskola ere bagenuen, handiena Arturo Campionen ondotik. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin hainbat ikerketa lanetan aritu gara, halaber.

Zer eman dio NUPek Nafarroari?

Behar zen unibertsitate publiko bat, baina falta zaizkio gauzak. Haiekin lan egin dugu, hala ere. Generoari buruzko ikastaro batekin hasi, eta orain titulu propioa eta graduatu ondoko ikasketak dituzte generoaren inguruan. Horrek harrotzen nau.

 

Motzean

Zuen liburutegiko irakurri beharreko liburu bat. Le deuxieme sexe, Simone de Beauvoir idazlearena. Emakumeek pairatzen zuten desberdintasun egoerari buruzko analisian giltzarri izan zen. Nik uste dut ez duela galdu gaurkotasuna.

Historian funtsezko izan den emakume bat. Olympe de Gouges. Ezezaguna da erabat. Frantziako Iraultzaren garaian gillotinatuta erail zuten, iraultzaileek erraten zutena errateagatik. Alde bakarra zen De Gougesek emakumeentzat ere eskatu zituela eskubideak.

Film bat. Antonia’s Line, Marlen Gorrisena. Bere burua jendaurrean feministatzat aurkeztu duten egile bakarrenetako bat da. Nafarroako hamaika herritan egon naiz film horri buruzko forumak egiten.

2011n egiteko proiekturen bat. Erdialdeko Amerikan garatzeko proiektu bat dut. Emakumeei buruzko liburutegien sarea egitea da kontua. Hemen ere badugu; 1994. urtean egin genuen lehen topaketa, elkartzeko beharra bazelako, arazoei elkarrekin aurre egiteko asmoz, hain zuzen ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude