Sanferminetako museoaren proiektua atzeratu bai baina ez duela baztertu dio UPNk

San Fermin jaien berri emango duen museo bat egitea aspaldiko nahia du UPNk. Krisiak egitasmoa kolokan jarri badu ere, Iruñeko Udaleko buruek argi utzi dute ez dutela erabat baztertu. “Orain beste gai garrantzitsuago batzuk daude, premia handiagoa dutenak”, azaldu du Obretako zinegotzi Jose Javier Lopezek. “Egoera ekonomikoa hobetzen denean egingo dugu”. 1.500 metro koadroko orube bat —garai batean suhiltzaileen parkea zegoen tokian— dute Media Lunan egitasmoa gauzatzeko, baina oraingoz han museoa altxatzeko dirurik ez dagoela eta, ordezko proiektuak aztertzen dira: “Behin-behinekoak”. Guztien artean merkeena txakurrentzako eremu bat prestatzea da, eta segur aski horren alde egingo dutela azaldu dute UPNko arduradunek. Txakur jabeentzako esparru ireki bat izango da, animaliekin bertara joateko aukera izan dezaten.

Parke bat eta aparkaleku bat egitea ere aztertu dute, baina egitasmo horiek egitea zailagoa ikusten dute udaleko buruzagiek. “Aparkaleku bat egitea garestia litzateke, eta parke bat egiteko inbertsioa ere bai; ureztatzeko sistema jarri beharko litzateke, eta gero horren mantenua ere egin”, azaldu du Lopezek. Txakurrentzako esparru bat prestateko, aldiz, hesi zenbait eta zaborrontziak jarrita aski izango dela pentsatzen dute, gastu gehiagorik gehitu gabe. Izan ere, orubea lurrez estali beharko da, baina Buztintxuri auzotik eskuratzeko asmoa dutela jakinarazi dute.

Oposizioak sarri kritikatu ditu sanferminetako museoaren inguruko gorabeherak. Izan ere, egitasmoaren aldeko urrats dezente eginak ditu UPNk, eta horietan diru asko gastatu da: ia lau miloi euro. Horregatik ez dute Iruñeko Udaleko agintariek proiektua guztiz baztertu dutenik onartu nahi. “Museoan konfiantza dugu”, esan du Lopezek.

Kartzelako orubea

Hizketarako gai izan da asteotan Iruñeko espetxe zaharreko orube hutsa ere. Irailean hasi ziren eraikina eraisten, polemika artean. Izan ere, oposizioak eraikina bota aurretik izan zitzakeen erabilera posibleak aztertzeko eskaera plazaratu zuen. Udal gobernuak ez zion jaramonik egin eskari horri, eta behin eraisteko lanak amaituta, presondegi zaharraren kokalekua orube bat da, erabiltzeko prest. Iruñeko Udaleko Egitasmo Estrategikoen Sailak erabaki du bertan ere txakurrak ibiltzeko eremu bat egingo dutela; horren alboan saskibaloian ibiltzeko kantxa bat eta lorategi bat jartzeko asmoa ere agerian utzi dute.

Udaleko agintariek onartu dute beste hainbat proiektu ere izan dituztela buruan leku horretarako. Besteak beste, kartzelako frontoi zaharra ez eraistea eta bere horretan lagatzea aztertu dute. Akaso aparkaleku bat egingo zutela ere adierazi zuten hasieran. Azkenean, egitasmorik merkeenaren aldeko hautua egin dute kasu honetan ere. Horretara, batez ere, Iruñeko Udalaren egoera ekonomiko larriak eraman ditu, gehienez ere 40.000 euro gastatu baitzitzaketen orubea txukundu eta herritarren erabilerarako osagaiekin hornitzen.