Uztailaren 6tik 14ra Iruñeko Takonera parkea haurrentzako fantasiazko mundu bihurtzen da. Birjolastu izeneko gunean, etxeko txikiek festaz gozatzen dute beren irudimena askatuz. Renata pertsonaia da Birjolasturen munduko gidaria. Hark laguntzen die umeei sormena nagusi den fantasiazko munduan murgiltzen.
Renata bost umez inguratuta dago. Denek jakin nahi dute zuzen dabiltzan edo ez, Brif, Braf, Bruf izeneko misterioa argitzeko bidean. Jantzi birziklatu laranjak daramatzan gidariak, ordea, ez die pistarik eman. Zenbait txokotan kokatuta dauden postontzietako asmakizunak asmatu behar dituztela adierazi die. Denak korrika irten dira, misterioa argitzen lehenak izateko helburuz.
Renata izan arren gidari nagusia, Birjolasturen gune bakoitzean beste hainbeste pertsonaia daude haurrei laguntzeko prest. Oso lanpetuta daude, esate baterako, zirku gunekoak. Adin guztietako haurrez betea dute zirkua: batzuk hodi baten gainean oreka mantendu nahian, besteak malabarak egiten… Denei laguntzen ari dira zirkuko profesional bihur daitezen. Sara eta Aiora ahizpak —8 eta 10 urte dituzte, hurrenez hurren— bertan ari dira jolasten. Kontatutakoaren arabera, zirkua izan dute gunerik gustukoena, eta bereziki diaboloarekin ibiltzea maite dute gehien.
Birjolastuko Renata gidariaren txokoa. GORKA RUBIO / FOKU
Txof-txof gunean ere ibili dira. Takonera parkeko iturrian jarri dute, eta material birziklatuez eginiko arrainekin bete dute iturria inguratzen duen putzua. Horren inguruan, gainera, igerileku txikiak jarri dituzte, horiek ere arrainez beteta. Parte hartzaileek, jostailuzko arrantzarako kanaberen bidez, itsasoan arrantzan daudela imajinatzeko aukera izan dute. Arrain mordo bat harrapatu dituztela esan du Aiorak, eta bi ahizpak poz-pozik jarri dira. Birjolastura etortzen diren hirugarren eguna da, baina ez da azkena izango.
Renataren pertsonaiaren atzean Olatz Pagaldai dago. Azaldutakoaren arabera, urtebete lehenago hasten dira Birjolastu gunea atontzeko lanak, haurrentzako jarduerak sustatzeaz arduratzen den Pai enpresarekin elkarlanean. «Biltegi handi batzuetatik hartzen dugu materiala, baina aurretik pentsatu behar dugu zer bildu eta material hori nola erabili haurren irudimena eta autonomia bultzatzeko». Urtero bezala, Taconera parkean jarri dute Birjolastu gunea, eta horrek zaildu egiten ditu prestaketa lanak, ezinbestekoa baita natur elementuak zaintzea. «Udalarekin hitz egiten dugu urtero guneen kokapenei buruz, parkeko natura zoragarria denok batera zain dezagun».
Haur bat Birjolastuko sukaldarien gunean jolasten. GORKA RUBIO / FOKU
Beroa ari da izaten protagonista sanferminetan, eta horri aurre egiteko jokoak ere eskaintzen dituzte Birjolastuko arduradunek. Pagaldaik dioenez, hodien bidez ura botatzeko txokoa izaten da haurren gogokoena beroa egiten duenean. Izan ere, ez dira gutxi parkean goitik behera blai eginda daudenak. Gainera, edateko ura ere ematen diete haurrei guneetako batean.
Haurren irudimena askatzeko aukera ezin hobea izateaz gain, lagun berriak ere egiten dituztela aipatu dute gurasoek. Berriketan tutuan barna izeneko gunean, hainbat haur buruhandiei buruz hizketan ari dira hodi batetik bestera. «Ni atzo Caravinagrerekin egon nintzen», dio batek. Gurasoentzat ere lasai egoteko lekua da. «Oso ondo dago, eta ahaztu egiten duzu pixka bat jaien iskanbila», dio Usuaren amak.
Haurren beharren eta adinaren araberako txokoak antolatzen dituztela azaldu du Pagaldaik. Hori horrela, txikienentzako aproposena Ninien Txokoa izan ohi da. Jolasen bitartez, etxeko lanak egiteko beharra ere helarazi diete haurrei, eta adin guztietako umeak egon dira zuhaitzen itzalpeko txokoan jostailuzko etxeko tresnekin, esaterako, arropa lisatzen eta tolesten.
