Kontatzeko gogoa eta beharra

Kontatzeko gogoa eta beharra

Edurne Elizondo

Batetik bertzera dabiltzan pertsonak dira Munduko Medikuen azken kanpainako protagonista; gelditzen ez direnak. Hemen bizi diren migratzaileak dira; batetik bertzera arrazoi batek edo bertzeak bultzatuta mugitu behar izan dutenak. Hemen jaiotakoak ere badira kanpainako kide; migratzaileen aldeko lanean dabiltzanak dira; zeregin horretan gelditzen ez direnak.

“Gurean bizi diren migratzaileen atzean era askotako bizipenak daude; hamaika esperientzia eta istorio. Horiek kontatu nahi izan ditugu”, azaldu du Munduko Medikuak elkarteko boluntario eta kazetari Isa Egigurenek.

CEAR eta Gurutze Gorria erakundeekin egindako lanaren ondorioz sortu da kanpaina martxan jartzeko ideia. “Errefuxiatuak herrialdera ailegatzen hasi zirenean, hainbat boluntario hasi ginen haiekin lanean. Eta orduan ohartu ginen bazutela hitz egiteko gogoa eta beharra; kontatu nahi zituztela beren istorioak”.

Hitz egin nahi zuten horien ahotsa jaso du kanpainak, hainbat bideoren bidez. Argazki erakusketa ere osatu dute, migratzaileon mezu nagusiekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoan erakutsi dute jada, eta asmoa da, aurrerantzean, herrialdeko eskola, institutu eta elkarteetara eramatea. “Hain ohiko ez diren tokietara ere ailegatu nahi dugu oraingoan”, zehaztu du Egigurenek. Iruñeko peñak aipatu ditu, adibidez. “Arrosadiko batean izan gara jada, eta esperientzia hagitz polita izan da. Bi errefuxiaturekin hitz egin ahal izan zuten bizilagunek”.

“Pertsonak ezagutzea ezinbertzekoa da beren atzeko istorioak jasotzeko eta haiekin bat egiteko”. Isa Egiguren kazetariak argitu du istorio horietako anitz “gogorrak” direla, eta “gogorra” dela, halaber, Nafarroan aurkitu dutenari buruz anitzek duten iritzia.

Arrazakeriaren auzia mahai gainean jarri dute kanpainan parte hartu duten migratzaileetako batek baino gehiagok, adibidez. “Migratzaileen asmo nagusia da lan egitea; aurrera egin ahal izateko lan bat aurkitzea; baina anitzentzat zaila da”, salatu du Egigurenek. Etxebizitza alokatzeko ere oztopoak izaten dira nagusi migratzaile anitzen kasuan, nabarmendu dutenez.

“Guri ere badagokigu horri aurre egitea, gogoeta egitea eta egoera aldatzeko lan egitea”, erran du Egigurenek. Kanpaina prestatzeak, hain zuzen ere, “anitz irakatsi” diola onartu du Munduko Medikuen boluntarioak. Kanpainaren bidez jasotako materialaren bidez horixe bera lortu nahi dute gizarte osoarekin. “Entzun behar dugu bertzeek errateko dutena; entzun eta ikasi, zer kontatu badutelako”.

Bertzeek errateko dutena entzutea, egun, are garrantzitsuagoa dela argi du Egigurenek. “Migrazioaren aurkako diskurtso hagitz gogorra zabaltzen ari da eskuina, eta gelditu egin behar dugu; aurre egin behar diogu”, nabarmendu du.

Munduko Medikuen kanpainak horixe egin nahi du, hain zuzen ere. Migratzaileek eta hemen haiekin lan egiten dutenek hartu dute hitza horretarako, beren diskurtsoen berri emateko. Mahai gainean jarri dituzte gauza onak eta txarrak, denen gogoetak bultzatzeko asmoz. Ondokoak dira parte hartu dutenetako batzuen hitzak.

JUDITH DJOULE

Kamerungo migratzailea

“Afrikarron inguruko estereotipoak apurtzen lagundu nahi dugu”

Kamerundik ailegatu zen Judith Djoule Nafarroara. Alabarekin etorri zen, senideak elkartzeko programaren bitartez. “Sorterrian lana nuen; hemen hobeki prestatu eta lan hobe bat aurkitu ahal izanen nuela uste genuen”. Djoulek lan on bat lortzeko zuen esperantza enplegu zerbitzuan zapuztu zuten, ordea. “Kamerunen saltoki bateko kutxan egiten nuen lan. Hemen lan bila hasi nintzenean, gisa horretako enpleguak ahazteko erran zidaten; inoiz kutxa batean beltz bat ikusi ote nuen galdetu zidaten”, salatu du Djoulek. “Zur eta lur gelditu nintzen”.

Afrikako hainbat herritako emakumeek 2010ean sortutako Afrikako Lorea elkartearekin bat egitea erabaki zuen Djoulek. “Gure arteko harremana sendotu nahi dugu, eta, aldi berean, Afrikako emakumeon inguruko estereotipoak apurtzen lagundu”, azaldu du.

