Iruñerriko Langabeen Plataformak borroka astea antolatu du

Lanik ez duten pertsonen eskubideak aldarrikatzen dihardu Iruñerriko Langabeen Plataformak. Duela bi urte sortu zuten langabezian zeuden hainbat pertsonak, eta sortu zuteneko helburu berarekin jarraitzen dute lan eta lan. Heldu den asterako langabeziaren aurkako borroka astea antolatu dute, plataformaren bigarren urteurrena ospatzeko. Hitzaldiak izanen dira borroka astearen ardatza. Urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra bitarte eginen dituzte ekintzak eta mobilizazio batekin bukatuko dute.

Gauzak horrela, urtarrilaren 29an batzar berezia eginen dute Zabaldi elkartean, arratsaldeko zazpietan. ¿Después de dos años qué? izenburupean, orain arte egin duten bidea eta hemendik aurrera eginen dutena izanen dute mintzagai. Hurrengo egunean, ordu eta toki berean, krisi kapitalistaren inguruan NUPeko Begoña Perez irakasleak zuzenduko du hitzaldia —Radiografía de una crisis capitalista. Derechos vs ganacias—. Urtarrilaren 31n, Fernando Armendarizek —Bira Beste Aldera taldeko kidea— eta Henrike Galarzak —NUPeko ekonomia irakasleak— Hormiga Atomica liburu-dendan mahai ingurua eginen dute. Arratsaldeko zazpietan, Salir de la crisis o salir del capitalismo en crisis izenburupean.

Otsailaren 1ean, Arantzadi Bizirik taldeak eta Bartzelonako hiri baratzeen koordinatzaileak parte hartuko dute Zabaldin eginen duten hitzaldian. Larunbatean, otsailaren 2an, bukatuko da Iruñerriko Langabeen Plataformak antolatu duen langabeziaren aurkako borroka astea. Mobilizazioa eginen dute otsailaren 2an, Nafarroako Gobernuaren egoitzan, eguerdiko hamabietan ¡No es crisis, es capitalismo! lelopean. Horren ostean, Arrano elkartean bazkaria eginen dute, eta, ondoren dantzaldia.

“Bi urte hauetan langabezian dauden pertsonen alde lan egin dugu, krisitik ateratzeko lehentasun egoeran jarriz. Borroka finkatu behar dugu, bai lanaren alde egiteko eta baita giza eskubideak bermatzeko ere”, azaldu dute plataformako kideek.