Legeak urratutako batasuna

Hasi da merkealdia. Martxan dira deskontuak. Urtarrilaren 7an hasi zen ofizialki Nafarroan, besteak beste, neguko denboraldiko arropen prezioak beheratzeko garaia. Hala izaten da urtero. Neguko merkealdia urtarrilaren 7an hasi eta martxoaren 16an amaituko da. Horrelaxe adostu zuten aho batez, joan den azaroaren 12an, Nafarroako Merkataritza Mahaia osatzen duten kideek. Baina badirudi zenbait merkatarik adostutakoa ez dutela bete eta merkealdia urtarrilaren 2an hasi zutela. Hain justu, adostutakoa bete ez dutelakoan, espedientea ireki die Nafarroako Gobernuak zenbait merkatariri.

Berez, Espainiako Gobernuak joan den uztailean merkataritzaren sektorea liberalizatzeko legedi aldaketa onartu zuen. Besteak beste, 2013ko urtarriletik aurrera dendak zortzi jaiegunetan irekita egon beharrean gutxienez hamar jaiegunetan irekitzea onartu zuen. Horrez gain, merkatari bakoitzari merkealdia nahi duen garaian egiteko eskuduntza aitortu zion. Orain arte, bi merkealdi izaten ziren urtean, bata udan eta bestea neguan; gutxienez astebete iraun zezaken, eta gehienez, berriz, bi hilabete.

Hala ere, Espainiako Gobernuaren ebazpenez gaindi, Nafarroako Gobernuaren eskuduntza da herrialdeko merkataritzaren sektorea kudeatzea; hala jasotzen da, behintzat, Foru Hobekuntzan. Yolanda Barcina buru den gobernuak ahalegina egin zuen Madrilgo administrazioak egindako aldaketak moldatzeko, baina ildo bertsuari jarraituta. Hala, abenduaren 20an parlamentuan 2001ko merkataritzaren legea aldatzeko foru legea proposatu zuen UPNk. Saltokiek igande eta jaiegunetan irekitzeko egun kopurua hamar egunera mugatzea zuen xedea. Industria Ministerioak zehaztu zuen gutxienez hamar izan behar zutela.

PPNk proposamen horrekin bat egin zuen, baina Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten gainerako alderdi politiko guztiek errefusatu egin zuten proposamen hori. Horren ordez, NaBaik beste foru lege proposamen bat egin zuen, “Nafarroako eskumenak baliatzeko xedez”. Estatuak jaiegunetan libreki irekitzearen inguruan onetsitakoaren aurka, Merkataritza Mahaiaren esparruan araututakoari eustea proposatu zuen, alegia, urtean lau jaiegunetan baino gehiago ez irekitzea. Koalizioaren irudiko, “ordutegien liberalizazioak zailtasun gehigarria dakarkie merkatari txikiei familienak eta langile gutxikoak izateagatik ordutegien arloan saltoki handiekin irekitzerik ez dutelako”.

Zenbait merkatarik salatu dute legedia ez dagoela orain batere argi. Nafarroako Gobernuak merkataritza arautzeko eskuduntza berea dela dioen arren, hainbatek zalantzan jartzen dute hori horrela ote den, eta ez ote den Raxoiren gobernuak adostutakoa gailentzen.

Merkealdi aurreratua

Azaroaren 12an, Merkataritza Mahaiak neguko merkealdia urtarrilaren 7an, Eguberrietako jaien ostean hastea ebatzi zuen. Baina, 2012a amaitzerako, Iruñerriko merkataritza zentro handi batek hedabideetan egindako iragarkien bitartez jakinarazi zuen zentroko denda askok merkealdia urtarrilaren 2an hasiko zutela.

Mutiloan dagoen Morea merkataritza gune handiaren kasua da hori. “Merkealdia, urtarrilaren 2tik aurrera” irakur daiteke oraindik ere arropa eta oinetakoak saltzen dituzten denda gehien dagoen lehenengo solairuko eskaileretan. Egia da azken urteetan, krisi ekonomikoa hasi zenetik gero eta gehiago direla bezeroak erakarri nahian merkealdia baino lehen eskaintzak egiten dituztenak.

Alor horretan, Nafarroako Gobernuak oso ondo zehaztutako legedia du, merkealdia eta eskaintza eta gisako kontzeptuak nahastu ez daitezen. Abenduko azken egunetan, Nafarroako Parlamentuan onartutako legedia urratu dutelakoan, oraingoz 34 merkatariri espedientea ireki die Nafarroako Gobernuak, merkealdia aurreratzeagatik. Ustez, 34 denda horietako jabeek legedia urratu dute, eta Industria Departamentuak —merkataritzaren sektorearen ardura departamentu horrek du— falta “larritzat” jo du. Hala, litekeena da Merkataritza Mahaian adostutakoa bete ez zuten 34 merkatariek 3.000 euro eta 15.000 euro arteko isunak jasotzea. Dena den, Juan Luis Sanchez de Muniain Industria kontseilariak ohartarazi du merkatarien gehiengoak errespetatu duela sektoreko mahaiak adostutakoa.

Hain justu, Morea merkataritza gunekoak dira Nafarroako Gobernuak espedientea ireki dien dendetako asko. Hala ere, horren inguruan galdetuta, Moreako buruek ez dute azalpenik eman nahi izan, Nafarroako Hitza harremanetan jarri den arren. Bestalde, Uharteko Itaroa merkataritza guneko arduradun Patxi Biurrunek jakinarazi du eurek Merkataritza Mahaian onartutakoa bete dutela. Baina adierazi du krisi ekonomikoa hasi zenetik gero eta ohikoagoa dela merkealdia hasi aurretik dendariek eskaintzak jartzea, bezeroak erakartzeko.

Bestalde, Iratxe Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak begi onez ikusi du merkealdia aurreratzeko aukera. Baina uste du ezinbestekoa dela alor horretan dagoen araudia bateratzea. “Araudia bateratuz gero, merkatariek jakin dezakete zein araudiren arabera jokatu behar duten”. Elkarteak berak egindako ikerketa batean jasotzen denez, Nafarroako biztanleen %72k merkealdia baliatzen dute erosketak egiteko.

Oraingoz, Merkataritza Mahaiak Nafarroako Parlamentuan onartutakoa betetzea adostu du, eta, 2013an, lau jaiegunetan irekita izango dira dendak. Sindikatuek gogor protestatu dute neurri horren aurka, sektorean lanean aritzen direnei, enpresa txikietakoei batez ere, lana eta familia uztartzeko aukera zailtzen dielako.

Oraingoz, ez dago batere argi udako merkealdian zer gertatuko den, ezta zein den ere merkatariek jarraitu behar duten legedia. Horren inguruan Juan Luis Sanchez de Muniainek argibideak ematea nahi dute zenbait alderdik, tartean PPNk. Industria kontseilaria datozen asteetan da merkealdiaren inguruan sortutako eztabaidari buruzko azalpenak ematekoa.