Ez dago Londres bakarra. Hamaika Londres daudela argi du Xabier Maeztuk (Iruñea, 1983). “Ni Londres batean bizitzen ari naiz, baina beste batek beste Londres bat ezagutuko du”. Bi urte beteko ditu Londresen Maeztuk hil honetan. Etxetik ateratzeko eta mundua ezagutzeko joan zen, abentura bila. “Hiri handi batean bizitzeko gogoa nuen, baita ingelesa ikastekoa ere”. Ongi joan zaio bi urte hauetan. Lana topatu eta ingelesa hobetu du. Bi hilabetera informatika enpresa batean lanean hasi zen, eta han jarraitzen du.
Hackneyn auzoan bizi da Maeztu. Londresko bigarren gunean dago —sei ditu, denera—. Gustura bizi da han. “Ez dago erdialdean, baina bizikletaz ordu erdian iristen naiz”. Karibeko eta Turkiako komunitate handiak ditu auzokide. Merkeagoa da, gainera, zentroan ez bizitzea. “Han pentsaezina da logela bat alokatzea; 600 euro gutxienez balio dute”. Alokairu sozialeko pisuak zeuden orain dela urte batzuk, baina gobernuak kendu egin ditu gehienak. Dudarik gabe, hiri garestia dela dio Maeztuk, baina, ongi begiratuz gero, gauza merkeak aurkitzen ditu berak. “Asteburuetan auzo guztietan merkatuak daude, eta horietara joan ohi naiz, askoz merkeagoak direlako”.
Topikoak dio Londresen edozein hizkuntza entzuten dela, ingelesa izan ezik. “Herrialde guztietako jendea bizi da hemen; horregatik, edozein hizkuntza entzuten da”. II. Mundu Gerra ondoren heldu ziren, batez ere, etorkinak Londresera, eta 1960ko hamarkadan areagotu zen. Hiri kosmopolita eta garaikidea da. “Multikulturalitateak berezia egiten du hiria; ghetto txikiz osatuta dago; indiarrak batetik, txinatarrak bestetik, euskaldunak han eta hemen… Komunitateak oso sakabanaturik daude”.
Hain hiri handia izanik —zortzi milioi biztanle ditu—, kultur eskaintza handia dago. Egunero, denetarik egiteko aukera dago: kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak…. “Beti dugu planen bat”. Kaleko arteak, street art-ak, “izugarrizko” garrantzia hartu du; “nonahi margotzen dituzte hiriko paretak”.
El Diagonal egunkarian kolaboratzen du Maeztuk. Londresko Ocuppy mugimenduaren inguruan idatzi du, behin baino gehiagotan. Izan ere, gertutik jarraitu du mugimendu horren bilakaera. 2011ko udan istilu handiak egon ziren Ingalaterrako hiriburuan. Herritarrak haserre batean atera ziren kalera, poliziak ustez hango gazte bat erail eta gero. Gizartean dauden ezberdintasunak jo zituzten liskarren sorburutzat. Udazkenean, Ocuppy mugimendua sortu zuten. Eraikinak okupatu zituzten, besteak beste. “Hor hartu zuen mugimenduak indar handiena, eta herria matxinatu egin zen; orain, jarraitzen badu ere, ez da lehen bezalakoa”.
Gizarte mugimenduek Londresen garrantzi handirik ez dutela jakinarazi du. “Krisiak oraindik ez du indarrez jo, eta, horregatik, hemengo herritarrak ez dira asko mugitzen; gainera, gizartea oso klasista da”. Baina gizartea “nahiko geldirik” dagoen arren, arazoak dituzte. David Cameronen gobernuak murrizketak gogor ezarri ditu, bai hezkuntzan eta baita osasunean ere. “Gazteriaren langabezia tasa oso larria da, %20, tasa orokorraren bikoitza”.
Hirira iritsi zenean neska bat bakarrik ezagutzen zuen. “Ez gehiegi, gainera”, aitortu du. Hala ere, berehala aurkitu zuen pisua, eta bi hilabetera lana. Iruñean programatzaile gisa lan egiten zuen, eta Londresen ogibide berean aurkitu du lana. Web orriak programatzen ditu.
Londresen jendea ezagutzea oso erraza dela dio Maeztuk; ez, ordea, lagunak egitea. “Ez da Iruñean bezala, kalera atera eta ezagunak ikusten ditudala; hiria bakartia da”. Bakoitza bere kabuz joaten da, eta, askotan jende berria ezagutu arren, zaila da harremanari eustea. “Hona aldi baterako etortzen dira gehienak, ingelesa ikastera, batez ere. Horregatik, lagunak ezagutzen eta, aldi berean, agurtzen ditugu. Inoiz ez dut lagun talde finkorik”.
Maeztuk itzultzeko asmoa du, ez daki noiz, baina Nafarroara itzuliko da. Herrimina du. “Beti buruan dagoen zerbait da; bizimodu erosoa dut hemen, baina askotan deskonektatuta sentitzen naiz nire herrialdean zer gertatzen ari den ez jakinda. Orain Internetekin errazagoa da, baina ez da berdina. Hemen egon arren, burua askotan han dut”.
Bizikleta erabiltzen du Maeztuk leku batetik bestera joateko. “Garraio azkarrena da mugitzeko, dudarik gabe”. Metroa zaharra eta munduko garestiena dela dio, “beti jendez beteta”, eta, ahal duenean, ez du erabiltzen. Behin gidatu zuen autoa Londresen, eskuinetik, eta ongi moldatu zen. “Elebiduna izatea bezalakoa da, alde batetik baldin badakizu, beste aldetik berdina da”.
Ezaguna da Londresko eguraldia, hiri grisaren irudia du mundu osoan. Baina Iruñeko eguraldiarekin alderatuta hainbesterako ez dela dio Maeztuk. Lainoa egotea oso ohikoa da, baina ez du askotan euririk egiten. Neguan oso goiz iluntzen duela, horrexetara ohitzen kosatzen zaio gehien Maezturi. “Orain, arratsaldeko lau eta erdietan iluntzen du; nahiko tristea da; bostetan lanetik ateratzen naiz, eta badirudi gaua dela!”.