«Gure bidea da kanta propioak sortzea»

«Gure bidea da kanta propioak sortzea»

Musika estilo asko entzuten ditu, eta ez du albo batera utzi nahi bestelako estilo batzuk esploratzea. Ska musikatik saltsara jauzi egin zuenetik, saltsaren friki bihurtu da Claudia Rodriguez Goxua’n Salsa taldeko abeslaria (Iruñea, 1997). Kolonbiarrez eta nafarrez osaturiko orkestra horrek saltsa eta euskal folklorea uztartzen ditu. Urak eginen du bide diskoa kaleratu berri du taldeak.

Zer bide hartu nahi duzue bigarren diskoarekin?

Uste dut diskoak, zentzu askotan, aniztasun handia duela. Pertsona askok edo batek baino gehiagok konposatu dugu, eta hori hitzetan, melodietan eta estiloetan nabaritzen da. Adibidez, cumbia bat eta bolero bat sartu ditugu. Horregatik, kanten artean ez dago loturarik.

Horrek diskoa aberasten du?

Esango nuke  baietz. Oso polita da pertsona askoren artean diskoa egin izana. Adibidez, latinoek euren gaiekin jarraitu dute, eta maitasunaz eta desamodioaz idatzi dute. Niretzako hasieran oso astuna zen hori, baina azkenean ikasi dut horrela bizi dutela saltsa, eta hitzak maitasun sutsuz egiten dituztela. Nik igual beste nolabait egingo nuke. Hala ere, ulertu dut nik horrela bizi ez dudan arren, besteak ere askatzen utzi behar ditudala; betiere, muga batzuk jarriz.  

Nondik sortzen duzu?

Saltsa ez dakit, baina disko honetan laguntzarekin konposatu ditudan hitzak eta melodiak tristuratik eta minetik egin ditut. Kanta horiek egiteko beharra nuen; oso askatzailea izan da.

«Hitzak eta melodiak tristuratik eta minetik egin ditut. Kanta horiek egiteko beharra nuen; oso askatzailea izan da»

Horren adibidea Al ritmo de tus días da. Zerk motibatu zintuen idaztera?

Indarra edo fokua niregan jarri nahi nuen; hau da, neure buruari erakutsi momentu txar batetik ateratzeko gai naizela. Askotan, espero dugu beste pertsona batek salbatuko gaituela, baina ez gaitu inork salbatuko, eta guk ez dugu inor salbatuko. Asko pentsatu gabe sortu ditudan hitz bakarrak izan dira. 

Nola bizi duzu sortze prozesua?

Normalean, beharretik ateratzen zait, baina, batzuetan, jarri behar zara. Beste batzuetan, presioa dago kanta bat amaitu gabe dagoelako eta egin behar delako. Ez da lasai-lasai nagoela eta ideia bat etortzen zaidala; batzuetan, jarri ere egin behar naiz. Orduan, motibazioaren, estutasunaren eta beharren araberakoa da.

Nola egiten duzu zure sentitzen ez dituzun kantei ahotsa jartzeko?

Batzuetan, nire egiten ditut, baina, beste batzuetan, ezinezkoa da. Pila bat nabaritzen dut Al ritmo de tus días boleroa bihotzetik ateratzen zaidala. Uste dut publikoak hori sentitzen duela. Asko eragiten dit kanta bat nire sentitzeak edo ez sentitzeak; orduan, saiatu arren, ez dut berdin kantatzen. Egia da nik neure buruari nabaritzen diodala, baina, agian, besteek ez dute nabaritzen.

Bi kanta sortu dituzu, eta biak, gaztelaniaz. Zeren arabera erabakitzen duzue zer hizkuntzatan kantatu?

Guk argi genuen batzuk izan behar zirela gaztelaniaz, eta beste batzuk euskaraz. Euskaldunak garenez, euskaraz ateratzen zaigu, eta latinoei, erdaraz. Halere, ez da latinoek sortzen dutela erdaraz eta euskaldunok euskaraz. Kasu honetan, erdaraz atera zaizkit, baina beste batzuetan euskaraz izan dira. Sentitzen dut, eta pena eman dit. Hasieran, kezkatu nintzen, baina horrela atera zaizkit. 

«Aniztasunaren panfletoa oso ongi dago, baina asko falta zaigu. Benetako aniztasuna beste gauza bat da»

Bat izan ezik, kanta guztiak zeuek sortu dituzue. Zer dela-eta eman diozue garrantzi handiagoa konposatzeari?

Hasieran, bertsioak eta kanta propioak egiten genituen, baina argi dugu gure bidea dela kanta propioak sortzea. Kontzertuetan, ez dugu bertsiorik jotzen. Orkestra euskal latinoa gara, baina gure bertsioak jotzen ditugu.

Hala ere, Ken Zazpiren kanta baten bertsioa egin duzue.

[Julen] Leuzak egin ditu bertsoak, euskal kulturaren friki bat delako. Pila bat daki horren inguruan, eta oso argi zuen zer nahi zuen. 

Publiko zabala duzue, ezta?

Bai, niri gustatzen zaidan gauzarik politena da, eta talde honetan gehien baloratzen dudana. Gazteak, borrokak, latinoak, helduak; denetarik. Errealistak izan behar gara: euskal txosnetan ez da jende latinoa ikusten. Asko gustatzen zait kultura askotariko jendea ikustea txosnetan. Polita eta beharrezkoa da, baina ahaztu egiten dugu. Aniztasunaren panfletoa oso ongi dago, baina asko falta zaigu. Benetako aniztasuna beste gauza bat da. Ez dut esaten guk lortu dugunik, eta ez dut dominarik jarri nahi, baina polita da bestelako jendea txosnetan ikustea.