Behar denean, babesik gabe

Edurne Elizondo

Fauna laguntzea da Ilundaingo zentroko kideen zeregina, baina ez dira lan hori egiten ari”. Horixe salatu du Gurelurrek. Zehazki, talde ekologistak agerian utzi du Ilundaingo zentroan ez direla artatzen ari laguntza beharrean diren sai arre eta zikoina gazteak. Animaliok, anitzetan, arazoak izaten dituzte beren lehendabiziko hegaldietan. Kolpe txiki baten ondorioz, ezin elikatu gera daitezke hegaztiok, eta, ondorioz, laguntza behar izaten dute aurrera egiteko. Ilundaingo zentroa du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak horretarako, baina ez da bere ardura betetzen ari, Gurelurrek salatu duenez. “Herritar anitzek deitu gaituzte, zikoina edo sai arre bat aurkitu eta gero, Ilundainen ez dutelako animalia hartu”, salatu du Gurelurreko Toño Munillak.

“Dirua da kontua; Ganasak diru sail bat jasotzen du gobernuaren eskutik zentroa kudeatzeko; gutxieneko gastua egiten du betebehar duen horretan, ordea”, erran du Munillak, argi eta garbi.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunek ukatu egin dute Gurelur talde ekologistak egindako salaketa. “Zikoinak eta saiak artatzen ari dira Ilundaingo zentroan; beharra duen edozein animalia artatzen dute zentroan”, erran dute.

“Ez da egia”, berretsi du Munillak. Talde ekologistak Ilundaingo funtzionamenduari buruzko txosten bat egin du, 2012tik 2016ra bitarteko eperako, Ingurumen Departamentuak berak helarazitako datuak oinarri hartuta. 1998. urtean, adibidez, 51 sai hartu zituzten zentroan, eta, 2012. urtean, berriz, 54; 2015ean, 11 baino ez zituzten artatu, eta, iaz, berriz, hamasei. Zikoinen inguruko datuak ere mahai gainean jarri ditu Gurelurrek: 1998an 258 bikote ugaltzaile baziren herrialdean, eta Ilundainen 46 zikoina hartu zituzten; 2012an, 889 bikote baziren, eta 40 hartu zituzten; 2016an, berriz, 946 bikote izanda, 30 artatu zituzten. “Datu horiei so egitea nahikoa da baieztatzeko Ilundaingo zentroa ez dela bere lana egiten ari”, berretsi du Munillak.

Fiskaltzaren artxiboa

Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin nahi du Gurelurrek. Zikoinak eta sai arreak espezie babestuak direla gogoratu du Munillak. Talde ekologistak Kontuen Ganberara eraman ditu Ilundaingo zentroko kontabilitateari buruzko datuak, eta salaketa aurkezteko asmoa ere badu. “Bada garaia Ilundainen gertatzen ari den horretan esku hartzeko; gobernua geldirik dago hegaztiak hiltzen ari diren bitartean”, erran du Gurelur taldeko kideak.

Ingurumen Departamentuko kideek gogoratu dute Gurelurrek fiskaltzaren aurrean aurkeztu zuela Ilundaingo zentroari buruzko salaketa, baina erakunde horrek artxibatu egin zuela. “Hala izan zen. Baina fiskalak ez zuen erran guk salatutakoa gertatu ez zenik; datuak eskatu zituen. Orain, gure abokatuaren eta prokuradorearen bidez joko dugu epaitegira salaketa jartzera”.

Zikoina eta sai arre gazteen esperientziarik ezak ekartzen du, anitzetan, arazoak izatea. Habia utzi eta gero, kableekin, antenekin edo eraikinekin kolpeak har ditzakete hegaztiok, Munillak azaldu duenez. “Kolpe larriak ez badira ere, jateko modurik ez badute, laguntza beharko dute aurrera egiteko”.

Ohikoa da sai arreak habiatik ateratzen direnean herri eta hirietatik gertu ikustea, adibidez. Iruñean ere agertu izan dira. “Sai arre gazte bat hartzeko aukera izateak erakusten du animalia ez dagoela ongi. Habiatik zortzi kilo ingururekin ateratzen dira, eta bost inguru izan ditzakete aurkitzen dituztenean”. Koipea galtzen dute, lehendabizi, elikatzeko aukera ez dutenean. Gero, giharra galtzen hasten dira. Ondorioz, animaliok erreskatatzea lortzen denean, premiazkoa da behar duten arreta eskaintzea. “Ezin dute bertzerik gabe jaten hasi; horrek kalte egiten ahal die, eta heriotza eragin”.

Sai arreek, adibidez, bi hilabete inguruko prozesua behar izaten dute, halako egoera batean aurkitzen dituztenean, berriz ere beren kabuz hegan egin eta elikatu ahal izateko. “Horretarako dago Ilundaingo zentroa”. Munillak salatu du Ganasak ez duela sosik gastatu nahi bi hilabeteko prozesu horretan, eta, ondorioz, aurkitutako animaliak hilikitegietan uzten dituztela. “Zer jatekorik gabe, ordea; eta zer jan izanen balute ere, elikatzeak kalte eginen lieke, behar duten arreta jaso gabe”. Ondorioz, “utzikeria” horren emaitza animalion heriotza dela salatu du Munillak.

Argazkia: Gurelur