“Gure ustez, merkealdiaren egutegia aldatzea lehia desleiala da”

Urte hasiera korapilatsua izan dute Nafarroako Merkatarien Federazioan. Zenbait merkatarik adostu baino lehen hasi zuten merkealdia. Elisabeth Azkarate Nafarroako Merkatarien Federazioko presidenteak (Donostia, 1957) ohartarazi duenez, hainbat merkatarik iragarri zuten merkealdia urtarrilaren 2an hasiko zutela, baina publizitate hori engainagarria zela salatu du.

Merkealdiaren hasiera gatazkatsua izan duzue. Zer dela eta?

Espainiako Gobernuakmerkataritzaren sektorea liberalizatzea erabaki zuen dekretu bidez. Bertan, hainbat neurriren artean, urtean gutxienez hamar jaiegunetan dendak irekitzea jasotzen da. Horrekin batera, asteko lanorduak, lehen, 82 ziren, eta, orain, 90 dira. Horrez gain, merkatari bakoitzari merkealdia nahi duen garaian jartzeko eskuduntza eman zaio. Lege hori autonomia erkidego guztietan abian jartzeko betebeharra dago.

Zuek zer pauso eman dituzue neurri horiek abian jartzeko?

Lege aldaketaren berri izan genuenean, balorazio bat egin zuen Nafarroako Gobernuak esparru juridikoa kontuan hartuta. Gobernuaren irizpideen arabera, merkealdia historikoki egin den bezala egiteko eskubidea daukagu. Horrez gain, gobernuak ohartarazi zigun komenigarria zela historikoki merkataritzaren sektoreak Merkataritza Mahaian erdietsi dituen akordioei eustea. Ireki beharreko jaiegunei dagokienez, azken urteetan bost jaiegunez egon dira dendak irekita. Hala ere, azaroaren 12an sektoreko ordezkari guztiek egin genuen bileran, merkealdiari eustea eta dendak hamar jaiegunetan irekitzea erabaki genuen.

Zenbait merkatarik Merkataritza Mahaian adostutakoa ez dutela bete salatu duzue.

Horrela da. Nik uste nuen ez zela gaiari buruzko zalantzarik geratu. Bagenekien Gabonak luzeak izango zirela eta eskaintzak egitea komenigarria zela. Merkataritzaren inguruko legediak produktuen prezioak murrizteko aukera hori jasotzen du. Hala ere, merkealdiaren eragina modu horretako eskaintzan baino handiagoa da. Gabonetako azken astean, ohartu ginen merkatari txiki zein handiek eskaintza bereziak jarri zituztela. Hori ulertzen dugu. Merkealdi faltsua amu gisara baliatu da kontsumitzailea erakartzeko. Hori ez dugu ulertzen. Askotan, amu hori publizitate engainagarria egiteko erabili dute. Gure ustez, merkealdiaren egutegia aldatzea lehia desleiala da.

Merkealdiko araudia ez errespetatzeagatik 34 merkatariri espedientea ireki die gobernuak. Zer iruditzen zaizu neurri hori?

Zenbait kasutan, gu ohartu ginen, kale batzuetan egindako ibilbideen bitartez, merkatari batzuek merkealdia aurreratu zutela. Hala ere, nire ustez, espedientea ireki dieten enpresa horiek historikoki ez dute merkealdiaren araudia errespetatu. Enpresa handiak dira, eta merkealdia konpetentziari aurre egiteko baliatu izan dute. Merkatari elkarteetan dauden dendetan ez da inolako gorabeherarik izan. Nik uste nahiko garbi gelditu zela merkealdia urtarrilaren 7an hasiko zela eta martxoaren 6an amaitu.

Merkealdiaren egunen dantzak kontsumitzaileengan eraginik izan du?

Oraindik ez dakigu nahasmen horrek eraginik izan duen. Hala ere, nire ustez, gertatu dena kontsumitzaileentzat ez da positiboa izan. Merkealdiaren hasiera urtarrilaren 2an izango zen publizitatea baliatu dute bezeroak erakartzeko. Baina, gero, egiazki, hamar denda besterik ez zegoen benetan merkealdian. Denera, Nafarroan 7.000 denda inguru dauden arren, 40 inguruk hasi dute merkealdia garaia baino lehen.

Eta orain zer egin dezakezue?

Merkataritza Mahaia berriz biltzeko interesik badagoen ala ez baloratu beharko da. Duela hogei urte sortu genuen mahai hori, eta nik uste oso emaitza baikorrak eman dituela. Orain haren jarraipena kolokan dago. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak neurriak hartu beharko ditu egun indarrean dagoen legedia betearazteko.