Arrazakeriari ere egin nahi dio aurre elkarteak, eguneroko gaitza baita. “Beltzoi modu arraroan egiten digute so”, erran du Djoulek, argi eta garbi. Kamerungoak argi du ezberdintasun nagusia hizkuntza dela. “Badugu bertze kultura bat, baina horrek aberasten gaitu; aurreiritziek min egiten digute”.

Ondokoa ezagutzeko ahalegina eskatu die Djoulek nafarrei. “Ondokoa ezagutzen baduzu, informazioa baduzu, aurreiritziak desagertzen dira, eta koloreak muga izateari uzten dio”.

ELIZABETH

El Salvadorreko errefuxiatua

“Beldurrak jota bizi ginen; hemen hasi gara beldur hori bazter uzten”

Asilo eskatzailea da El Salvadorreko Elizabeth. Senarrarekin bizi da Nafarroan. Sorterritik atera behar izan zuten heriotza mehatxuak jaso zituztelako. “Indarkeria eguneroko kontua da han; ezin genuen karrikatik ibili”, gogoratu du. Guatemalara joan ziren, eta handik Bartzelonara. Azkenean, Iruñera.

Ezintasuna du Elizabethek, eta aulki gurpilduna behar du mugitzeko. “Ezagutzen ez ninduen hemengo pertsona batek eman zidan, ailegatu nintzenean. Biziki eskertua nago. Busean, arazorik gabe mugitzeko aukera dut. Sorterrian ezin nuen hori egin”. Iruñeko giro “lasaia” eskertzen du Elizabethek. “Sorterrian beldurrak jota bizi ginen; hemen hasi gara beldurra bazter uzten”.

Zailtasunak ere badituzte, halere. Lana da nagusietako bat. “Inork ez gaitu ezagutzen, eta kosta egiten zaigu lana lortzea”. Asilo eskatzaile izanda, lan egiteko txartela eskuratu dutela azaldu du. Prozesuak aurrera egin ahala zer gertatuko den ez dakiela zehaztu du, halere: “Pasaportea ematen digutenean lan egiteko txartela kentzen badigute, zer eginen dugu?”. Zalantzak eta kezkak ditu Elizabethek etorkizunari buruz.

UNAI BEROIZ

Fotokazetaria

“Kameraren aurrean duzuna errespetatu behar duzu”

Unai Beroiz fotokazetariak bere aisialdia eta bere baliabideak erabili ditu, azken urteotan, migratzaileen errealitatearen berri emateko. 2015ean Turkian izan zen, Dani Burgi eta Luis Carmonarekin batera, Europara ailegatzeko txalupetan sartzen ziren errefuxiatuekin. 2017an, Melillako mugan egon zen, bertzeak bertze, salgaiak alde batetik bertzera pasatzen lan egiten duten emakumeen egunerokoa kontatzeko. “Bidegabekeriak salatzea da kazetariaren betebeharra; guri dagokigu behar gehien duen jendea jartzea erdigunean, gertatzen ari zaienaren berri ematea”, erran du. Argi du, halere, denak ez duela balio. “Kameraren aurrean duzuna errespetatu behar duzu; badira gainditu ezin daitezkeen mugak”.

Turkian, Europara sartu nahi zuten errefuxiatuen beldurraren lekuko izan zen. “Engainatuta ailegatzen ziren txalupa hartu behar zuten hondartzara. Uste zuten segurtasunez bidaiatu ahal izanen zutela, baina txalupa txiki batean 50 pertsona sartzen zituzten. Mafiak zuen agintea, eta mehatxupean zituzten errefuxiatuak. Bidea motza zen, baina arriskuz betetakoa”.

Melillan, “esklabotzaren pareko” lan baldintzetan ari ziren pertsonen egunerokoa islatu zuen Beroizek bere kameraren bidez. Parlamentuan dira egunotan Beroizek eta Dabid Sanchezek errefuxiatuen errealitatearen berri emateko egindako argazkiak.

VIJITHA

Sri Lankako errefuxiatua

“Ez dut laguntzen menpe egon nahi, lan egin nahi dut aurrera egiteko”

Sri Lankatik etorritako errefuxiatua da Vijitha. “2009. urtean jende anitz hil zuten sorterrian; jende anitz desagerrarazi zuten. Ez dago segurtasunik emakumeontzat, ez dago segurtasunik gazteentzat. Jada gerrarik ez da, baina arazoak ez dira desagertu. Ezin ginen han gelditu, ezin ginen han bizi”, kontatu du srilankarrak.

Nafarroan, zailena hizkuntza izan dela erran du Vijithak. Bai eta arrazakeriari aurre egin behar izatea ere. Batez ere, alabak sufritu zuelako eskolan. “Beltza erraten zioten, irain gisa. Gaizki pasatu zuen, denok pasatu genuen gaizki. Orain egoerak hobera egin du, baina zaila izan zen hasieran”.

