Nor bere izenean mintzatu

Nor bere izenean mintzatu

Edurne Elizondo

Hamar-hamabi orduz lotu ninduten. Urteak behar izan ditut gertatutakoa gainditzen hasteko. Sufritutakoa paper batean idatzi, eta Nafarroako Parlamentuan irakurri nuen. Gorputzak eskatutako terapia bat izan zen hori niretzat”. Mejoranako Eva Roncerok erran ditu hitzok. Dibertsitate mentala duten eta sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten pertsonek osatzen dute elkartea. Bihar, bigarrenez, harrotasun eroaren eguna ospatuko dute, Iruñean.

Manifestazioa eginen dute, batetik, beren eskubideen alde, eta beren esperientzietan oinarrituta hitz egin nahi dutela aldarrikatzeko. Bertzetik, besta giroan ospatuko dute eguna. Enrique Villarreal El Drogas musikariak kontzertua joko du, bertzeak bertze, Basotxo oinezkoentzako karrikan. 12:00etan abiatuko da protesta, Bakearen plazatik, eta bukatzen denean hasiko da El Drogasen emanaldia.

Dibertsitate mentala duten pertsonak ahalduntzea da Mejorana elkartearen helburuetako bat; hori lortzeko bidean, Nafarroako Parlamentuan izan dira. Erakunde horretan eta karrikan exijitu dute beren giza eskubideak ez ditzatela urra. Hori egin zuen Roncerok, lotu zutenekoak parlamentarien aurrean azalduz, eta hori egiten jarraitu nahi du, harrotasun eroaren eguna tresnatzat hartuta. “Hitz egin behar da, buruko osasunaren gaia ikusgarri bilakatu; eta, batez ere, gure izenean hitz egiteko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu”, erran du Roncerok.

Bat egin du Asun Lasaosak. Roncerok bezala, Lasaosak ere badaki zer den ospitaleratze psikiatrikoko unitate batean egotea; badaki zer den ohera lotuta egotea; badaki zer-nolako zama izan dezakeen adimen osasunari lotutako estigmak. Eta argi du: “Ez dezatela profesionalek edo senideek hitza hartu gure izenean. Harrotasun eroari buruz hitz egiteko beharra dago, larria eta gogorra delako diagnostiko bat dugunok sisteman sufritzen duguna. Ahaldundu behar dugu hori salatzeko. Baina guk egin behar dugu, gure esperientzietan oinarrituta”.

Nahasmendu bipolarra duela erran zioten medikuek Lasaosari, 2011. urtean lehendabiziko krisia izan eta gero. “Buruko gaitzak ez dira eritasun bat; ez dira antzematen analisi batean edo TAC makina bat erabiliz. Sufrimendu psikikoa hagitz handia denean, zure buruak plast egiten du, eta bertze nonbaitera eramaten zaitu; krisia dator”.

Egungo gizarte patriarkalak emakumeak, bereziki, egoera zaurgarri batean jartzen dituela uste du Lasaosak: “Gizonek ez dituzten zama anitz hartu behar ditugu gure gain; zaintzen ardura gurea da, etxean gizonek baino gehiago egiten dugu lan, eta etxetik kanpo, lan bera eginda ere, gutxiago kobratzen dugu. Feminismotik salatzen dugun horrek guztiak badu eragina gure buruko osasunean”, nabarmendu du Lasaosak.

Erabateko ezintasuna onartu diote. Roncerok, berriz, %50 du. Lanean ari da Mejoranako kidea, baina salbuespena da dibertsitate mentala duten pertsonen artean: langabezia tasa %80 ingurukoa da, eta bereziki eragiten die emakumeei.

Ez da arazo bakarra. Fedeafes dibertsitate mentala duten pertsonen eta senideen elkarteen EAEko federazioak ikerketa egin zuen 2015. eta 2016. urteetan, eta jasotako datuek agerian utzi zuten sufrimendu psikosozialeko esperientzia larriak dituzten emakumeek gainerakoek baino arrisku handiagoa dutela indarkeria sufritzeko: %75ek sufritu dute senideren baten edo bikotekidearen indarkeria; bikotea izan duten %80k sufritu dute kide horren indarkeria. Gehienetan psikologikoa da, baina erdiek pairatu dituzte tratu txar fisikoak, eta %40 inguruk, berriz, sexu indarkeria. Gainera, bikotekidearen indarkeria sufritzen dutenen %40k baino gehiagok ez dute halakotzat identifikatzen.

