Mundua, zuhaitz gaineko etxolatik

Edurne Elizondo

Tiradera batean aurkitutako hainbat marrazki dira Cosimoren katiuskak izenburuko liburuaren abiapuntu; zehazki, Ana Ibañez ilustratzaile iruindarrak egin, eta Dani Martirena kazetari legasarrak tiradera batean aurkitutako marrazkiak. “Marrazkiei begira, pentsatu nuen bazela haien inguruan zerbait idazteko aukera”, gogoratu du Martirenak.

Pentsatu eta egin. Elkarrekin lanean hasi, eta Cosimoren katiuskak izenburuko liburua sortu zuten kazetariak eta ilustratzaileak. Adin guztietako haurrentzat da, eta Etxepare saria eskuratu zuen, iaz. Orain, Pamiela etxeak eman du argitara 32 orrialdeko lana.

Ingurumenaz hitz egiten du liburuak; gaurko gizarteaz, gaurko munduaren arazoez eta erronkez. Cosimo du protagonista, izenburuak argi utzi duenez. Zuhaitz batean etxola eraiki du haurrak, eta handik egiten dio so inguruari: “Hiriko parkerik txikienean nago eta Cosimo dut izena. Trebea izan nahi dut zuhaitzetan gora. Trebeena. Adarretik adarrera ibili nahi duzunean, beherantz ez begiratzea da hoberena”.

Adin guztietako haurrentzako lana da, Martirenak nabarmendu duenez. Hartzeko moduan, halere, bada aldea, adinaren arabera. “Helduek erran izan didate tristea dela; baina haurrek badute itxaropena”. Gazteenen irakurketaren alde egin du egileak. Argi utzi du haurrentzat idaztea ez dela nolanahiko erronka.

Martirenak ere baikor izan nahi du. Liburua eskuetan, “kontent” dela nabarmendu du, eta harekin bat egin du Ibañezek ere. Pozik da lanarekin. Ez da, hala ere, elkarrekin egindako lehendabizikoa. Ibañezen irudiek eta Martirenaren hitzek bertze bi liburutan egin dute bat: Hankaz gora du amak mundua (2015) eta Jonek Jone izan nahi du (2017). Haurrentzako literaturaren arlokoak dira bi horiek ere, eta bietan egileak izan dira autoekoizle.

Bost aldiz hartu dute parte bi egileek Etxepare sarian, eta bosgarrenean irabazi egin dute. Horrek ekarri du Pamielak beren lana argitaratzea. Martirenak eskertu du babes hori, baina onartu du, aurreko liburuekin alderatuta, prozesua ezberdina izan dela. “Ongi dago argitaletxe batek ardura hartzea, baina zure kabuz egiten duzunean, dena kontrolatzeko eta zaintzeko aukera gehiago duzu. Zuk nahi duzun bezala egiten duzu”. Emaitzarekin gustura gelditu dela zehaztu du, hala ere.

Leire Bilbao idazlea, Leire Salaberria ilustratzailea eta Asun Agiriano haur liburuzaina izan ziren iazko Etxepare sariko epaimahaiko kide. Hirurek nabarmendu zuten Martirenaren eta Ibañezen lana “gogoetarako kontakizuna” dela. Gainera, testuak poesia, umorea eta jolasa badituela erantsi zuten. Martirena ados da horrekin, eta erantsi du “kaosak” ere baduela bere tokia Cosimoren katiusken artean. Kaos horrek, azkenean, ordena ekartzen duela zehaztu du istorioaren egileak.

Bere burua idazletzat jotzea kosta egiten zaio Martirenari. Ogibidez kazetaria da. “Idazle hitzari errespetu handia diot; ez da nahikoa zerbait idaztea idazle zarela errateko”. Hamaika lehiaketatan parte hartu du, eta bere lanak hainbat liburutan argitaratu ditu. Pamielak emandako 39 idazle nafar (2017) izenburuko argitalpenean jasota daude, bertzeak bertze, Martirenaren testuak. Liburu horretan Martirenaren Listu balak ageri da, hain zuzen ere.

Ana Ibañez Arte Ederretako lizentziaduna da, eskulturaren alorrean. Hainbat sari eta beka jaso izan ditu. Martirenarekin batera lan egiteak “konfiantza” eman diola onartu du ilustratzaileak. Kanpoko bultzada bat jasotzea aurrera egiteko pizgarri izan duela azaldu du egileak, zehazki. Martirenak Ibañezen lanaren kalitatea nabarmendu du, hain zuzen ere. “Marrazki liburuak, gainera, haur eta helduek maite dituzte”, erran du. Haurrentzako istorioak ere badira helduen gogoeta pizteko gai, erantsi duenez. Adina, beraz, ez da Cosimoren unibertsoa ezagutzeko muga. Gustura dira Martirena eta Ibañez elkarrekin lanean, eta argi dute lan horrek emanen duela bertze fruiturik.

2019ko sariketa, prest

Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek antolatutako sariketa da Etxepare izenekoa. Haurrentzako bilduma ilustratuen sariketa da, zehazki. 2004. urtean sortu zuten. 2006an, haurrentzako lanak sortzeko beka bilakatu zuten saria, baina 2009. urtetik sari izaera du, berriz ere. Pamiela argitaletxearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza badute euskara zerbitzuek Etxepare sariketa antolatzeko.

Iazko irabazleen lana argitaratu eta gero, prest da lehiaketaren hurrengo aldia, 2019. urtekoa alegia. Iaz, denera, hemeretzi lan aurkeztu zituzten sariketara. 2019. urtekoan parte hartzeko, maiatzaren 17ra bitarte izanen da lanak aurkezteko aukera. Bakarka parte hartu ahal izanen dute egileek, edo, bertzela, ilustratzaileentzako eta idazleentzako osatutako taldean.