Bertze migratzaile anitzek bezala, lana eta etxebizitza bilatzeko unean izandako zailtasunak nabarmendu ditu Vijithak ere. “Hamaika curriculum banatu ditut; toki guztietan utzi dut; baina ez didate deitu ere egiten. Esperientziarik ez izatea da arazoetako bat; gure azalaren koloreak ere badu zer ikustekorik. Nik ez dut laguntzen menpe egon nahi, nik lan egin nahi dut aurrera egin ahal izateko”.

Lanik gabe, etxebizitza edo gela bat lortzeko lana are zailago bilakatzen dela erantsi du errefuxiatuak. “Gela bat alokatzeko ere eskatzen dizute lan kontratua”. Sorterrian duten guztia partekatzen dutela azaldu du Vijithak, eta anitz harritu duela hemen berdin gertatzen ez dela ikusteak.

GABRIELA CALOFIR

Errumaniako migratzailea

“Integrazioak erran nahi du nik nirea ahaztea; hori aldatu behar dugu”

Munduko Medikuen Zure auzoa, zure etxea programako bitartekaria da Gabriela Calofir, Iruñeko Arrosadia auzoan. Errumaniarra da, eta ijitoa. “Errumaniako emakume ijitook plazan egiten genuen bat. Behin, Munduko Medikuak elkarteko kide bat etorri zen guregana, eta haren bidez egin nuen bat beren alfabetatzeko programarekin”.

Munduko Medikuen programarekin bat egin zuten emakumeen artean Calofir zen bere hizkuntzan irakurtzen eta idazten zekien bakarra. “Bertzeak laguntzen hasi nintzen”. Orain, zeregin hori bere lana du. “Errefuxiatuekin lan egiteko garrantzitsua da inguruko norbait izatea, beren errealitatea ezagutzen duen norbait izatea”, nabarmendu du.

Argi du 50 edo 60 urteko emakume anitzentzat zaila dela, orain, idazten eta irakurtzen ikastea. “Baina programak elkarrekin egoteko eta hitz egiteko aukera ere ematen digu; eta hori ona da guztiontzat”.

Nafarroan ez da dena erraza izan Calofirrentzat. “Jendeak epaitzen gaitu; arrazakeria bada ijitoen kontra; sentiarazten digute ez dutela gu hemen egotea nahi. Familia, etxea, dena utzi dut nik atzean aurrera egin ahal izateko. Integrazioa aipatzen dizute. Baina horrek erran nahi du nik nirea ahaztu behar dudala. Hori aldatu behar dugu”.

BEGOÑA ZESTAU

Zaska sareko kidea

“Pentsaraztea da kontua, zurrumurrua zabaldu baino lehen”

Migratzaileen inguruan zabaltzen diren zurrumurruen aurka egitea hartu dute helburu Zaska sareko kideek, zurrumurru horien atzean dauden estereotipoak eta aurreiritziak agerian uzteko asmoz. Duela bi urte osatu zuten sarea, eta duela gutxira arte barne lana egiten aritu dira kideak, formakuntza jasotzen eta trebatzen, alegia. Orain bertzeak prestatu eta trebatu nahi dituzte, sarea zabaltzen jarraitzeko. Herritarren artean gogoeta piztu nahi dute. “Pentsaraztea da kontua, zurrumurrua sare sozialetan zabalduko duen botoia sakatu baino lehen”, erran du sareko kide Begoña Zestauk.

Sarea, finean, “gizartean zabaltzen ari diren diskurtso baztertzaileen aurka egiteko” sortu dute. 30 erakundek baino gehiagok egin dute bat jada Zaskarekin. “Diskurtso baztertzaile horien atzean dagoena agerian utzi nahi dugu; errora joan, eta zurrumurruak ekartzen dituzten egoerei aurre egin”.

ABED

Irakeko errefuxiatua

“Jakin dezatela babes bila datozenek zergatik egiten duten ihes”

Duela ia 35 urte atera zen Abed Irak bere sorterritik, baina, oraindik ere, herriminak jotzen duela onartu du. “Gauez, nire hizkuntzan egiten dut amets, eta horrek, nolabait, etxearekin lotzen nau”. Azken urteotan bizpahiru aldiz joan da bisitan. Etxea zuen tokian lurra baino ez dago jada. Baina jaio zen tokira itzuli zen, behin eta berriz, Abed.

Kurdua da Abed, eta Bagdaden jaio zen. Iranera mugitu zen, lehendabizi, familiarekin. Gero Alemaniara. Handik ailegatu zen Iruñera. Ederki daki errefuxiatu batek ezagutzen ez duen toki batera heltzen denean zer sentitzen duen: “Behar du besarkada bat eta irribarre bat. Eta behar du, batez ere, informazioa”. Nafarrei eskaera zehatza egin die. “Jakin dezatela babes bila datorren jendeak zergatik egiten duen ihes. Dena uzten dute atzean, eta ez da batere erraza”.

Aurrera egiteko, helburuak zehaztea funtsezkoa dela nabarmendu du Abedek. “Herriminak jotzen bagaitu ere, ezin dugu atzera begira bizi; aurrera egin behar dugu; etorkizunari egin behar diogu so”.