Hamasei urte eta gero, Nafarroako Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Legearen proiektua onartuko du. Batik bat ETAren biktimei zuzendutako lege horrek 2010ean aitortutako eskubideak zabalduko ditu. Hala nola, atentatuaren eraginez osasun artatzea edo arreta psikologikoa sendotu du, eta babes neurriak hobetuko ditu, hauskortasun egoeratan etxebizitza, lan, hezkuntza edo kultura beharrak estali asmoz.
Gaur gobernu kontseiluan onartu da lege egitasmoa, eta horren ondotik Nafarroako Parlamentuan bere bidea egin beharko du. Lege hori aurrera ateratzeko konpromiso hori hitzartu zuten akordio programatikoan PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Ana Olloren Bizikidetza departamentua arduratu da lege proiektuaren edukia lantzea. Otsailean ireki zen partaidetza prozesua eta bertan parte hartu dute Covite, Anvite eta AVT elkarteek. Proposamenetako batzuk onartu egin dira.
2010eko legea aitzindaria izan zen, Espainiako Gobernuak bere lege propioa onartu baino urtebete lehenago atera baitzen aurrera. Bere polemika izan zuen, Batzarrek ez baitzuen bat egin bozketan Nafarroa Bai koalizioko gainerako bazkideekin.
Espainiako Gobernuak biktima horiei aitortzen dizkien kalte-ordainen osagarria onartzen du egungo legeak, eta proposamenak lau urteko epea emango die hortik kanpo geratu zirenei laguntza gehigarri hori eskatzeko aukera izan dezaten berriz. Halaber, etorkizunean izan daitezkeen atentatuen biktimak ere artatuko ditu. Ollok azaldu duenez, erreparazio ekonomikoa «atal bat besterik ez da» eta ikuspegi integrala bilatzen du legeak. Azken urteetan hezkuntza arloan egin diren egitasmoak jasoko ditu legeak eta biktima elkarteen lankidetza sustatu.
400 kide
2010eko legea ETAren biktimei zuzendurik zegoen erabat, nahiz eta bertan aipatzen ziren GALen edo Batallon Vasco Españolen biktimak. Kolektibo horretan 400 pertsona inguru daude. Hildakoez gain, lege barruan sartzen dira zaurituak, bahituak, kalte fisiko eta psikologikoa jaso dutenak eta kalte materialak izan dituzten pertsonak.
Oraingo proiektuaren arabera, «ekintza terroristaren biktimak» izango ditu helburu: «Hau da, ordena konstituzionala iraultzea edo bake publikoa larriki asaldatzea helburu duten ekintzen biktimak». Horretarako biktimek edo euren senideek Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunek emandako administrazio-ebazpen irmoak aurkeztu beharko dituzte.
Ollok nabarmendu duenez, etorkizunari zentzu bikoitzean begiratuko dio lege egitasmoak. «Alde batetik, lan egingo dugu belaunaldi berriekin gertatutakoaren kontakizun partekatu bat izateko eta giza eskubideen urraketak berriro errepikatzea saihesteko». Era berean, legea aplikatuko da Nafarroan izandako erasoen biktimei baina baita atzerrian gertatuagatik biktimak «Nafarroan jai baziren». Olloren arabera, kontzeptu horrek bilatzen du etorkizunean babes estaldura ematea nazioartean izan daitezkeen indarkeria ekintzak jasaten dituzten nafarrei.
Geroa Baik prentsa ohar bidez adierazi du erreparazioa eta aitortza hobetzen dituela lege egitasmoak. «2010eko araudia eguneratzen du eta hobetzen du». Etorkizunera ere begiratzen duela azpimarratu du.
