Erriberako euskararen Argia

Urte berezia da 2013a Fontellasko Argia ikastolako kideentzat. Hirugarren aldiz, Nafarroa Oinez ikastolen jaia antolatzeaz arduratuko dira. Urriaren 20a izango dute egun handia, Tuteran. Taupadaz bat egin! leloa hautatu dute jai horretarako. Ia 30 urte bete ditu ikastolak, eta, hain justu, elkartasunerako deia egin dute orain arteko bidea sendotu eta aurrera jarrai dezan. Izan ere, Fontellasko ikastola da Erriberan D eredua eskaintzen duen ikastetxe bakarra. Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioaren arabera, Erriberako eskola publikoetan ezin da euskarazko ereduan ikasi, Nafarroako Gobernuarentzat “eremu ez-euskalduna” delako. Jaiaren antolaketa martxan da, eta aparteko giroa igartzen da.

Argia ikastolak ibilbide malkartsua izan du. Oraindik askok eta askok gogoan dute ikastolaren hasierako eguna. Bost ikaslerekin hasi zuten ibilbidea 1984ko azaroaren 5ean, Tuterako Beterri peñak utzitako areto batean. “Ordutik, gauzak asko aldatu dira; hobera egin dute”. Hala aitortu du Anika Lujan Argia ikastolako zuzendariak. Sentimenduz beterik hitz egiten du ikastolaz, lortu dutena lortzeko lan handia egin dutelako. Proiektuan “bete-betean” sinesten du.

Zentroak bere ibilbidea 1984an hasi zuen arren, Nafarroako Gobernuak ez zuen legeztatu 2006. urtera arte. Oso egoera berezia zen hura; besteak beste, ez zuten inolako diru laguntzarik jasotzen. Maru Eriz 2013ko Nafarroa Oinez-eko koordinatzailea Argiako irakaslea ere bada. Garai hartan zentroa alegala zen arren, legearen arabera lan egiten zutela argitu du. “Gurean ikasten zuten haurrak Atarrabiako Paz Zigandan matrikulatzen genituen; legalki han ikasten zuten, nahiz eta gero praktikan Argian aritzen ziren”, ohartarazi du Erizek.

Baina Nafarroako Gobernuak herrialdean modu alegalean zeuden ikastolak 2006an legeztatu zituenean, Tuterakoa eta Lodosakoa kasu, beste arazo bat sortu zen. Izan ere, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaini ahal izateko kiroldegi bat egin beharra zutela jakinarazi zien Hezkuntza Departamentuak. “Guk azpiegituretarako ez dugu inolako diru laguntzarik jasotzen; gurasoek jarri behar izaten dute euren poltsikotik”, azaldu du Erizek.

Horrek areagotu egin du lehendik eskolak zuen zorra. Gainera, zorte txarra ere izan dute ikastolako kideek. Lehen urtea Tuterako Beterri elkartearen egoitzan igaro ostean, El Ferial kaleko etxe batera joan ziren, ikasleak gero eta gehiago zirelako. 1990ean eraikin horretan jarraitzerik ez, eta Murchantera bidean zegoen lokal handi batera joan ziren.

Garai horretan, orube bat erosi zuten, Tuteran. Berez, ez zuen eraikitzeko baimenik, eta urte luzez lur horren kalifikazioa aldatu zain egon ziren Argia ikastolako kideak. Kalifikazioa aldatzen ez zutelako etsita eta ikastolaren norabideak behartuta, Tuterako lurra saldu, eta Fontellasen —Erriberako hiriburutik lau kilometro ingurura— erosi zuten beste orube bat. Han dago egun Argia ikastola. Herrigunetik urrun xamar, inguruan soro zabalak dituztela. Lujan ikastolako zuzendariak dioenez, Fontellasera joan eta denbora gutxira kalifikazioa aldatu zioten bi urte lehenago Tuteran saldu zuten orubeari.

Urte horietan guztietan inbertsio handia egin behar izan dute. Hala, gurasoek azpiegiturak ordaintzeko egiten duten ahalegina Nafarroa Oinez-en bitartez arintzea da asmoa. Eriz benetan eskertuta dago iragan astean boluntarioak behar zituztela jakinaraziz egin zuten deiak izandako harrerarekin. “Ikastolako gurasoak zuzenean ari dira parte hartzen jaia antolatzeko batzordeetan, bakoitzak ahal duen neurrian”, esplikatu du. Dioenez, ikastolako komunitatean oso presente dute aurtengo jomuga nagusia Nafarroa Oinez “on” bat egitea dela. Horren menpe baitago hein handi batean zentroaren geroa.Bildukoduten diruak pilatuta dauzkaten zorrak arintzen laguntzea da helburua.

Erizek zein Lujanek aurtengo Nafarroa Oinez “oso berezia” dela ohartarazi dute. “Erriberan D eredua eskaintzen duen ikastetxe bakarra da Argia; aukera hori ez da beste inon ematen”. Denera, 16 urte bitarteko 220 ikaslek ikasten ikastetxean.

Forma hartzen ari da jaia

Pixkanaka-pixkanaka, urriaren 20ko jaiaren zirriborroa marrazten hasi dira. Egun, 151 familia dira Argia ikastolako kooperatibako kide. Denak buru-belarri lanean ari dira modu batean ez bada bestean. “Martxa hartua dute”, dio Erizek. Abiapuntua azaroaren 23a izan zen. Tuteran Nafarroa Oinez urtea izango zenaren aurkezpen festa egin zuten. “Modu horretan esan nahi izan genion Euskal Herri osoari lanean hasita geundela eta gurekin elkarlanean hasteko”.

Joan den astean grabatu zuten 2013ko Nafarroa Oinez-eko kantua, Tutera Noboo aretoan. “Kantuaren lana amaituta, orain bideoa egiten hasiko gara. Ideia badaukagu, eta laster hasiko gara gauzatzen”, adierazi du Erizek. Gauzak pentsatuak dituzten bezala ateraz gero, martxorako antolatzaileek uste dute publikoki aurkezteko moduan izango direla bai abestia baita bideoa ere.

Oraindik ekitaldiak diseinatzen ari diren arren, Erizek azaldu du zenbait gauza zehaztuak dituztela. Esaterako, otsailaren 22an ikasle ohientzako bertso afaria egitekotan dira. Horrez gain, Artea Oinez erakusketa prestatzen ari dira. Urtero-urtero, Nafarroa Oinez jaiaren alde zenbait artistak euren obrak eman ohi dituzte. “Orain artean, Artea Oinez erakusketa bi tokitan egoten zen ikusgai, Iruñean eta Donostian. Baimena eskatu dugu erakusketa Donostian egin beharrean Tuteran egiteko, eta baimena eman digute”, dio pozik Erizek.

Udaberri alderako Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen saio bat egitekotan dira Argia ikastolaren alde. Horrekin batera, Nafarroa Oinez-eko arduradunek jakinarazi dutenez, gazteei begira rock kontzertu bat antolatzea gustatuko litzaieke, eta musika taldeekin harremanetan jarri dira jadanik. Datozen asteetan ekitaldi gehiago zehazten joango dira, opera emanaldi bat, Dantzari Txikien Eguna….

Egoera zenbaitetan latza izan arren, baikorrak dira Argia ikastolako kideak. 28 urteko ibilbidean erronka asko gainditzea erdietsi dute, tartean Fontellasko eraikina egitea. Nafarroa Oinez-en bitartez krisi ekonomikoaren eraginei eta babes instituzional eskasari aurre egiteko moduan izango dira elkartasuna lanabes dutela.