Ur goiena, ur barrena / Urteberri egun ona. Etxe honetan sar dadila, / Bakearekin osasuna, Bakearekin osasuna, / Onarekin, ondasuna. … Gure baratzean belar ona, / Hark botatzen du usain ona. …”
Gauerdiko kanpai-hotsek jotzearekin batera herriko gazteek iturriko ur berria apaiza, alkate eta zinegotziei lehen dastatzea emanik, bertan bilduriko herritarrei banatu zieten. Segidan, aspaldiko ohiturari eutsiz, aurten ere kanta ezaguna abestu dute Nafarroako Urdiain herrian Urtezaharra despeditzeko eta berriaren etorrera ospatzeko.
Gaur egun bizirik dirauen ohitura horren lehendabiziko irudiak 1972koak dira, Julio eta Caro Baroja anaien Navarra, cuatro estaciones izeneko filmean ikusi izan zirenak. 1980an, Jose Maria Satrustegi etnografo eta urteetan Urdiaingo apaiza izandakoak Mitos y creencias liburuan deskribatu zuen, eta 1997an, Pantxoa eta Peiok Oles ta Oles diskoan bildu zuten kanta zaharra.
Ura. Ura, lurra, airea eta sua. Funtsezko lau elementuetako bat: ura.
Munduko kultura askok (Europa zaharrak, budismoak, hinduismoak) lau elementu horiek zituen oinarri. Miletoko Talesek (k. a. 630-545) ura zuen gauza guztien jatorritzat. Lehenengo herri eta zibilizazio handiak iturburuen ondoan sortu ziren.
Gure arbaso zaharren urtea bitan banatzen zen: uda eta negua. Urtea (ur+te) eurien zikloa zen, eta uda eta neguaren arteko mugatzaileak solstizioak eta ekinozioak ziren. Gure arbasoak ere oinarrizko sinbologian azaltzen diren lau elementu horietaz baliatzen ziren, uraz eta suaz gehienbat.
Lurra. Sustraiak: lurpean dauden landareen zatiak, bizitzan finkatzeko balio dutenak. Sustrai Erakuntza Fundazioak hiru urte egin ditu auzitegietan lanean naturari kalte egiten dioten proiektuei aurre eginez. Horietako bat, Olatzagutiko Portland lantegian hondakinak erretzeko egitasmoaren aurkakoa, hain zuzen ere. Helburu bera duen 3 Mugak Batera Plataforma ere horretan ari da. Horiekin bat datoz Sakana, Goierri, Arabako lautada eta Ameskoako herritar asko. Baina nago, horietaz guztietaz gain, Mariren, funtsezko lau elementuak bere barnean biltzen dituen euskal jainkosaren laguntza ez ote dugun beharko, heldu den urteetan ere ur goiena, ur barrena garbia eta baratzeko belar onaren usain ona izan dadin nahi badugu. Marik gobernatuko ahal ditu sua eta airea tximinia altu haietatik gure kontra jar ez daitezen !