“Tenperatura bi gradu igotzeak eragin handia du Pirinioetan”

Ane Eslava OPCC Pirinioetako Klima Aldaketarako Behatokiaren txosten batek erakutsi du azken hamarkadetan Pirinioetan beste inon baino azkarrago igo dela tenperatura. Ondorioak nabarmenak dira: glaziarrak desagertzeko bidean dira, eta landareak eta animaliak habitat berriak bilatzen ari dira. Txostena osatu duten ehun zientifikoen artean daude Sheila Izkieta (Iruñea, 1983) eta David Elustondo (Iruñea, 1974) Nafarroako Unibertsitateko ikerlariak. Replim taldearekin parte hartu dute ikerketan, eta zohikaztegiak eta lakuak izan dituzte aztergai. Zeintzuk dira ikerketaren daturik garrantzitsuenak? DAVID ELUSTONDO: 50 urtean batez besteko tenperatura 1,2 gradu igo da Pirinioetan, munduko batezbestekoa baino %30 gehiago, eta oraindik ez dakigu zergatik igo den gehiago hemen beste tokietan baino. Prezipitazioek behera egin dute: hamarkada bakoitzeko %2,5 gutxiago. Ikusi da etorkizunean tenperaturak gora egingo duela: kasurik okerrenean, 7 gradu igo daiteke; onenean, 4 gradu. Prezipitazioek, dirudienez, behera egingo dute. SHEILA IZKIETA: Hala ere, ikerketak erakutsi du klima aldaketa ez dela fenomeno lineala; garai batzuetan, kasik ez da aldaketarik egongo, eta, bat-batean, aldaketa handi bat egongo da. Aldaketa hauek normaltasunetik kanpo daude? S.I.: Bai. Klimaren historian zikloak egon dira, eta garai batzuetan tenperaturek gora egiten dute, eta beste batzuetan, behera. Baina azken urteetako aldaketa inoizko azkarrena izan da. Horrek ondorio asko ekartzen ditu, batez ere mendialdeetan, oso baldintza zehatzak dituztelako. Pirinioetan, bi graduren aldaketak eragin handia du, eta oso zaila da horretara moldatzea. Zer ardura dugu gizakiok? S.I.: Frogatua dago azken hamarkadetako tenperatura igoera ezingo litzatekeela gertatu modu naturalean; beraz, argi dago gizakiok dugula honen errua; CO2 gasen isuriengatik, batez ere. Atmosferak, isurietara egokitzeko, tenperatura igo behar du. Ondorioetako bat da Pirinioetako elurraren desagertzea. S.I.: Bai, 1980tik glaziarren erdiak desagertu dira, eta 50 urtean erdira gutxituko da elurraren lodiera. D.E.: Glaziarrak edo lakuak oso ekosistema kalteberak dira, eta zaila izango da tenperatura aldaketa handiekin ez desagertzea. Zer ondorio izan dezake naturan glaziarren desagertzeak? S.I.: Ekosistema desorekatuko du. Fauna eta landare espezie batzuk elurretara ohituta daude, eta, gutxitzen bada, mugituko dira: saiatuko dira haientzako egokiak diren baldintzak bilatzen, toki altuagoetan. Horrekin lotuta, sinkroniaren aldaketa dago: espezieak ateratzen dira jaten duten espeziea ateratzen denean; adibidez, intsektua landarearekin batera ateratzen da. Baina ateratzen denean landarea oraindik ez badago hor, ezingo du polinizazioa egin, eta desagertuko da. D.E.: Gainera, Pirinioak bezalako lurralde espezifikoetako espezie endemikoek moldatzeko ahalmen txikia dute, oso baldintza zehatzak dituztelako, eta aldaketak direla-eta kalteberak dira. Hori gertatzen ari zaie, adibidez, eper zuriari edo anfibioei. Gainera, espezie inbaditzaileak ere agertzen ari dira. Eta uraren arazoa ere hor dago: mendialdeko ibaiak elurtarrak dira; beraz, glaziarren galerarekin eta eurien gutxitzearekin, geroz eta ur gutxiago izango dute, eta kalitate txarrekoa. Muturreko