Enrique Maia Iruñeko alkate izendatu zutenetik urte eta erdi igaro da jadanik. Peio Martinez de Eulate, Eva Aranguren eta Patricia Perales Bilduko zinegotziek salatu dute UPNk eta Maiak ez dutela Iruñea gobernatzeko “gaitasunik”. Egoera horri aurre egiteko, aldaketa politiko eta sozialaren alde egin du alderdi abertzaleak. Hori gauzatzeko, lau puntu proposatu ditu: justizia soziala, parte hartzea, normalizazio politikoa eta indar metaketa.
Azken hemezortzi hilabeteetan Iruñeko arazoak “areagotu” egin direla irizten dio Martinez de Eulatek. “Iruñeko Udala Nafarroako Gobernuaren eta Madrilgo gobernuaren sukurtsal hutsa bihurtu da, eta hiritarren beharrei ez die erantzuten”. Gainera, Iruñeak jasaten duen “krisi sistemikoa” UPNk bultzatutako eredu politiko eta ekonomikoaren ondorio dela azaldu du.
Lurraldeko administrazio publikoen jarrera “txarraren” kontrapuntua kalean dagoela jakinarazi du Martinez de Eulatek. “Hiritarrek UPNk baino heldutasun eta gaitasun handiagoa erakusten dute, eta etengabe bestelako hiri eredu bat eraikitzen saiatzen ari dira”, ohartarazi du. Izan ere, azken hilabeteetan hamaika mugimendu indartu dira Iruñean, tartean Gora Iruñea, Arantzadiko baratzeak defendatzeko taldea, etxe kaleratzeen inguruko mugimendua…
Testuinguru horretan, aldaketa politiko eta sozialean Bilduk duen konpromisoa berretsi dute hiru zinegotziek. Aldaketa hori gauzatzeko, lau oinarri proposatu dituzte: justizia soziala eta ezkerreko aldaketa, parte hartzea, normalizazio politikoa eta indar metaketa. Oinarri horien bitartez aldaketa gauzatu daitekeela irizten diote.
Ezkerraren balorazioa
Edurne Egino Ezkerrako Iruñeko Udaleko zinegotziak krisitik irteteko konfiantza soziala eragingo duten hamahiru neurri proposatu ditu. Neurri horiek ikuspuntu soziala dutela ohartarazi du Eginok. “Proposamena hiriko aurrekontuetan inflexio puntua izatea nahi dugu, herritarrek sinets dezaten konfiantza eragingo duten politikak abian jar daitezkeela”, jakinarazi du Ezkerrako zinegotziak.
Datozen asteetan Iruñeko Udaleko gainontzeko alderdiekin biltzekotan dira Ezkerrako ordezkariak, hamahiru puntuko neurrien berri emateko eta negoziatzeko. Inbertsioa 12 milioi eurokoa izango litzateke, eta ahalik eta azkarren aurrera ateratzea nahi dute Ezkerrakoek.
Beste behin, Eginok argi utzi du Maia buru duen udal gobernuak egungo egoerari “bizkar” emanda proposatu zituela aurrekontuak. Arrazoi horrengatik ez zirela aurrera atera ohartarazi du Eginok. Hala, esan du UPN ez den beste gobernu alternatibo bat era daitekeela Iruñean. Alde horretatik, salatu du PSNk ez duela horren aldeko inolako mugimendurik egin. Inbertsio sozialen alde egiteko eskatu dio PSNri.