Nafarroako Auzitegi Nagusiak Berako Udala udaletxeko balkoian Espainiako bandera jartzera behartu du. Hartara, uztailean Iruñeko Administrazioarekiko Auzitegiak Beran Espainiako bandera jartzeko egindako ebazpena berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Berako udalak abenduaren 17an jarri zuen bandera hori udaletxeko balkoian, auzibide gehiago ekidin nahian.
Laura Albak argi utzi zuen Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izendatu zutenean Ikurren Legedia betearaziko zuela. Jakina da Nafarroako herri askotan udaletxeetako balkoietan ez dutela orain arte Espainiako banderarik jarri, Beran esaterako. Hala, legea urratzea leporatut, salaketa jarri zuten Iruñeko Administrazioarekiko Auzitegian, besteak beste Berako udalaren aurka. Uztailean, arrazoi eman zion justiziak Espainiako Nafarroako Ordezkaritzari.
Berako Udalak ebazpen horrekin ados ez eta helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusian. Baina, beste behin justiziak ez ditu ontzat jo Berako Udalak balkoian Espainiako bandera ez jartzeko emandako argudioak. Epaia irmoa da eta ez dago helegiterik aurkezteko aukerarik.
36 eskaera
Espainiako Gobernuko Nafarroako Ordezkaritzak 36 udali eskatu die “legeak eskatzen duen eran” Espainiako bandera udaletxeetako balkoietan jartzea. Ordezkaritzak azaldu duenez, udal batzuk legedia betetzeko epe barruan daude oraindik. Egoera horretan daude esaterako, Oibar, Belaskoain, Bidaurreta, Oltza, Ziriza, Etxarri, Etxauri, Ituren, Lekunberri, Orkoien, Doneztebe, Villatuerta, Igantzi, Zabaltza eta Zubieta.
Bestalde, zazpi udalek legedia betetzea erabaki dute inolako eskaera judizialik gabe. Berriobeti, Berriozar, Garlar, Irurtzun, Obanos, Atarrabia eta Ziordia daude egoera horretan. Altsasu, Arbizu, Areso, Baztan, Etxarri-Aranatz , Goizueta, Uharte Arakil, Irañeta, Lakuntza, Leitza, Olatzagutia eta Oloritzen, berriz, ez dute gobernu ordezkaritzaren eskera bete eta helegitearen erantzunaren zain daude zer egin ebazteko.