“Odol itsaso honetan duintasun irlak daude”

Argazkilaria da Xabier Santakiteria (Iruñea, 1973). Plastikozko kamara urdin batekin gogoratzen du lehen hartu-emana argazkilaritzarekin. “Txirrika pasatzeko gurpiltxo beltz bat mugitu behar nuen, rak-rak egiten zuen”. Nafarroako oroitzapena da. Orain, Mexikon ateratzen ditu argazkiak. “Mandatuak egiten ditut, baita ikastaroak ere”. Bi urte daramatza Mexiko Hirian (Mexiko), Palman (Kanaria uharteak, Espainia) hiru urte igaro ondoren.

Munduko hiririk handienetan hirugarrena da Mexiko Hiria, 20 milioi biztanle ditu. “Hiri zaratatsua da, oso bizia, alaia eta tristea”. Herritarren arteko desberdintasunez mintzatu da Santakiteria. “Carlos Slim bizi da hemen, munduko pertsonarik aberatsenetarikoa, baina kale berean 4,5 milioi biztanle txiroak dira”.

Mexikora iritsi zenean, Santakiteriak koaderno batean idazten zituen gertatzen zitzaizkion anekdota dibertigarriak. “Kultura desberdin batean murgiltzen zarenean gertatzen zaizkizun gauzak dibertigarriak izaten dira; baina batzuetan amorragarriak ere badira”. Dagoeneko ez du bere burua turistatzat hartzen, “egokitze prozesuan” dago. “Hemen esaten duten bezala ‘ni modo que todo Mexico se adapte a mi'”. Arratsalde batean liluratuta, harrituta, haserretuta eta maiteminduta egon daitekeela dio.

Betidanik gustatu zaio Mexiko Santakiteriari. “Herri gaztea da, oso bizia eta gauza asko gertatzen dira egunero. Mexikoko hilabete bat Europako hiru edo lau hilabete bezalakoak dira. Agian Mexikon nago nire bizitza luzatzeko”.

Argazkilaritzaz gain, antzerkian aritzen da Santakiteria. Opresioaren aurkako antzerkian. “Borrokatzeko eta gauzak salatzeko era bat da. Ikusleek kontatzen dituzte haien kontuak, bere bizitzako gauzak, eta guk, inprobisatzen, antzezten dugu. Batzuetan eszena klasikoak dira, pertsonaiekin. Beste batzuetan, aldiz, mugimenduak egiten ditugu edo soilik olerki bat abestu”. Auzoko taldeekin egiten dute lan, baita unibertsitateko ikasleekin ere. “Herritarren munduan murgiltzen gara, opresio itsaso batean, baina itsaso kolektiboa dela ikusten dugu”.

Uztailean hauteskundeak izan ziren Mexikon. Enrique Peña Nieto Alderdi Iraultzaile Instituzionalako (PRI) buruak irabazi zuen, baina iruzurrak salatu zituzten askok. “Boto asko erosi zituzten; azkeneko hauteskunde guztietan Iraultza Demokratikoaren Alderdiari (PRD) boterea lapurtu diote horrela. Zoritxarrez, mexikar askok bere botoa libreki PRIri eman zioten”. Santakiteriak gogorazi du Peña Nietok boterea hartu zuen egunean ehun pertsona atxilotu zituztela bere aurkako protestetan. “Gehienek kartzelan jarraitzen dute”.

Aurreko presidentea Ekintza Nazionalaren Alderdiko (PAN) Felipe Calderon izan zen. Boterean egon zen sei urteak ez ziren garai errazak izan. “100.000 hildako inguru salatu dituzte giza eskubideen aldeko taldeek. Igaro sei urteetan, egunero 45 pertsona hil dira. Gainera, Mexikon, delituen %90 ez dira zigortzen”. PRI botorean egonda, narkotrafikoaren guda lasaitu daitekeela uste du Santakiteriak: “Baina herriaren aurkako guda ez da baretuko”. Herrien elkartze sareak apurtzea eta lurraldearen kontrola nahi dutela salatzen dute zapatistek.

Hedabide gehienetan Mexikoren aurpegi bakarra erakusten da, baina Santakiteriak ongi daki beste errealitate batzuk ere badaudela. “Mexikoko leku guztietan haien egoera hobetzeko lanean hamaika talde daude. Odol itsaso honetan milaka duintasun uharte daude”. Adibideak nonahi daudela dio: “Zapatistak, Guerreroko komunitateak, Oaxacako irakasleen elkarteak, etorkinen aldeko sareak, talde feministak…”. Cheran herria aipatu du. Herritarrak gobernuaren eta narkotrafikoaren aurka matxinatu ziren, herritik bota zituzten eta gaur egun asanbladetan hautatutako agintariak dituzte.