“Fronte gehiago ez irekitzen saiatu gara bandera jarrita”

Orain arte, herriko festetan bakarrik jartzen zuten ikurrina Berako Udalean. Urte osoan, ez zegoen banderarik udaletxean. Abenduaren 17ra arte izan zen hori. Espainiako bandera jartzera behartu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. “Legea urratzen ariko gara hori jartzen ez baldin badugu”, jakinarazi du Marisol Taberna Berako alkateak (Aralar). Orain, beraz, Nafarroako eta Espainiako banderak daude udaletxean. “Laster, Berako bandera jarriko dugu”, jakinarazi du.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Berako Udala Espainiako bandera jartzera behartu du. Nolakoa izan da prozesua?

Urte bat daramagu gai honekin, legegintzaldiarekin batera hasi zen. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak bandera jartzeko eskakizuna helarazi zigun. Orduan udala obretan zegoen,, eta kultur etxea egokitu behar izan genuen udaletxea han paratzeko. Argudio horrekin erantzun genion Espainiako ordezkaritzari, baina ez zuten onartu, eta auzitara eraman gintuzten. Legea bete behar dugula eta, hortaz, bandera jarri behar dugula izan zen ebazpena. Helegitea jarri genuen, eta orain jaso dugu erantzuna. Bitarte horretan ere, Nafarroako Gobernuak bandera jartzeko eskatu zigun, herriko jaietan ikurrina jarri genuelako, eta Espainiako bandera ez. Auzitara eraman gintuzten; bi auzi izan ditugu gai berarekin.

Dagoeneko jarri duzue Espainiako bandera udaletxean?

Bai, abenduaren 17an jarri genuen. Nafarroako Gobernuaren eskaera betetzeko epea amaitu zenean, Espainiako bandera jartzea erabaki genuen, beste auzi batean ez sartzeko. Orain iritsi da epaitegitik agindua, baina dagoeneko jarrita dago bandera. Bagenekien agindua etorriko zela, eta, horregatik, aurretik jarri genuen, fronte gehiago ez izaten saiatu gara bandera jarrita. Seguruenik, auzietako dirua ordaindu beharko dugu. Horretaz gain, Nafarroako Ikurren Legearekin ez dakigu zer gertatuko den. Legea betetzen ez duten udalei Nafarroako Gobernutik jaso ohi dituzten zenbait diru sail kenduko dizkiete.

Zein izan da Berako herritarren iritzia Espainiako banderaren inguruan?

Ideologia guztietako jendea bizi da Beran. Inoiz ez dugu eduki inolako banderarik udaletxean, ez herrikoa, ez ikurrina, ez eta Nafarroakoa ere. Jaietan bakarrik jartzen genituen. Nik uste dut abertzalea ez den jendeari ez diola inongo ilusiorik egin bandera jartzea. Oro har, herritarrek ez dute horrelako beharrik ikusten, eta ez zaie axola. Beste behar batzuen aitzinean ez diote hainbeste garrantzirik ematen banderei. Gainera, oraintxe, gai politikoak fase apalago batean daude.

Ez da bakarrik Berako kontua izan, Nafarroako 36 udali eskatu die Espainiako bandera udaletxeetako balkoian jartzeko.

Bai, horrela izan da. Gainera, guri bi tokitatik etorri zaigu gaia. Zergatik bi tokitatik? Batek daki zer beste interes dauden, edo mugitzen ari diren…. Nafarroako Gobernuarekin genuen auzia bertan behera gelditu zen bandera jarri genuenean. Orain, Berako udaletxean Espainiako eta Nafarroako banderak ditugu, kanpoan eta barruan. Herrikoa ez dugu oraindik, bakarra daukagulako, erraldoia da eta ezinezkoa da paratzea. Baina asmoa dugu txikitzeko eta beste banderekin jartzeko. Orain, horretan gabiltza.