Epaile gogorrarena

Epaileak onartu du, CAN auzia dela eta, Miguel Sanzen eta Enrique Goñiren kontrako salaketa. Yolanda Barcinak konfiantza osoa du beraren kontra ere ezarri den salaketa irabaziko duela. Batek daki, irudikatu ohi denez, Justizia itsua izan beharrean, gorra baldin bada. Garai bateko zuzenbide tratatuetan espresuki debekatuta zegoen epailea gorra izatea (iudex surdus esse non potest), adingabea edo eroa ere ezin zen bezala. Hau bitxia da, gorraren beste adiera bat gupidagabea edo errukigogorra delako.

Haurtzaroan gehien inpresionatu ninduten eszenetako bat, berrirakurri ez arren oraindik gogoan izateraino, honekin lotuta dago. Victor Hugoren Notre-Dame de Paris nobelako pasarte bat da. Quasimodo konkorduna, begibakarra, itxuragabea eta gorra epaitu behar dute eta egokitu zaion epailea ere gorra da, ezindura ezkutatzea lortu badu ere, izan ere, txostena gainbegiratuta, itxurari erreparatuta, erraza baita juzgatzea, edo aurrejuzgatzea. Baina bai epaitua, bai epailea gorrak direnean sortzen den nahastea ezin da aurreikusi. Elkarrizketa eroak eragindako barre algarak epaileak akusatuaren erantzun begirunerik gabeei egozten dizkie. Lehengo karguei autoritateari men ez egitea gehitzen die, kondena biderkatuta. Laguntzaile batek, bidegabekeriaz ohartuta, Quasimodo gorra dela, eta ez errespetu gutxikoa, epaileari kontuan hartzeko belarrira esaten dionean, epaileak, entzungabe, gehitu du: "Ez nuen hori aintzakotzat, zigorra handitu beharko zaio".

Gerora jakin dut Victor Hugok Kristo ondorengo lehen mendeko Nikarko poeta greziarrak sortutako epigrama, ia txistea dena, edo bere bertsio anitzetako bat izanen zuela inspirazio iturri. Esaterako, Tomas Morok In iudicium ridiculum izenpean itzuli zuen. Inor gutxik daki Utopia-ren egileak epigramak ere idatzi zituela, batzuk salaketa sozialak eta guzti, agintariekin batere atsegin gabeak. Haietako batean, esaterako, nekazari bat erregeaz trufatzen da. "Hori da erregea, ez egidazu irri, mozorrotutako gizon bat ematen du". Beste batean hala dio: "Gortesau bat zalditik jaitsi eta hor zebilen bati zera esan zion: Aizak, eutsi zaldiari. Hor zebilenak, izuak harturik, esan zion: Jauna, esadazu, nahikoa da gizon bakar bat zaldi basati bati eusteko? Gortesauak baietz erantzun. Hor zebilenak esan zion: Gizon bakar batek egin ahal badu, orduan eutsi iezaiozu zuk zeuk".

CAN auzian inputatukoei desira diet dagokien epailea gorra ez izatea (hitzaren zentzu batean bai, bestean ez), beraiek gizarteak esaten zienarekiko gorrak izaten erakutsi baitute.