fenomenoak areagotuko dira. Zeintzuk? D.E.: Batez besteko balioak asko gainditzen dituzten fenomenoak dira: elur jausiak, uholdeak, suteak… Txostenak argi erakusten du espero dela horiek ugaritzea. Zergatik ugarituko dira horiek? S.I.: Dena lotuta dago. Adibidez, uholdeen kasuan: prezipitazioen joera beheranzkoa da, baina, espero denez, euri guztia une zehatz batzuetan eroriko da, ez da konstantea izango, eta horrek uholdeak eragingo ditu. Bestalde, elur jausiak elurrarekin eta beroarekin lotuta daude: elurte bat badago, eta bat-batean azpitik datorren beroak elurra urtu egiten badu, elur jausia gertatuko da. Suteei dagokienez, euriteen gutxitzearekin, lehorte gehiago egongo dira, eta horiek suteak eragingo dituzte. Zer kalte eragingo die horrek guztiak Pirinioetako biztanleei? S.I.: Hasteko, despopulazioa. Dagoeneko arazo hori duen eskualde batean, baldintzek okerrera egiten badute —laborantzak ez funtzionatzea, faunak sufritzea eta abar—, azkenean, despopulazioa areagotuko da. Gainera, hain zuzen, despopulazioaren eraginez, Pirinioetako eremua zaurgarriagoa da muturreko fenomenoen aurrean: kasurako, lehen laborantza lurrak zeuden toki asko hutsik daude, eta horiei higadurak kalte handiagoa egingo die. D.E.: Pirinioek, gainera, kalte sozioekonomikoak izan ditzakete. Han turismoa oso garrantzitsua da, eta elurrik gabe, eskiari lotutako turismoa galduko dute, adibidez. Eta glaziar, laku eta antzeko toki erakargarriak galduz gero ere jende gutxiago joango da. Eskualde horretan energia hidroelektrikoa asko erabiltzen da, baina ibaien emarien menpe dago. Ibaiek ur gutxi badute, ezingo dute energia mota hori sortu; beraz, ziurrenik erregaietara jo beharko dute, eta arazoa areagotu. Arazo honek ba al du atzera-bueltarik? S.I.: Oraintxe bertan, berotegi efektua gelditzeko gure eskuan dagoen guztia egingo bagenu ere, mende erdira arte ez genuke lortuko arazoa gelditzea. Horregatik, kalteak saihesteko neurriak hartu behar dira, baina orain badakigu hau gertatzen ari dela, eta saiatu behar dugu egokitzapen neurriak hartzen. Horrek eskatzen du gertatu diren aldaketak eta aurreikusten direnak ikertzea, eta kalteak izan dituzten tokietan neurri zehatzak ezartzea. Zuek zohikaztegiak eta lakuak aztertu dituzue. Zergatik? D.E.: Zohikaztegiak eta lakuak oso ekosistema kalteberak dira, eta oso interesgarria da horiek aztertzea, beste toki batzuetan gerta daitekeen horren seinaleak ematen dizkigutelako. Gainera, Pirinioak beste toki batzuk baino lehenago pairatzen ari dira klima aldaketaren eraginak, eta horrek erakusten digu zer gerta daitekeen antzeko baldintzak dituzten lekuetan; eredu gisa funtzionatzen dute, eta hori oso inportantea da. Zergatik da garrantzitsua herritarrek ikerketan parte hartzea? S.I.: Pirinioak ikertzeko, beharrezkoa da eskualde horretan behatokiak izatea. Guk, horretarako, herritarren laguntza behar dugu, zeren, adibidez, neguan ez baita erraza izaten mendiko toki batzuetara iristea. Hori errazteko, eskatzen diegu alpinistei, gu aztertzen ari garen eremuetan daudenean, esan diezagutela nola dagoen tokia, aplikazio baten bitartez: lakua izoztuta dagoen edo ez, adibidez. Hala, jendeak erregistro bat sortzen lagun diezaguke. Normalean, mendizaleak asko engaiatzen dira; kontzientzia handia dute. Irudia: Iñigo Uriz / Foku