Ikasleen eskaerek eskaintza gainditu dute NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Guztira, 22 karrera eskaintzen dira unibertsitatean, eta horietako seitan ikasi ahal izateko, bederatzi edo nota altuago bat eskatzen dute. Horrez gain, hamasei titulutan —22tik— bosteko nota gainditzea eskatzen dute. Erizaintza, Fisioterapia eta Ekonomia ikasketak izan dira 2012-2013ko ikasturtean “erakargarrienak”. Izan ere, titulu horiek guztiek ikasten dituzten ikasleen notarik baxuenak 9,1 eta 10,7 tartean daude.
Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasketekin iristen dira unibertsitatera ikasle gehienak. Hala izan da ikasturte honetan ere. Lau ikasketatan soilik gelditu dira toki libreak — Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako graduan, Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzan, Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzan eta Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzan—.
Kontuan hartu behar da gaur egun selektibitateko nota altuena hamalau dela, eta ez hamar. Bederatziko nota gainditzen dute Erizaintzan (9,1), Fisioterapian (9,2), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitzean (10,7), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako gradu bikoitzaren Nazioarteko Programan (9,3) eta Ekonomia graduko Nazioarteko Programan (9,3).
Atzerrira joateko aukera
Urtero, dozenaka ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikotik kanpo egiten dituzte ikasketak nazioarteko programei esker. Ikasturte honetan 450 toki eskaini dituzte kanpoko unibertsitateetan ikasteko. Ekonomiako karrerek dute aukera gehien, guztira 266 toki dituztelako. Horren ondoren, Irakasletzako graduak, Gizarte Laneko gradua eta Soziologia gradua daude. Asteleheneko bileraren ostean, gaur ere bilera informatiboak izanen dira ikasle interesatuentzat unibertsitatean. Eskaerak urtarrilaren 28tik otsailaren 1era bitarte egin beharko dituzte Internet bidez.
NUPek nazioarteko hitzarmenak ditu 35 unibertsitaterekin, gehienak Erasmus programakoak, baina badira beste programa batzuk ere. Virrey Palafox programarekin Latinoamerikara joateko aukera dute ikasleek. Horretaz gain, hitzarmenak dituzte AEBetara, Australiara eta Kanadara joateko. Martin de Rada programari esker, NUPeko ikasleek aukera dute Asiara joateko. 25 urte bete zituen iaz nazioarteko mugikortasun programak. 2012-2013ko ikasturteko Erasmus bekak bermatuta daude, baina arriskuan egon ziren. Hurrengo urteko laguntzekin datoz zalantzak.