Etxe berriak prest dituzte

Edurne Elizondo

Gau saguzar ertainak zuhaitz zaharrak maite ditu bere etxe bilakatzeko. Ez edozein zuhaitz zahar, halere. Bereziki gustuko ditu hiri eta herrietako parkeetan daudenak. “Horrek ekarri du animalion populazioak behera egitea”. Juan Tomas Alcalde biologoarenak dira hitzak. Azaldu du hiri eta herrietako parkeetako zuhaitz zaharrak moztu egiten dituztela, herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz; ondorioz, saguzarrak etxerik gabe gelditzen dira.

Etxerik gabe, ugalketarako eta negua pasatzeko aterperik gabe, hain zuzen ere, gau saguzar ertainak desagertu dira jada Iruñeko eta herrialdeko bertze hainbat herritako toki anitzetatik. Animaliok babesteko neurririk ez da hartu orain arte. Alcaldek erran du badela “mito eta aurreiritzi” anitz saguzarren inguruan. Biologoak aurre egiten die uste oker horiei bere lanaren bidez. Orain, Iruñeko Udala du lagun, hiriko gobernutik proiektu bat jarri baitute martxan gau saguzar ertainei ugaltzen laguntzeko: enbor hutsak baliatuz, animaliontzako kutxak jarri dituzte hiriko hainbat parketan, aterpe gisa balia ditzaten.

Zehazki, hamabi kutxa prestatu dituzte. Ez dira saguzarrentzat erabiltzen ohi diren kutxa beltzak. Gau saguzar ertainak zuhaitz zaharretako zuloak baliatzen ditu aterpe gisa; bertzeak bertze, okilek egindako zuloak. Ondorioz, bertze hainbat saguzar espeziek erabiltzen dituzten ohiko kutxek ez dute balio haientzat.

Aranzadi Lantegi Eskolako kideek egin dituzte kutxak. “Enborrak hustu dituzte, okilek egiten dituzten zuloen itxura emanez. Enbor horiek zuhaitzen adarretara lotu ditugu, saguzarrek erabil ditzaten”, azaldu du Alcaldek.

Gainera, Iruñeko Udaleko Lorategien Zerbitzuko kideen laguntza izan dute zeregin horretan. “Adituok erabaki dugu kutxak zer parketan jarri, eta lorategietako langileek hautatu dituzte, gero, zuhaitzik aproposenak”. Biologoak nabarmendu du “hagitz ona” izan dela udaleko arduradunen, langileen eta Aranzadiko kideen arteko elkarlana.

Babes gutxi

Arga eta Sadar ibaien ondoko parkeetan bizi dira, bertzeak bertze, Iruñeko gau saguzar ertainak. Gaztelugibelan ere baziren, baina handik desagertu dira jada. Arga ondoko paseoa egin zutenean, halaber, ibai horren bazterreko zuhaitz zahar anitz bota zituzten, eta, haiekin batera, saguzarrak desagertu ziren.

Alcaldek azaldu duenez, Frantzian edo Ingalaterran, adibidez, saguzarrok etxe dituzten zuhaitz zaharrak botatzen dituztenean, animalion aterpe diren adarrak babestu, eta zutik diren bertze zuhaitzetara lotzen dituzte, saguzarrek alde egin eta aterpea gal ez dezaten. “Hemen ez da horrelakorik egin. Atzetik goaz, baina, halere, lortu dugu saguzarren aldeko urratsak egitea azken urteotan”.

Udalak martxan jarri berri duen proiektua aitzindaria da. “Ez dakigu aterpe gisa jarri dizkiegun enborrak gustuko izanen ote dituzten edo ez. Naturari egin diogu so, zuhaitz zaharrek ematen dietena aurki dezaten”, azaldu du adituak. Gaineratu du hemendik bi urtera izanen dituztela proiektuaren emaitzei buruzko datu fidagarriak.

Kontua da gau saguzar ertainek udazkenean bilatzen dutela aterpe bilakatuko duten zuloa, eta negua barruan pasatzen dute. Udazkena gainean dela aintzat hartuta, Alcaldek ez du argi kutxak “garaiz” jarri ote dituzten. “Udaberrian jakinen dugu, zulotik ateratzen direnean. Kutxak hor direla jakinda, hurrengo urteko datuak adierazgarriagoak izanen dira, zalantzarik gabe”, azaldu du.

Duela hogei urte hasi zen Alcalde gau saguzar ertainak ikertzen. Gogoratu du garai hartan gaixotasun batek jo zituela hiriko makalak, eta milaka moztu zituztela. Hala eta guztiz ere, penintsulako koloniarik handiena da Iruñekoa. Dinamika bitxia dute hiriburuko animaliok, urte osoan arrak baino ez direlako egoten. Emeak orain etorriko dira, udazkenean, alta garaian, eta martxora arte geldituko dira. Umatzera Europa erdialdeko herrietara itzuliko dira emeak.

Juan Tomas Alcalde aditu nagusietako bat da saguzarretan. Herritarrei erakutsi nahi die animaliok nolakoak diren. Duela astebete, Iruñeko Udalak antolatutako ekinaldi batean parte hartu zuen, eta parte hartzaileek hiriko karriketan izan zuten saguzarrak entzuteko aukera, adituek haien ultrasoinuak jasotzeko dituzten gailuen bidez. “Saguzarrak hobeki ezagutzea da kontua”.

Irudia: Iruñeko Udala