Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko festa nazionalak bi eguneko egitaraua izanen du aurten, 28. ekitaldian, Iruñean. Txantrea auzoko Bernart Etxepare ikastetxe publikoko kideak ari dira prestatzen. Zentroa Axular eta Arturo Campion ikastetxeen batze prozesutik sortu zen duela bi urte, eta 500 haur inguru daude ikastetxean. Jaia antolatzeko zereginean, gogoz eta ilusioz ari da Josu Santesteban ikastetxeko guraso elkarteko kidea eta eskolan ikasten ari diren bi haurren aita. Maiatzaren 18an eta 19an eginen dute festa eta guztia behar bezala antolatzen mauka bete lan du.
Sortzen-Ikasbatuaz-en aurten, estreinakoz, bi eguneko jaia izanen duzue. Erronka handia , ezta?
Bai. Bi eguneko jaia egitera ausartu gara ikusten genuelako igandeko egun bakarreko festan gauza asko zeudela eta nahiko pilatuta. Hori arindu nahi izan dugu. Horregatik, lehen egunean jaia Txantrean bertan izanen da, eta bigarren egunean, berriz, Iruñeko Takonera parkean eginen da, betiko moduan.
Nola doaz prestakuntza lanak?
Iazko uda aurretik hasi ginen eta ari gara lanean. Planteamendu guztia egina dago, eta orain beste lan batzuetan ari gara: jendeari laguntza eskatzen txandak betetzeko edota azpiegitura prestatzen, besteak beste.
Aurreko ikasturteko festa antolatu zutenen laguntza ere izanen duzue, ezta?
Orain dela bi urte Sortzen-ekoek lagun bat jarri zuten festa antolatzen. Pertsona horrek laguntzen dio dagokion ikastetxeari; festaren azpiegituraz arduratzen ari da. Guri, ikastetxeari, gainontzeko lana egitea dagokigu: komunikazioa, egitaraua… Bileretan Sortzen-Ikasbatuaz eta ikastetxea gaude, eta beharrak mahai gainean jarri ahala erabakitzen dugu zer egin batzuek eta besteek.
Sortzen-Ikasbatuak-ek egiten duen lanaren erakusleiho ere izan nahi du festak?
Bai. Sortzen, plangintza guztia aldatu nahian, barne eztabaida batean murgildurik dago gaur egun. Oraindik ez dute kaleratu hortik aterako dena, eta horregatik ezin dugu askorik azaldu. Igandean eginen den festan ikusiko dira eztabaida horren emaitzak. Egungo euskal eskola publikoaren isla izanen da, nolabait.
Jaia dagoeneko kalean dago…
Bai, joan den astean aurkeztu genituen festako bideoa eta abestia. Abestia urritik egina zegoen, baina bideoa egina izan arte itxaron nahi izan genuen.
Nork egin du lan hori?
Abestiaren hitzak bertsolaritza tailerrean aritzen diren ikastetxeko 6. mailako ikasleek egin dituzte. Musikaren doinua, berriz, Holy Paskualenak eta Iker Huitzik egin dute, The Modern Quarter taldeko kideek. Bideoaren grabazioa, berriz, nik neuk eta Iñaki Alforjak egin dugu.