Autonomiarik edo lanik ezak badu eragina dibertsitate mentala duten emakumeen autoestimuan: emakumea bakartzen duen giroa sortzen laguntzen dute elementu horiek. Buruko osasun arazoak dituztenek sufritzen duten estigmak, gainera, indar handia du oraindik ere, eta egoerak okerrera egitea ekartzen du.

Fedeafesek egindako ikerketaren datuak zabaldu ditu Nafarroako Los Perro Verde elkarteak. Lorena de Simon psikiatra da talde horretako kide, bertzeak bertze. Eva Roncerok ere parte hartzen du elkarteak antolatutako jardueretan. “Institutuetan izan gara, adibidez, ikasleen aurrean gure esperientzien berri ematen”. Erdigunean jarri du Roncerok, berriz ere, hitz egiteko beharra: hitzen bidez, nor bere izenean mintzatuz eta bere esperientziak azalduz, dibertsitate mentalaren auzia normalizatzeko beharra. Iritzi berekoa da Lasaosa. “Mundua ikusteko bertze modu bat dugu dibertsitate mentala dugunok; hori da gakoa. Erotuta nago, eta zer? Hitz hori irain gisa erabiltzen da; hedabideetan indarkeriarekin lotzen dute, behin eta berriz. Guk gure egin nahi dugu hitz hori, eta buelta eman”.

1993. urtetik

1993. urtean ospatu zuten lehendabiziko aldiz harrotasun eroaren eguna, Kanadako Ontarion. “AEBetan ere, 1970eko hamarkadan jada bazen mugimendua. Dibertsitate mentala zutenek aldarrikatzen zuten psikiatriatik bizirik atera zirela”, kontatu du Lasaosak.

New Yorken dago, hain zuzen ere, dibertsitate mentala dutenek elkarri laguntzeko sortutako talde nagusietako bat. Parachute izena du. Hemen ere, inguruko herrietan egindako urratsei egin diete so, eta sortu dira gisa horretako taldeak. Espainian, Asturiasko Hierbabuena taldea izan da aitzindari. Dibertsitate mentala dutenen elkartea da, eta 2010. urte inguruan hasi ziren ospatzen harrotasun eroaren eguna. Andaluzian, berriz, En Primera Persona taldea ari da lanean. Eta Herrialde Katalanetan, Bartzelonako Activament da erreferente nagusietako bat. Euskal Herrian, berriz, Iruñeko Mejorana.

Taldean ahalduntzeko izan duen aukera eskertu du Eva Roncerok. Ados Teatroa konpainiarekin elkarlanean, Que nadie camine por mi mente con los pies sucios antzezlana prestatu eta aurkeztu dute Mejoranako kideek, hainbat aktore profesionalekin batera. Hilaren 31n, Burlatako kultur etxean eskainiko dute obra.

Oholtza gainera igotzea “sekulako esperientzia” izan da Eva Roncerorentzat. Argi du dibertsitate mentalaren berri jasotzeko balio duela lanak, eta ikustera deitu ditu herritarrak. Asun Lasaosak, berriz, Zauriak dokumentalean azaldu du, berriki, bere esperientzia, eta, aurretik, bakarrizketa bat prestatu zuen, osasun mentalaz aritzeko.

“Aktibismoak laguntzen du, zalantzarik gabe. Laguntzen du bakarra ez zarela jakiteak. Krisiak jo eta sistemak hartzen zaituenean, amorruak gora egiten du, eta aktibismoa da bideratzeko modu bat. Baina ez da ona horretan gelditzea, nire ustez. Aurrera egin behar dugu. Erotuta nago, baina, gainera, ama naiz, alaba, laguna, bikotea, feminista, abertzalea…”.

Aktibismoaren lehen lerrotik aldentzeko beharra sentitu du Lasaosak. Roncerok, berriz, hor du orain ongi sentiarazten duen tokia. Zer hobetu badela argi du, eta horretan lagundu nahi du. Nafarroako Gobernuak 2019-2023 eperako Osasun Mentalerako Plana onartu du berriki. Agiriak helburutzat jo du inor ez lotzen saiatzea. “Xedetzat hartzea ez da nahikoa; egin egin behar da. Adi izanen gara, gure eskubideen urratze oro salatzeko prest”.

Baliabideak eskatu ditu Roncerok. Ez hori bakarrik: dibertsitate mentala dutenak artatzen dituzten profesionalak trebatzeko beharra nabarmendu du. Hitza nahi du Roncerok, batez ere. Eta gizarte bat entzuteko prest.