Ursule! Markule! Banu, banu, banule!

Bertzorduz Iratiko oihanian Mendibeko herritik eta Otxagabiarat zohalarik neskato bat, errekontratzen dizu hartz bat. Chuen chuena so egon balitzako hartza ahalgeturen zizun, bainan hura ikustearekin iziturik begiak lurerat aurtikitzen ditizu. Ikusirik haren estitasuna hartza arimatzen ziakozu eta bizkarrian ezartzen dizu eta eremaiten zilo batera. Hara direnean hartzak senditzen dizu uricha zuela eta ume bat egiten dizie. Emia izan baliz menturaz hartzak ez zizun sofrituren neskatoa, nola gertatu izan baitzen arra konxerbatu zizun”.

Cerquand idazle frantziarrak 1885ean, Pauen irakasle zela, bere Zuberoa eta Nafarroa Behereko ikasleengandik ikasitako kondairetako bat dugu L’ourson (Hartz-kumea).

Ez da hori gure herri-literaturan dugun hartzaren inguruko kondaira bakarra: 1923an, Lapurdiko Sara herrian ere Hartz-kumearen ichtorioa bildu zen, antzeko gaia duena, non gizonezkoari “…andria eraman zion hartzak; sartu zuen leze batian. Eman zuen atekatzat ehun kintaleko harri bat. Emazte gaicho hura haur egin beharra gertatu zen. Sortu zen seme bat”. Eta 1935ean, Bizkaian “…mendian, amak bularrik ezeukalako, artz batek ezi eieban Juan” edo “…artzak eruan da eukan neskatxi bat seme bat izan eban. Artz orrek arri andi bategaz zerratuta kueba ortan eukiten zituen”.

Pertsonaia miretsia bezain madarikatua izan da hartza, zeinak toki zabala daukan gure herri-literaturan. Euskal Herriko mendebaldetik ekialdera, sustrai errotuetako kondaira askoren ardatz bihurtu zen bazter haietako bizilagun ezaguna. Urteen poderioz, ordea, gizakiaren indarkeriaren bidegabekeria eternalez, desagertu egin da gure oihan eta basoetatik.

Antxon Gomezek bere Abere madarikatuak liburuan datuok ematen ditu: Durango aldean, XIX. mendearen bukaeran, bigarren eta hirugarren gerla karlisten arteko urte nahasietan, baserritar batek eskopetaz akabatu zuen hartz bat bi ardi jan zizkiolako. 1954an 70 hartz bizi ziren Pirinioetan. Handik bost urtera santagraztarrek Zuberoako azken hartza akabatu zuten. 1968an Izabako ehiztariek hartz bat hil zuten, haien esanen arabera, basurde batekin nahasirik. Hiru urteren buruan, tiroz botatako hartz baten burezurra aurkitu zuten San Martinen harritik gertu. Hilabete gutxiko hartz-kumea zen, Euskal Herrian jaiotako azkena. Camille, Nafarroako azken hartza, 2010ean hil zen.

Txomin Peillenen aitak Baionako Boletinean Artzañen jakitia idatzi zuen artzainek artaldeak hartzengandik babestu ahal izateko hartu beharreko lan nekezen artean Hartz orazionea misteriotsua xuxurlatzea zegoela.

Dena den, denek ez zuten hartza etsaitzat. Santa Grazin esaten omen zuten: “Lehenagoko üskaldün zaharrek erraiten zizien gizona hartzetik jiten zela. Hartza dena gizuna düzü”. Seguran Hartzaren Esnaera ospatzen dute, neguan pasatako estutasunen ondoren, udaberriaren mezularia zelako hartza.

Joan zen urteko ekainean Erronkarira hurbildu ziren Nere eta bere seme Cannelito. Biak arrak izanik, Life proiektuaren bidez eme bat ekartzeko eskaera egin zen.

Aurtengo urtarrilaren 10ean, NaBaik eztabaida serio bat eskatu du Pirinioetako hartzaz; Nafarroa Life proiektutik kanpo geratu dela salatu du taldeak Nafarroako Gobernuak egindako akats batzuk direla medio. Parlamentuan mozio bat aurkeztuz hartzaren berreskuratzearen aldeko konpromisoa berresteko eskatu du. Hala ere, Life proiektuarekin edo gabe, erakunde publikoak hartzaren alde lan egitera beharturik daude, Europak babestutako espeziea baita.

Bitartean, ihote garaian gaudenez, goza dezagun gizakiok guk geuk desagerrarazi dugun hartzaren presentziaz Ituren eta Zubietan, Donibane Lohizune eta Ziburun, Uztaritzen eta… Arizkunen! Eta entzun dezagun Aurizko hartzaren oihua:

“Ursule! Markule! Banu, banu, banule!”