Ahanzturatik atera dute haren izena

Ahanzturatik atera dute haren izena

Ane Eslava

Carmen Baroja Nessi idazlea Iruñeko Kale Berriko 30. zenbakian jaio zen, 1883an. Orain, eraikin horren aurrealdean plaka bat dago haren omenez. Iruñeko Udalak jarri zuen, iragan astean, Iruñean Emakumeak Izendatu taldearen eskariz. Urrats garrantzitsu bat izan da idazlea ahanzturatik ateratzeko eta aintzat hartzeko kulturan eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan egin zuen lana.

“Emakume feminista, adimentsua, kosmopolita eta euskalduna zen, eta, gaurko hitzak erabilita: ahaldundua”. Hala definitu du Carmen Baroja haren biografoak, Amparo Hurtado filologo eta itzultzaileak. Hain zuzen, Baroja 98ko belaunaldiko idazlea eta etnologoa izan zen, eta artikuluak, liburuak eta katalogoak idatzi zituen. Izen handiko gizonez inguratuta bizi zen, baina lortu zuen horien artean bere tokia egitea: Pio Baroja idazlearen eta Ricardo Baroja margolariaren arreba zen, baita Julio Caro Baroja antropologoaren eta Pio Caro Baroja zinemagilearen ama ere. Hainbat hiri eta herritan bizi izan zen: Madril, Valentzia, Zestoa (Gipuzkoa) eta Donostia. 30 urterekin, Rafael Caro Raggiorekin ezkondu zen.

Emakume engaiatua izan zen. 1926an, Lyceum Club Femenino taldea sortu zuen, beste emakume batzuekin batera, Madrilen, kulturaren bitartez emakumeen independentzia bultzatzeko. Idazleak lan garrantzitsua egin zuen konferentziak eta erakusketak antolatzen. Hurtadok elkarte horren garrantzia azpimarratu du: “Europa osoan eta AEBetan zeuden halako klubak, eta garrantzi handia izan zuten emakumeentzat, baina gutxi hitz egiten da horien inguruan”. Barojak talde horretako emakumeengan aurkitu zuen sostenguari esker egin ahal izan zuen bere bidea, Hurtadoren arabera: “Beste emakume batzuekin aliatu zelako egin zuen bere tokia gizonen artean; Lyceum Cluben, emakumeak elkartu ziren elkarri laguntzeko eta babesteko”. 36ko gerra piztu zenean itxi zuten elkartea.

Barojak frantsesa, ingelesa eta pianoa ikasi zuen. Poemak eta haurrentzako ipuinak idatzi zituen, baina haren gairik kuttunenak etnografiari eta folkloreari lotutakoak ziren. 1933an, El encaje en España liburua idatzi zuen, eta, lanak hain oihartzun zabala izan zuen, ezen idazlea Prado museoko patronatuko batzorde exekutiboko kide izendatu baitzuten. Horrez gain, 1945ean, Catálogo de la colección de amuletos lana publikatu zuen, Trabajos y materiales del Museo del Pueblo Español serieari hasiera eman ziona. Kazetaritzaren arloan ere egin zuen ekarpenik: artikuluak idatzi zituen Buenos Airesko La Nación egunkarian, Vera de Alzate ezizenez. Halaber, haren anaia Pioren zenbait obra zinemara moldatu zituen. 1925ean, antzerki talde berritzaile bat sortu zuen hainbat intelektualekin batera, Madrilen: El Mirlo Blanco.

Carmen Baroja Nessiren historia ahaztuta egon zen urte askoan, Amparo Hurtadok haren berri izan zuen arte. Julio Caro Barojaren memoriak irakurtzen ari zenean ezagutu zuen. Hurtado: “Hark aipatzen zuen bere etxean guztiek idazten zutela: osabek, aitak, anaiak… eta amak. Orduan, nik pentsatu nuen: zein bitxia… Andre bat Baroja familiaren etxean”.

Oroitzapenak berreskuratu

Emakume horren historia ezagutzeko irrikaz, Hurtadok familiarengana jo zuen: gutun bat idatzi zien. Haiek azkar erantzun zuten, eta Beran zuten Itzea izeneko baserrira gonbidatu zuten. Han gordetzen zituzten emakumearen argitaragabeko idatziak. Karpeta batean aurkitu zituzten ipuinak, erreportajeak, oharrak, zinema gidoiak, komediak eta oroitzapenak. “Memoriak eskuz idatzitako ehun orri inguru ziren, inolako ordenarik gabeak”. Hurtadok horiek txukuntzeari ekin zion. Anabasa sekulakoa bazen ere, ziurtatu du idatziak kalitate handikoak zirela eta emakumearen adimena, sentiberatasuna eta umorea erakusten zutela.

Ondoren, idazlearen bizitza ikertzen aritu zen bost urtez, eta, azkenik, 1998an Recuerdos de una mujer de la generación del 98 liburua idatzi zuen, Barojaren eta haren belaunaldiko emakumeen inguruan. Idazleak berak, oroitzapenetan, esan zuen 98ko belaunaldiko parte sentitzen zela; haren anaiek, ordea, ez zuten inoiz azpimarratu hori. Hurtadoren arabera, hark bere tokia aldarrikatu nahi zuen: “Erakutsi nahi zuen, isilarazi nahi bazituzten ere, 98ko belaunaldian bazirela emakume idazleak ere”.

Orain dela 25 urte, Baroja ahanzturatik ateratzen hasi zen Hurtado, eta ordutik lortutakoarengatik kontent dagoela dio: “Barojatarren etxera joan nintzenean, esan zidaten inork ez zuela inoiz hari buruz galdetu; orain, berriz, plaka bat dauka Iruñean. Pozik nago: ahotsa eman diot”.

Irudia: Iruñeko Udala